Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Jokoen olinpoan

Aurreko bi Olinpiar Jokoetako bi izar nagusiak, Michael Phelps eta Usain Bolt, jada ez daudenez, beste kirolari batzuek egingo dute distira Tokioko ortzimugan bihartik aurrera

Olinpiar jokoetako medaila batzuk.
Olinpiar jokoetako medaila batzuk. JUAN IGNACIO RONCORONI/EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2021eko uztailak 22

ALLYSON FELIX. Carl Lewis gaindi dezake

Sekula baino bizkorrago sentitzen ditut hankak». Allyson Felix atleta (Los Angeles, AEB, 1985) argi mintzatu da Tokioko Olinpiar Jokoetarako dituen helburuez. Motibazioak, gainera, sobran ditu. Nagusiak: domina uzta handitzen segitzea, eta Carl Lewis handia gainditzea. Felix da domina gehien irabazi duen emakumezko atleta, Marlene Otteyrekin batera: bederatzi dituzte. Tokion beste bi kolkoratuz gero, domina gehien eskuratu duen AEBetako atleta izango da, Lewisek hamar baititu. Lorpen handia litzateke kirolaren eta berdintasunaren ikuspegitik. Azken arlo horretan, beste lorpen handi bat eskuratu du Felixek olinpiar aldi honetan. 2018 amaieran ama izan zen, eta Nike kirol marka hari emandako dirua %70 murrizten ahalegindu zen, haurdunaldian eta ondoren errendimendua apalduko zitzaiolakoan. Felixek salaketa jarri zuen, eta Nikek atzera egin zuen. Hala ere, berak marka utzi zuen.

ARMAND DUPLANTIS. Markak domina bihurtzera

Neurrira egin zioten pertika batekin hasi zen jauzi egiten Armand Duplantis (Lousiana, AEB, 1999). 4 urte besterik ez zuen, eta, orain, txikitako ametsa beteko du: Olinpiar Jokoetan parte hartuko du lehen aldiz. Ezusteko galanta litzateke urrezko domina ez lortzea, aire zabaleko eta pista estaliko munduko markak harenak baitira: 6,15 eta 6,18 metro, hurrenez hurren. Lehen Jokoek eragin diezaioketen presioa kudeatzen jakin behar du. Txikitatik erakutsi du, dena den, halako erronkek ez dutela kikiltzen.

CAELEB DRESSEL. Fokuetatik urrun

Michael Phelpsen oinordeko izatera deituta dago Caeleb Dressel (Green Cove, AEB, 1996), nahiz eta fokuetatik ihes egiten duen. Erlijioan jartzen du arreta igerilekuan ez dagoenean. Rioko Jokoetan domina bat irabazi zuen 4x100 metroko txandakakoan. Ondoren, hamasei domina eskuratu zituen bi urtean Munduko Txapelketetan: zortzi 2017an, Budapesten, eta beste horrenbeste Gwangjun, 2019an. Horietatik hamalau izan ziren urrezkoak. 100 metroko tximeleta estiloko munduko marka kendu dio Phelpsi. Urrezko sei domina kolkoratzeko aukera izan dezake, eta aro berri bat hasi igeriketan.

ELIUD KIPCHOGE. Ikuskizunetik harago

Azkenean ez da Eliud Kipchoge (Kapsisiywa, Kenya, 1984) eta Kenenisa Bekeleren arteko buruz burukorik izango Tokion, Bekelek uko egin baitio Japoniako hiriburuan lehiatzeari. Hala, Kipchoge are faboritoago da bigarrenez jarraian maratoian urrezko domina irabazteko. Izan ere, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan ere hura nagusitu zen. Munduko maratoi ospetsuenetan bederatzi aldiz izan da onena, eta munduko markarik onena ere harena da: 2.01,39. Marka homologatua izan ez bazen ere, lehen maratoilaria izan da 42,195 kilometroak bi ordutik behera korritzen. 1.59,40ko denbora egin zuen Vienan, 2019an.

