Milwaukee 105-98 Phoenix

Milwaukee Bucks NBAko txapeldun

Giannis Antetokoumporen norgehiagoka gogoangarri bati esker —50 puntu eta 14 errebote— bere historiako bigarren eraztuna lortu du Milwaukeek, lehenengoa lortu eta 50 urtera. Greziarrak jaso du finaletako jokalari onenaren saria.

Buckseko jokalariak, bart, NBAko eraztunarekin, Milwaukeen (Wisconsin, AEB). @BUCKS
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 21a
07:57
Entzun

Giannis Antetokoumpo da NBAk gaur egun duen izarrik handiena. Greziako jokalariak urteak daramatza hori erakusten (bi aldiz izan da denboraldiko jokalaririk onena), baina garaikurrik garrantzitsuena falta zitzaion: NBAko eraztuna. Gaur goizaldean lortu du, draft-ean hautatu zuen talde berarekin, Milwaukee Bucksekin, eta finaletako MVPa jasota.

Hala, Wisconsingo taldeak bere historiako bigarren txapelketa lortu du, lehenengoa lortu eta 50 urtera. Hura 1971n izan zen, besteak beste, Kareem Abdul-Jabbar eta Oscar Robertson taldean zituztela.

Seriea amaitzeko lehen aukera zuen bart Bucksek, etxean, Fiserv Forum pabilioi bete betearekin. Antetokoumporen taldeak ez zituen finalak nahi bezala hasi, lehen bi neurketak galdu baitzituen, baina balentria bikaina lortu du gero: azken lau neurketak jarraian irabazi ditu. Historian hori lortzen duen bosgarren taldea da. Bart, 3-2 zihoazen Phoenix Sunsen aurretik, eta ez zieten aurkariei zazpigarren neurketa jokatzeko aukerarik eman.

Izarren beharra

Lehiatua izan da azken neurketa. Hasieratik nabaritu da kantxan neurketaren garrantzia, eta nahi baino akats gehiago eginez ekin diote lehiari bi taldeek. Lehen zatian, hamazazpi hirukotatik hiru soilik sartu dituzte etxekoek, baina Devin Booker Arizonakoen izarra ere ez da fin ibili (lau puntu lehen zatian), eta horrek berdindu du balantza.

Hirugarren laurdenaren amaieran, 77na berdinduta zeuden. Azkenekoan, ordea, lider baten falta sumatu du Sunsek: serieko neurketarik txarrena gaur jokatu du Bookerrek (19 puntu, 22tik zortzi jaurtiketa sartuta). Horiek hala, 36 urterekin bere lehen finalak jokatu dituen Chris Paul izan da kanpokoen erreferentzia nagusia, 26 puntu sartuta.

Azkenean, Khris Middletonen saskiratze batek jarri du 102-96koa markagailuan, eta erabakita utzi du kanporaketa. Amaitu da Milwaukeeren lehortea; hasi da Antetokoumporen garaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.