Europako Batasuna

Europako Batzordeak aurkeztu ditu deskarbonizazioa bizkortzeko neurriak

Karbono isuriak 2030. urterako %55 murrizteko helburuak aldaketa handiak dakartza ekonomiarentzat eta herritarrentzat. Ekonomiaren zati handiagoak ordainduko du CO2 isuriengatik; 2035etik aurrera ez da salduko errekuntza autorik; eta zergak handituko dira erregaientzat.

Ursula Von de Leyen, gaur, neurriak aurkezten. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 14a
16:42
Entzun

Ursula Von de Leyenen batzordeak gaur aurkeztu du Europako Batasuneko ekonomiaren eta politikaren datozen urteak erabat baldintzatuko dituen lege sortaren proposamena, Itun Berdearen eta emisioen %55eko murrizketarako bide orria. Lege sorta zabala da, neurri eta kopuru handinahiekin, deskarbonizazioa bizkortzeko xedea duena.

Proposatutako neurrien artean, eragin handienetakoa emisio eskubideen ereduaren zabaltzeak izango du, eta batez ere autoentzat eta etxeetako berokuntzarentzat eratuko den aparteko eskemak, prezioa jarriko dielako isuri horiei, gaur egun energia sektoreak eta industriako instalazio kutsatzaileenak hartzen dituenaren ildo beretik.

Ez da zuzenean izango, autoetarako eta berogailuetarako erabiltzen diren erregai fosilei ezarriko zaielako karbono eskubideak ordaintzeko agindua, hornitzaileei. Eta hori azpimarratu du Frans Timmermansek batzordeko Klima lehendakari ordeak. Baina, ez dago zalantzarik, herritarrek euren sakeletan igarriko diote kutsatzea ordaintzen hasten direnean.

Komisario alemaniarraren arabera, eskubideen ezarpena oso kontrolatua izango da, eta mekanismo bat izango du batzordeak, eskubideak nahi baino gehiago garestitzen badira, neurriak hartu ahal izateko.

Baina erregai fosilak garestituko direla argi dago. Emisio eskubide eskema horiei gehituko zaie, proposamenak aurrera egiten badu, zerga kenkarien eta subsidioen desagerpena erregai fosilentzat, hots, dieselarentzat, gasolinarentzat... Eta zerga berriak ezarriko direla, adibidez, hegazkinetarako kerosenoarentzat.

Horrez gain, Batzordeak nahi du Batasunean 2035. urtetik aurrera errekuntzako autorik ez saltzea. Azken ordura arte egon dira eztabaidatzen errekuntzako ibilgailuen erretirorako epea, izan ere automobilgintza industriak eta zenbait herrialdek (Frantziak, adibidez) denbora gehiago nahi zuten, 2040. urtera arte. Baina batzordeak 2035. urtea hautatu du, eta hori izango abiapuntua negoziazioentzat.

Nekazaritza, basogintza, itsas garraioa... Sektore asko ukitzen ditu proposatutako neurri sortak, industria batzuek eta herrialde batzuek ahalegin handia egin beharko dute, eta denak ez daude egongo ados proposamenarekin. Negoziazioak gogorrak izango dira datozen hilabeteetan. Herrialdeek zeresana izango dute, eta hor espero da ekialdekoek presio handia egingo dutela. Eta Europako Parlamentuan ere negoziazio luzeak espero dira.

Dena den, Timmermansek berak azaldu duen moduan, isurien %55eko murrizketa helburua Europako Klima Legean ezarrita dago jada, bete beharrekoa da, eta beraz, batzordearen proposamenarekin ados ez daudenek alternatiba aurkeztu beharko dute, helburua lortzeko.

Dena den, kezka handiena herritarren erantzunarekin dago. Timmermansek ere aitortu du: «Jendeari gehien inporta zaiona honekin justizia da. Eta batzordearen ardura da demostratzea trantsizioa elkartasunez eta justiziarekin egingo dela. Hor frogatzea lortzen badugu, uste dut kontrako erresistentzia txikia izango dela; eta ez badugu lortzen, kontrakotasuna itzela izango da».

Klimaren Gizarte Funtsa

Karbono isuriei prezioa jartzearen ondorio erregresiboak konpentsatzeko Europako Batzordeak funts bat eratu du nahi du, Klimaren Gizarte Funtsa, autoentzako eta berokuntzako emisio eskubideen eskematik bildutako diruaren %25arekin hornitua.

Diru hori urtero herrialdeen artean banatuko litzateke, Next Generation funtsen antzeko prozedurarekin, eta pobrezia energetikoa murrizteko helburuarekin: Herrialde bakoitzak plan bat aurkeztu behar du mugarri jakin batzuek iristeko, gero Batzordeak onartzeko, eta mugarriak betetzen diren monitorizatzeko. Mugarri horiek iristea derrigorrezko litzateke herrialdeentzat diru hori jasotzeko.

Batzordearen arabera, zazpi urteko tartean 72.200 milioi euro joango dira eraikuntzen berrikuntzara, emisiorik gabeko mugikortasunerako sarbidea (ibilgailu elektrikoetarako) sarbidea erraztera, eta baita herritar ahulenen diru sarrerak handitzera. 2025. urtearen erdialdera hasiko lirateke banatzen laguntza horiek, emisio eskubideek prezioetan eragina izan baino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.