KATIE LEDECKY. Umiltasuna oinarri

Londresko Olinpiar Jokoetan aho zabalik utzi zituen ikusleak Katie Ledeckyk (Washington, 1997). 15 urte besterik ez zuen, eta AEBetako ordezkari gazteena zen. Bada, urrezko domina irabazi zuen 800 metrokoan. Ordutik, haren distira ez da itzali. Rioko Olinpiar Jokoetan erakustaldia eman zuen: 200, 400 eta 800 metroko probetan eta 4x200 metrokoan podiumaren gorenera igo zen, eta 4x100ekoetan, bigarren tokira. Gainera, munduko bi marka ezarri zituen: 400 eta 800 metrokoetan. Umiltasuna izan du beti oinarri: 6 urterekin hasi zen igeri egiten, eta urte asko daramatza egunero zortzi kilometro egiten, 04:45ean hasita: «Antsietatea areagotzen zait igeri egin gabe nagoenean». Hala joan da mugarriak gaindituz, igeriketa bizi eta dotorearekin. Sei domina irabaziz gero, Jenny Thomson herrikidearen pare jar daiteke, hamabi dominarekin. 1.500 metrokoa olinpiar programan sartu izanak mesede egiten dio.

KOHEI UCHIMURA. Gorenean esan nahi du agur

Zazpi domina eskuratu ditu Kohei Uchimurak (Kitakyushu, Japonia, 1989) Olinpiar Jokoetan, eta hemeretzi munduko txapelketetan. Orain, 32 urterekin, bere herrikideen aurrean, podiumaren gorenean esan nahi die agur Olinpiar Jokoei. Azken urteetan, lesioak tarteko, ez du bere onena eman, baina kirolari handiak halakoetan azaldu ohi dira, eta hori espero dute japoniarrek Uchimurarengandik. Barra finkoan jarriko du Uchimurak arreta osoa, bakarkako proban hirugarren urrezko domina lortzeko ametsa alde batera utziz. «Azken urteetan, minak ez dit utzi gorputza nahi bezala mugitzen, eta hori da errealistena», aitortu berri du.

NAOMI OSAKA. Ezohiko tenislaria

Egungo Japoniako kirolaririk ospetsuenetakoa da Naomi Osaka (Chuoko, Japonia, 1997). Azken unera arte zalantzan egon da Olinpiar Jokoetan parte hartu edo ez. Hirugarren postuan dago munduko zerrendan, eta Asiako lehen emakumezkoa izan zen aurreneko lekua lortzen. Bi aldiz irabazi du AEBetako Irekia, eta beste bitan Australiakoa. Azken hilabeteetan, pistatik kanpo eman du zeresana. Roland Garrosetik erretiratu zen, hedabideen aurrean hitz egiteari uko egin eta gero. Azaldu zuenez, antsietatea eragiten zion jendaurrean hitz egiteak. Behin baino gehiagotan izan da kirolarien buru osasun arazoen bozgorailu lanetan. «Ez gara makinak», aldarrikatu du behin baino gehiagotan. Bestalde, Black Lives Matter mugimenduaren alde, AEBetako Irekian maskara bat eraman zuen Poliziak hildako afro-amerikarren izenekin.

SHELLY-ANN FRASER-PRYCE. Itzulera ikusgarria

34 urte ditu Shelly Ann Fraserrek (Kingston, 1986), eta, ama izan ondoren, itzulera ikusgarria izan zuen 2019an, Dohako Munduko Txapelketan. 100 metroak irabazi zituen, 10,71ko marka eginez. Gorpuzkera txikia du (1,52 metro da luze), eta Poltsikoko suziria ere esaten diote, duen abiaduragatik. Zazpi olinpiar domina ditu, eta 100 metrokoan hiru urrezko olinpiar domina irabazten dituen lehen emakumea bihur daiteke. «Dohako garaipenak konfiantza handia eman zidan, eta beldurrik gabe lehiatuko naiz. Aro bateko atleta naizela erakutsi nahi dut».

