Portugal

Portugalgo eragile politikoek Krabelinen Iraultzaren «ikur historikoa» agurtu dute

Otelo Saraiva de Carvalho hil da, Lisboan, 84 urte zituela. Portugalgo iraultzako kapitain militarrik garrantzitsuenetako bat izan zen, eta hark diseinatu zuen Antonio Salazarren diktadura amaitu zuen plana.

Saraiva de Carvalho, 2017. urtean. MIGUEL A. LOPES / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko uztailaren 26a
12:11
Entzun

Otelo Saraiva de Carvalho hil da, Krabelinen Iraultzako pertsonarik enblematikoenetako bat. Zehazki, hark diseinatu zuen 1974. urtean Antonio de Oliveira Salazarren diktadura amaitu zuen estatu kolpea, eta Portugalgo eragile politiko guztiek aitortu dute «ikur historiko bat» zela. Lisboako Erietxe Militarrean hil da, 84 urte zituela; duela hamabost egun ospitaleratu zuten.

1936an jaio zen, Maputon, Portugalen orduko kolonia Mozambiken; bere nerabezaroaren eta gaztaroaren parterik handiena Afrikan igaro zuen. Besteak beste, Angolan jardun zuen Portugalgo Armadan, zerbitzu sekretu militarrean. Han hasi zen kolonialismoaren aurkako kontzientzia hartzen, eta 1973an Lisboara bidali zuten. Garrantzitsua izan zen hori iraultzan jokatu zuen rolean.

Saraiva de Carvalhoren etxean egin zituzten iraultza diseinatzeko bileretako batzuk, Portugalgo hiriburuan, eta han aukeratu zuten Indar Armatuen Mugimenduko Batzorde Nagusiko buru. Erakunde hark jo zuen Salazarren diktadura amaitu zuen kolpea, Carvalhok diseinatutakoa: Cuartel do Carmo inguratu zuten, Marcelo Caetano lehen ministroa (Salazarrek oinordekoa) zegoen lekua, eta hark amore ematea izan zen iraultzaren garaipena berretsi zuen gertakaria.

Jarraian, Iraultzaren Kontseiluko kide bilakatu zen, eta bat egin zuen armadako ezkerreko sektoreekin. Espetxean hiru hilabete ere pasatu zituen, 1975eko azaroko ezkerreko altxamenduan parte hartzeagatik.

Hauteskundeak, berriro

Saraiva de Carvalhok parte hartu zuen diktaduraren ostean Portugalen eginiko lehen hauteskunde demokratikoetan, 1976an. Botoen %16 eskuratu zituen, eta bigarren indarra izan zen, Antonio Ramalho Eanesen atzetik. Lau urte geroago, berriz aurkeztu zen, baina emaitza oso eskasak bildu zituen orduan: botoen %1,5 soilik.

Urte batzuk geroago, espetxeratu egin zuten berriro, Forças Populares erakunde armatuarekin (FP-25) zuen harremanagatik. Erakunde haren burua eta estrategetako bat izatea egotzi zioten, nahiz eta berak beti gezurtatu izan zuen hori. Bost urte igaro zituen behin-behinean espetxeratuta, eta 1996ko amnistia baliatu zuen irteteko.

Azken urteetan kritikoa izan da Portugalen egungo egoerarekin, adibidez, soldaten arteko ezberdintasun handia dagoelako: «Jakin izan banu, ez nukeen Krabelinen Iraultza egingo», aitortu zuen 2011n.

Besteak beste, Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidenteak hitz egin du Carvalhori buruz. Adierazi du «pertsona funtsezkoa» izan zela Portugalgo historiaren abagune erabakigarri batean, «oraindik historikoki izan duen garrantziaz jabetzeko goiz den arren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.