Maialen Chourraut

«Duela gutxi hasi nintzen neure buruarekin gustura egoten»

Zilarrezko domina lortu du Tokioko Olinpiar Jokoetan, baina dominarik gabe ere etxera pozik eta harro bueltatuko litzatekeela dio, bost urteko bide luzean egindakoagatik eta ikasitakoagatik. Finalerdia gainditzea izan zen urratsik zailena, eta finalean bere eskarmentua baliatu zuen.

Maialen Chourraut, Tokioko Olinpiar Jokoetan. ENRIC FONTCUBERTA, EFE
jakes goikoetxea
2021eko uztailaren 28a
14:06
Entzun

Telefonoaren beste aldeko ahotsak ez du aurreko elkarrizketetako freskotasunik. Nabari da bezperako nekea. Uretakoa eta uretatik kanpokoa. Berandu oheratu, goiz jaiki, eta hegazkina hartzeko prestatu behar izan du Maialen Chourrautek (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983). Ur bizietako K-1ean lortutako zilarrezko dominak, ordea, arindu egiten du biharamuna. Lasaitua hartu du, bost urteko olinpiar zikloa bukatu delako eta atseden hartu ahal izango duelako.

Biharamun handia duzu?

Leher eginda nago. Lo gutxi egin dut.

Halako lehiaketa garrantzitsu baten ondoren, zenbait egunetan tentsio handia pilatu eta gero, lo egin ohi duzu?

Horrelako egunen ondoren, kostatu egiten da lo egitea. Horrelako lehiaketetan, gorputzak astindu handia jasotzen du, eta, lehiaketa ondo edo gaizki joanda ere, buruak buelta asko ematen dizkit. Halakoetan beti kostatzen zait lo hartzea; aurreko gaua ere txarra izan zen, urduritasunagatik. 01:30ean iritsi ginen logelara. Elkarrizketa bat, gero beste bat, beste bat...

Olinpiar ziklo bat bukatu zenuen atzo. Ohi baino luzeagoa, bost urtekoa. Zama bat kentzearen parekoa da

Bai, banuen bukatzeko gogoa. Atzo goizean, oraindik lehiatzen hasi gabe, pozik nengoen, olinpiar zikloa bukatzear zegoelako. Bost urte luze izan dira. Luze egiten da Olinpiar Jokoak iristeko bost urte itxarotea. Batez ere bidea zaila denean. Gero, gauzak ondo ateratzen direnean eta gustura geratzen zarenean, poza ere zailtasunen neurrikoa da.

Tokion elkarrekin izandako elkarrizketetan, oso lasai zenirudien, zeure buruarekin bakean bezala.

Neure buruarekin bakean iritsi naiz Tokiora. Urte asko egin ditut neure buruari egunero asko exijitzen, egiten nuenarekin konformatu gabe. Duela gutxi hasi nintzen buruarekin gustura egoten. Harro sentitzen nintzen nire ibilbideaz, lortutako guztiaz... bat-batean, Tokiora begira nuen presio gehigarri hori desagertu egin zitzaidan. Konturatu nintzen handia zela Tokiora onenekin lehiatzeko moduan iristea; 38 urterekin; goi mailako kirolean hainbeste urte lehiatzen egin eta gero; eta ametsak gauzatu eta gero. Horrek asko arindu nau. 38 urte behar izan ditut nire ibilbideaz harro sentitzeko. Behin hori sentituta, banekien, lehiaketa ondo edo gaizki aterata ere, harro bueltatuko nintzela etxera.

Rioko Olinpiar Jokoetan lortutako urrezko dominaren zama nabari zenuen oraindik?

Rioko urrezko domina astuna egin zait olinpiar ziklo honetan guztian. Munduko onena izan nahi nuelako eta ez nintzelako, ni baino neska azkarragoak baitzeuden. Hori gogorra zen niretzat. Baina ikusten nuen urteak pasatu ahala piraguismoak eboluzionatu egiten duela, eta ez dela batere erraza munduko onena izatea.

Finalean erabakigarriak izan dira zure lasaitasuna eta urteetako eskarmentua?

