Olinpiar Jokoak

BERRIA Tokion izango da

Olinpiar Jokoen berri luze eta zabal emango du egunkariak, formatu ugaritan. Japonian dira Ainara Arratibel eta Jakes Goikoetxea berriemaile bereziak. BERRIAk Seigarren uztaia telebista saioa egingo du egunero.

'Seigarren uztaia' telebista saioa. BERRIA
urtzi urkizu
2021eko uztailaren 20a
13:26
Entzun

Ostiralean egingo dute Tokion Olinpiar Jokoen hasiera ekitaldia. Euskal Herriko 30 kirolari lehiatuko dira, eta BERRIAk xehe-xehe emango du kirolari horien parte hartzearen berri, baita Olinpiar Jokoetan gertatzen den guztiaren berri ere. Tokion dira jada Jakes Goikoetxea eta Ainara Arratibel Gascon BERRIAko kazetariak, eta Olinpiar Jokoen jarraipena egingo dute egunotan: paperean zein webgunean irakurri ahalko dira haien artikuluak, bizipenak, erreportajeak eta elkarrizketak. Zazpigarren aldiz jarraian, BERRIAk bertatik bertara egingo du kirol lehiaketaren kontakizuna (1996ko Atlantako Jokoetatik hala egin du).

Euskal Herrian, kazetari talde bat ere arituko da Olinpiar Jokoen inguruko informazioa lantzen: izan ere, BERRIAk egunero gehigarri berezi bat argitaratuko du papereko edizioan. Ostegunean hasiko da egunkaria gehigarri hori argitaratzen. Olinpiar Jokoen informazio zorrotza eta zehatza eskainiko du egunkariak datozen egunetan, abuztuaren 10era arte. Egun horretan argitaratuko da azkeneko gehigarria.

BERRIAren webgunean, Olinpiar Jokoen informazioarekin gune berezi bat egongo da. Han aurkituko ditu hartzaileak euskal kirolarien inguruko fitxak, egutegiak, papererako idatzitako artikulu eta analisi guztiak eta unean-unean gertatzen diren albisteak.

Webgunean eta sare sozialetan zabalduko du BERRIAk, bestalde, Seigarren uztaia telebista saioa —baita saioaren atal guztiak ere—. Telebista saio horrek (aurreko Olinpiar Jokoetan ere egin zuen egunkariak) atal hauek izango ditu: eguneko laburpena; Bideo postala eta Eraztun morea; eguneko elkarrizketa edo erreportajea; eta hurrengo egunetarako agenda. Egunero, igandeetan izan ezik, 15:00etan sareratuko dute telebista saioaren atal berri bakoitza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.