Euskadiko txapelketa

Arraun Lagunak eta Hondarribia nagusi, Euskadiko Txapelketan

Donostiarrek lehendabizikoz irabazi dute Euskadiko Txapelketa, Lekeition. 'Lugañene' ontziak lehen luzeko bigarren zatian hautsi du estropada. Hondarribia, berriz, zazpigarren aldiz gailendu da herrialdeko txapelketan, eta Ioseba Amunarriz bandera gehien zakuratu dituen patroia bilakatu da.

jarraia200827.jpg
Mikel O. Iribar.
2021eko uztailaren 21a
19:36
Entzun

Euskadiko Txapelketako historian sartu da Donostia Arraun Lagunak; lehendabizikoz irabazi baitu bandera preziatua. Eta nola, gainera. Sufritu baino gehiago gozatu egin dute Lugañene ontziko arraunlariek, eta arerioekiko tarte handiak zabaldu dituzte. Amaierako emaitzetan islatu da hori; Juan Mari Etxaberen taldeak 11 segundo atera dizkio Orio bigarrenari, eta hamazazpi Donostiarra hirugarrenari.

Arraun egiteko hondoko itsasoa aspaldiko baxuena eta haize ahula zuten arraunlariek. Hori guztia itsaso azalean, baina hondoan bestelakoa zen egoera: itsaslasterrek zer esana eman du, eta zer pentsatua eman lemaizainei. Txapelketako garailea laugarren kaletik aritu da, Ondarroa hirugarrenetik, Orio bigarrenetik eta Deustu lehenengotik. Era tradizionalean eman diote hasiera estropadari: epaileak bandera gorria jaitsi eta berehala irten dira lau ontziak. Lehen txanpa jo ostean, bi kategorien arteko aldea berehala islatu da uretan, eta Euskotren ligako bi taldeek estropada hautsi dute.

Paladaz palada, Arraun Lagunak-en branka aurreratuago zegoen Oriorena baino, eta lehen luzeko bigarren zatian donostiarrek kolpe zitala eman dute, aurreko igandean bezalaxe. Ziabogara Oriorekiko bi ontziko aldearekin iritsi dira. Deustuk hamabi segundo gehiago behar izan ditu ontzia biratzeko, eta hamabost gehiago Ondarroak.

Poparerako girorik ez zegoen, baina Arraun Lagunak apurka-apurka Oriori segundoak sartzen joan zaio; zazpi une batez. Marea beheraka zihoan; beraz, azken luzean itsaslasterra aurka zuten lau ontziek, baina kaleen artean bazen alderik. Arraun zihoan laugarrenean lehenengo kalean baino sakonera gehiago zegoenez, itsaslaster gehiago zuten. Hala, Andrea Astudillo Lugañene traineruko patroiak zalantzarik gabe istriborrera joateko erabakia hartu du, atzetik zetozen ontziei enbarazurik egin gabe.

Etxaberen arraunlariak gozo-gozo ari ziren arraunean, solte eta ubera pasatuz. 200 metroren faltan, hamar segundoko aldea zuten Oriorekiko, eta ondoasko zekiten garaipenak ez ziela ihes egingo. Hasieratik amaiera arte nagusi izan dira donostiarrak, eta lehenak helmugaratu dira. Horrenbestez, Euskadiko Txapelketako bandera lehendabizikoz irabazi du Arraun Lagunak-ek.

Zumaia, etxera

COVID-19a gogor jotzen ari da arraun munduan. Lutxanak eta Isuntzak uko egin zioten Euskadiko Txapelketa jokatzeari, azken egunetan positibo kasuak izan zituztela eta. Talde horien ordez, Donostiarra eta Zumaia ziren lehiatzekoak, eta asmo horretan joan dira Lekeitiora. Baina, zumaiarrek albiste txarrak jaso dituzte, Telmo Deun ontzia uretaratzeko bidean zirela; taldeko arraunlari batek positibo eman baitu koronabirusean. Trainerua atoian jarri, eta etxera buelta. Horrenbestez, hiru talde aritu dira lehen txandan: Tolosaldea, Donostiarra eta Hondarribia. Hain zuzen, tolosarrentzat estropada aproposa Euskotren ligan hirugarren eta laugarren postuan doazen bi talde horien aurrean non dauden jakiteko.

Donostiarra izan da txandako azkarrena, eta hirugarrena sailkatu da sailkapen nagusian. Hondarribiari hiru segundo atera dizkio, eta hamahiru Tolosaldeari.

