Albistea entzun

Lan gatazkak

Tubacexeko kaleratuak lanera itzuli ahalko dira, baina auzia ez da amaitu

Enpresak berriz onartuko ditu beharginak, epaileek eskatu bezala. Auzitegi Gorenean helegiterik ez jartzeko eskatu diote sindikatuek. Eusko Jaurlaritzaren bitartez jaso dute enpresaren eskaintza. Langile batzordeak greba mugagabearekin jarraitzea erabaki zuen atzo.

Tubacexeko langileen protesta bat, EAEko Auzitgei Nagusiaren aurrean
Tubacexeko langileen protesta bat, EAEko Auzitgei Nagusiaren aurrean Aritz Loiola (Foku) Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2021eko uztailak 20 18:12

Xake partida baten antza du Tubacexeko lan gatazkak. Langileek greba mugagabearekin aurrera jarraituko zutela erabaki eta hurrengo egunean, enpresak fitxa mugitu du: jakinarazi du atzera egin eta kaleratutako langile guztiei (129) lanera itzultzeko aukera emango diela, EAEko Auzitegi Nagusiak bere epaietan eskatu dion moduan. Itzulera mailakatua izango da, uztailaren 26tik azaroaren 30era bitartean, eta behargin horiek, gainerakoekin batera, irailetik aurrera enpresak abian jarri asmo duen enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientearen barruan sartuko lirateke. Badago, baina, argitu gabeko puntu bat: enpresak auzibidearekin jarraituko ote duen ala ez. Sindikatuentzat ezinbestekoa da hori azaltzea. Langile batzordeak astearte honetan jaso du zuzendaritzaren proposamena, Eusko Jaurlaritzako Industria Sailaren bidez, hark deitutako premiazko bilera batean.

Auzia amaitu ez den arren, negoziazioen bidean mugarri bat ezarri du eskaintzak. Bilboko epaitegiak kaleratzeak baliogabetzat jo zituenetik fase berri batean sartu zen gatazka. Zuzendaritzak erabaki zuen soldatak ordaindu bai, baina langile horiek ez zirela lanpostuetara itzuliko, auzibidea amaitu arte behintzat. Legez hori egin zezakeen, baina, langileek grebari eutsiko ziotela erabaki ostean, enpresak bere estrategia aldatzea erabaki du.

Bi aldeentzat eutsiezina izaten ari da egoera: beharginentzat, 160 egun egin dituztelako greban, hileko soldata jaso gabe, eta hori beste hainbat hilabetez luzatzeak nekea eta pitzadurak sor ditzakeelako orain arte oso batuta egon den talde batean. Eta enpresarentzat: zuzendaritzak esana du orain arteko lanuzteek galera handiak eragin dizkiola eta litekeena dela hala jarraitzeak kolokan jartzea Laudioko eta Amurrioko lantegien bideragarritasuna. Auzibidea amaitzeko urtebete inguru beharko litzateke. Horregatik ere bada garrantzitsua helegiteari buruzko puntua argitzea.

Enpresaren proposamena eskaintza bat baino ez da oraindik, sindikatuek ohartarazi dutenez. Langileen batzordeak datozen egunetan erantzungo du. Piketeetan dauden beharginek poza adierazi dute, baina zuhur mintzatu dira. Azpimarratu dute zuzendaritzarekiko mesfidantza handia dela eta eskaintza ongi aztertu behar dutela.

Helegitearen itzala

Langileen batzordeak hainbatean esan du ez diola atea ixten grebaren amaiera negoziatzeari, baina EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzitakoa «bere osotasunean» betetzea eskatzen dio enpresari. Uste du kaleratutako langile guztiak berriz onartzeaz gain igarotako hilabeteetako soldatak ordaindu behar dizkietela, baita beste langileek greban emandako egunenak ere.

Era berean, instituzio publikoak negoziazio prozesuan inplikatzeko eskatu dute, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritza. Izan ere, badago tentuz aztertu nahi duten puntu bat: helegitearena. LABentzat «funtsezko baldintza» da zuzendaritzak Espainiako Auzitegi Gorenean iragarritako errekurtsoa kentzea. Ohar batean azpimarratu duenez, bere eskaintzak ez du argitzen hara joko ez duenik, eta, beraz, «osatu gabea» da. Jaurlaritzari eskatu dio, astearte honetan jakinarazitako proposamenarekin egin duen bezala, «bitartekaritza» egin dezala enpresak helegitea behin betiko ken dezan.

Lehen epaien ostean, enpresak ez luke erraza izango Madrilen bere aldeko epai bat lortzea. Bi epaiketa izan ziren Bilbon. Batzuen eta besteen txostenak irakurrita, bi epaimahaiak ondorio berberetara iritsi ziren: batetik, Tubacexen krisia behin-behinekoa dela, eta, bestetik, ez zuela lan erregulazioa edo kaleratzeak egiteko arrazoirik.

Komunikabideetara bidalitako ohar batean, LABek irakurketa baikorra egin du orain arte egindako bideari buruz, eta adierazi du enpresaren proposamena horren emaitza dela. Dena den, lanean segitu beharko dutela ohartarazi du: «Mobilizazioekin eta langileen greba mugagabearekin jarraitzeko apustu argiak ahalbidetu du garaipen hau, eta horrek erakutsi du borroka dela bide bakarra lanpostuak eta lan baldintza duinak defendatzeko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskaltelen egoitza nagusia, Derion. ©Luis Tejido / Efe

Bezeroak irabazten dituela eta dirua galtzen duela sartuko da Euskaltel Masmovilen

Iker Aranburu

Kablea ordezkatzeak 5,5 milioi euroren galerak ekarri dizkio urteko lehen erdian Euskalteli. Ostiralean amaituko da Masmovilen eskaintza onartzeko epea.

Lanbideren bulego bat ©Raul Bogajo (Foku)

ELAk salatu du DSBEaren aurreproiektuak murrizketak ezartzen dituela

Jokin Sagarzazu

Sindikatuak dio onuradunek jaso beharko luketena baino 200-300 euro gutxiago jasoko dutela.

 ©Aritz Loiola / Foku
Tubacexeko langileak, Laudioko lantegiaren aurrean ©Aritz Loiola (Foku)

Tubacexek 23,3 milioi euroren galerak izan ditu lehen seihilekoan

Jokin Sagarzazu

Taldearen berregituraketa «amaitutzat» eman du konpainiak, Laudioko eta Amurrioko lantegietan izan ezik. Urtearen bigarren zatian «emaitzak pixkanaka hobetzea» espero du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna