Olinpiar Jokoak

Brisbanen egingo dituzte 2032ko Olinpiar Jokoak

Olinpiar Jokoak antolatzen dituen Australiako hirugarren hiria izango da. Aurten bezala, uztailaren 23tik aurrera egingo dira.

Uztai olinpikoen eskultura bat. SERGEI ILNITSKY, EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko uztailaren 21a
12:31
Entzun

2032ko udako Olinpiar Jokoak Brisbanen (Australia) egingo direla erabaki dute gaur, Tokion egin den Nazioarteko Olinpiar Batzordeko bozketan. Brisbane Olinpiar Jokoak antolatzen dituen Australiako hirugarren hiria izango da: aurretik Melbournen egin ziren, 1956an, eta Sydneyn 2000. urtean.

Hautagaien arteko lehiaketa irekirik egiten ez den lehenengo aldia da. Orain, NOBk modu «diskretuan eta zuzenean» negoziatzen du interesa duten hiriekin «elkarrizketa fase» batean, eta izen bat proposatzen du. Nazioarteko Olinpiar Batzordeak adierazi duenez, uste du «mugimendu olinpikoa ziur» egoteko «ahalik eta proiekturik onena» duela mahai gainean. Scott Morrison Australiako lehen ministroak baieztatu du «Joko osasuntsu eta seguruak» izango direla.

Jokoak aurtengoen data beretan egingo dira, uztailaren 23tik aurrera. «Negua da, baina garairik onena da, hogeita bat graduko tenperaturarekin», adierazi du Adrian Schrinner Brisbaneko alkateak. Aurkeztutako proiektuaren arabera, 2032ko kirol lehiaketak hiru gunetan banatuko lirateke: Brisbanen, 21 egoitzarekin; Gold Coasten, 65 kilometrora, sei egoitzarekin; eta Sunshine Coasten, 85 kilometrora, hiru egoitzarekin. Schrinnerrek adierazi duenez, «kostuak gutxitu» eta herrialdearen «esperientzia olinpikoa maximizatzen duen plan bat» da. Horrela, Brisbanek hamaika urte ditu Olinpiar Jokoak planifikatzen bukatzeko, eta horretarako instalazioen %16 baino ez ditu eraiki behar.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.