Norvegiako hondartza-eskubaloi selekzioak uko egin dio bikinia erabiltzeari

Mehatxuak jaso dituzte hartutako erabakiaren ondorioz, baina txapelketako hirugarren eta laugarren postua galtzamotzetan jokatu dute.

Norvegiako hondartza eskubaloi selekzioa.
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 19a
18:12
Entzun

Varnan (Bulgaria) jokatu da hondartza eskubaloiko Europako Txapelketa, eta Norvegiako emakumezkoen selekzioak zeresana eman du sare sozialetan. Izan ere, norvegiarrek aurre egin diote emakumeak bikiniarekin lehiatzera behartzen dituen araudiari.

Araudi horren arabera, derrigorrezkoa da bikinia erabiltzea. Kamisetek jokalarien sabela «agerian» utzi behar dute, eta bikiniaren beheko zatia eraman behar dute, «goranzko angeluan» moztuta. Bikiniaren alde zabalenak, gainera, «gehienez hamar zentimetrokoa izan behar du». Finalerdietara arte bikiniarekin jokatu zuen taldeak, baina, hori galdu ondoren, hirugarren eta laugarren postua galtzamotzetan jokatzea erabaki zuen.

Norvegiako jokalariek galtzamotzetan jokatzeko asmoa plazaratu zuten. Katinka Haltvik kapitainak Norvegiako Dagbladet egunkariari azaldu zionez, jakinarazi zieten horrela jokatuz gero «jokalari bakoitzak 50 euroko isuna jasoko zuela»: hau da, guztira 5.000 euroko isuna. Norvegiako federazioak esan zuen isunak ordainduko zituela, baina txapelketako antolatzaileek erantzun zuten «partida bakoitzean kopuruak gora egin zezakeela», eta «zehaztu gabeko beste zigor batzuekin mehatxatu» zituzten. Europako Txapelketako lehen partida hasi baino lehen, «deskalifikatuak izango ginela esan ziguten, eta bikiniarekin jokatzera behartu gintuzten», azaldu zuen Haltvik.

Kåre Geir Lio Norvegiako federazioko presidentearen arabera, EHF Europako Eskubaloi Federazioaren erreakzioa «lotsagarria eta etsigarria» da. Presidenteak baieztatu zuenez, Norvegiako taldea «isunekin eta deskalifikazioarekin mehatxatu» zuten bikinia erabiltzen ez bazuten.

Dagbladet egunkariaren arabera, Norvegia, Danimarka, Frantzia eta Suediako federazioek Europako Eskubaloi Federazioari janzkera arauak aldatzeko eskatzeko asmoa dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.