SIMONE BILES. Perfekzioaren bila

Rioko Olinpiar Jokoetako izarra izan zen Simone Biles (Columbus, AEB, 1997), Michael Phelpsekin eta Usain Boltekin batera. Phelps eta Bolt gabe, Tokioko Jokoetako begirada guztiak harengan jarrita egongo dira. Munduko txapelketetan domina gehien irabazi dituen gimnasta da: 25; horietatik hemeretzi dira urrezkoak. Rioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen banaka zein taldeka. Aparatuetako finaletan ere beste bi urrezko domina lortu zituen, lurrean eta saltoan. Oreka barran bakarrik egin zuen huts, salto bat gaizki kalkulatu eta estropezu egin baitzuen. Hala ere, brontzezko domina kolkoratu zuen. Tokion Rioko emaitza ia perfektuak hobetzea du begiz joa Bilesek. Horretarako, oreka barran urrea lortu beharko luke, edo asimetrikoetan podiumera igo. Teknikoki are ariketa ikusgarriagoak egitea du buruan: hiruko bikoitza lurrean, eta biko bikoitza oreka barran.

TEDDY RINER. Historia egitera

Bederatzi urteren ondoren, Teddy Riner judokak (Pointe-a-Pitre, Guadalupe, 1989) borrokaldi bat galdu zuen otsailaren 9an. 154 zeramatzan irabazita segidan. Kokoro Kageura japoniarra izan zen haren borreroa, eta Ipponez irabazi zion. Rinerrek zera adierazi zuen bukatu eta berehala: «Olinpiar Jokoei begira ikasteko balio behar dit. Gainera, Yasuhiro Yamashitaren marka berdintzeko presioa kendu dut [203 borrokaldi irabazi zituen segidan]». 26 kilo galdu ditu, eta «sekula baino gogotsuago» helduko die Olinpiar Jokoei. Hamar aldiz izan da munduko txapeldun, eta bost bider Europakoa. Pekinen brontzezko domina eskuratu zuen. Londresen (2012an) eta Rion (2016an), berriz, podiumaren koska gorenera igo zen. Pisu astuneko lehen judoka izan nahi du hiru urrezko olinpiar dominarekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©Iñigo Uriz / Foku

Talde apalaren aurka ere, ezinean

Mikel O. Iribar

Osasunak 1-1 berdindu du Elxen aurka Sadarren, ligako hamabosgarren jardunaldiko azken neurketan. Gorritxoak deseroso aritu dira, eta ate aurrean izan dituzten aukeretan, kamuts. Jagoba Arrasateren taldeak jokoan egon diren azken hemezortzi puntutatik soilik hiru bildu ditu.

Alexia Putellas Bartzelonako jokalaria, Urrezko Baloia jaso berritan, Parisen. ©YOAN VALAT / Efe

Lionel Messik eta Alexia Putellasek irabazi dute Urrezko Baloia

Mikel O. Iribar

Faborito nagusiek irabazi dituzte 2021eko futbolari onenaren sariak. Messik bere ibilbideko zazpigarrena du; Putellasek, lehena.

Piloariak atzo, Dania Jai Alain. / ©Kevin Cox, @brooklyncowboy1

Azken tantoak jokatu dira «bihotzeko plazan»

Jon Ordoñez Garmendia

Atzo itxi zuten Floridan (AEB) Dania Jai Alai pilotalekua, 68 urteren ostean. Emozioa borborka izan zen eta une hunkigarriak bizi izan ziren.

«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

«Nork bere koloreak ditu oraindik ere, baina etsaitasun txikiagoz»

Olaia Gerendiain - Gipuzkoako Hitza

Lau hamarkada baino gehiago patroi lanetan egin ondoren, Lujanbiok bukatutzat eman berri du bere jarduna. 24 urte zituela jo zuen goia, Kontxako Bandera irabazita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.