Sailkapenak
1. Arraun Lagunak 10:38,20
2. Orio 11,27era
3. Donostiarra 17,06ra
4. Deustu 20,30era
5. Hondarribia 20,59ra
6. Tolosaldea 30,53ra
7. Ondarroa 32,09ra

Hondarribia, nagusi

Gizonezkoetan, bandera Lekeitiotik Hondarribira (Gipuzkoa) joan da. Bi datu: lehena, klubaren historian zazpigarrenez irabazi dute berdeek, eta guztietan Mikel Orbañanos entrenatzaile dela. San Pedro eta Kaikurekin berdinduta daude orain. Bigarren datua, kopuru bera baina are deigarriagoa: Ioseba Amunarriz Ama Guadalupekoa ontziko lemazain beteranoa Euskadiko Txapelketako palmaresaren goi-goian jarri da, zazpi banderekin. Hondarribiarraren atzetik Joan Carlos Fontan San Pedroko patroi handia dago, seirekin.

Zoriak hala erabakita, Santurtzi Bizkaiko txapelduna eta Hondarribia Gipuzkoakoa lehen eta bigarren kaletik aritu dira, hurrenez hurren. Donostiarrari hirugarrena egokitu zaio, eta Zierbenari laugarrena.

Lehen arraun kolpeak eman orduko, Hondarribiak hartu du estropada burua, baina Donostiarra ez zen urrun. Santurtzik eta Zierbenak ontzi bateko galera zuten ordurako, eta laugarren minuturako are gehiago: zortzina segundoko atzerapena zuten biek Donostiarrarekiko.

Lau taldeek kontuan hartu zuten Oriok lehen txandatik markatutako denbora –oriotarrek brontzea golkoratu dute–. Ziaboga ematen lehena Ama Guadalupekoa ontzia izan da; Orio baino segundo bat beranduago, ordea. Segundo bakarrera heldu da Donostiarra, Zierbena hirura eta Santurtzi bostera.

Maniobraren ostean, estropada bitan hautsi da; bi gipuzkoar aurretik, eta beste bi bizkaitarrak atzetik. Arkaitz Diez Donostiarrako patroiak istriborrera jo du, itsaslasterra saihestu nahian. Torrekua ontziko arraunlariak paladak sarriago ematen ari ziren hondarribiarrek baino; Orbañanosenak, berriz, arraunean luze zihoazen, eta Amunarrizek bigarren kaleari eutsi dio. Hain zuzen, Hondarribia Igor Makazagaren taldearekiko bost segundoko altxorrarekin iritsi da bigarren ziabogara, eta zazpi segundotan ondu du Orioren denbora. Zortzira heldu da Santurtzi, eta Zierbena ondoren.

Hirugarren luzea, gako

Donostiarrek bazekiten kanporanzko luzean laugarren kaleari etekina atera ahal ziotela. Hondarribiako arraunlariek, bestalde, beren betiko arraunketan segitu behar zuten, eta jakin bazekiten bandera irabazteko gako nagusietako bat luze horretan zegoela. Apurka-apurka, Donostiarra Ama Guadalupekoa ontziari gerturatzen joan zaio, hiru segundora jartzeraino. Atzean, berriz, Santurtzi hamarrera zen, eta hamahirura Zierbena.

Bi gipuzkoarrek lehia estua izan dute estropada burua nork hartuko, baina Amunarrizek eta haren arraunlariek une hartatik ziabogara arteko bi minutuetan hiru segundo atera dizkiote Makazagaren taldeari. Azken ziabogan zazpira handitu dute tartea, eta Orioren denbora baino zortzi segundo azkarrago egin dute.

Azken luzean, Donostiarrari zirt edo zart egiteko ordua iritsi zitzaion, eta Diezek lehenengo kalerako norabidea hartu du erabat, baita arraunlariei paladak gehiago sarritzeko ere; izan ere, Hondarribiak, metroak egin ahala, ikurrina gertuago zuen. Lantza girorik ez zegoenez, Orbañanosen taldea estutasun handirik hartu gabe lehenak helmugaratu dira. Euren buruarengan sinesteko garaipen handia, alajaina. Donostiarra izan da bigarren, irabazlearengandik sei segundora. Santurtzik laugarren amaitu du, 11ra, eta Zierbenak zazpigarren 21era.

Sailkapena

1. Hondarribia 19:46,83
2. Donostiarra 6,76ra
3. Orio 8,09ra
4. Santurtzi 11,38ra
5. Urdaibai 16,03ra
6. Ondarroa 18,13ra
7. Zierbena 21,96ra
8. San Pedro 39,37ra

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.