Xabik [Etxaniz, entrenatzailea eta senarra] beti esaten zidan Tokion, aurrena, finalean sartzea izan behar zela estrategia, eta gero, finalean, nire eskarmentua baliatuta, onena ematea eta zer gertatzen zen ikustea. Olinpiar final bat oso final emotiboa izaten baita, ez baita izaten erraza lasaitasunari eustea. Nik, baina, eskarmentua nuen, eta hori baliatu behar nuen. Xabik hori errepikatu dit azken urteetan.

Esandakoa bete da.

Nik ez nuen ezer jakin nahi estrategia horretaz, ez baitut gustuko atzetik joatea. Nahiz eta atzetik joate horrek ez zuen esan nahi mundu mailan atzean nengoenik. Lehen postuetan ibili naiz denboraldi guztian, eta munduko sailkapenean zazpigarren iritsi naiz Tokiora. Sekulako maila dago. Baina lehen hori gutxi iruditzen zitzaidan.

Gutxi?

Orain dela gutxi konturatu nintzen hori ez zela gutxi, hori asko zela, eta harro egon nintekeela nire ibilbideaz, zailtasunak eta oztopoak gainditu ditudan moduaz... Azkenean, estimatzen ditudan gauza horiek direla garrantzitsuak: lagunak, familia, gustuko gauzak egitea...

Olinpiar ziklo hau bereziki gogorra izan da fisikoki eta emozionalki. Zilarrezko dominaren distirak zaildu egingo du hori ikustea eta baloratzea.

Garrantzi handia ematen zaio emaitzari, baina garrantzitsuagoa da zein izan den emaitza lortzeko bidea, eta norbere buruaz harro sentitzea. Ondo atera ez bada ere, guztia eman baduzu, harro egon behar duzu.

Ate bat ukituz gero, emaitza aldatuko zen, eta baita jendearen eta komunikabideen iritzia, kontakizuna, oihartzuna... ere.

Ez da batere erraza lehenengo hiruren artean sailkatzea. Lortzen denean, badirudi erraza dela, baina ez da. Ezin dugu egindako lan guztia baloratu lehenengo hiru postuetan geratzeagatik edo ez geratzeagatik. Kirolari askok ez dute lortzen ibilbide guztian. Horrek zer esan nahi du, gaizki egin dutela? Egindako bidea da gakoa, zer ikasten den. Argi neukan gaizki ateratzen bazen ere harro egoteko arrazoi asko nituela eta horiei heldu behar niela.

Rioko urrezko domina zama bihurtu zen, baina, era berean, jada urrea lortu izanak beste lasaitasun bat eman dizu Tokion lehiatzeko? «Ez daukat ezer galtzeko», izan da gehien errepikatu dituzun esaldietako bat.

Tokiora iritsi nintzen, eta momentu batean konturatu nintzen ez neukala ezer galtzeko, dena neukala irabazteko, azkenean egindako bidea baita garrantzitsua. Bidea egina daukat, eta irabazita daukat. Horrela iritsi nintzen.

Dominaz harago, lehiaketa sendoa egin duzu, une bakoitzean egin beharrekoa eginda. Zeuk ere hala bizi izan duzu?

Neure buruarekin bakean iritsi naiz, baina horrek ez du esan nahi lasai egon naizenik. Guztia borrokatu dut azkenera arte. Tentsioa izan dugu entrenamenduetan. Beti asko exijitu izan diodalako neure buruari. Finalerdia gainditu eta gero, sekulako zama kendu nuen gainetik. Finalerdia da kanporaketarik gogorrena. Benetan zaila da, jende asko geratzen baita kanpoan. Ni izan nintekeen horietako bat, baina barruan nengoen.

Kanpotik zaila da zuen nabigazioa baloratzea, ur bizietan ibilbidea egiteko duzuen modua. Zu zeu gustura zaude uretan nola moldatu zaren ikusita?

Nabigazio sendo bat izatea zen nire helburua. Ongi nabigatu nuen jaitsiera guztietan, sendo. Oso gustura sentitu naiz horrekin. Finalean ere hala egitea zen erronka. Pixka bat azkarragoa, finaleko nabigazioa. Finaleko jaitsiera ez da perfektua; badaude gauzak hobetzeko, baina eslalomean hala da beti.

Finala bukatuta, pozik zeunden. Denboragatik? Sentsazioengatik?

Pentsa, finala bukatu nuenean ez nuen gogoan zer denbora egin nuen finalerdian. Gustura nengoen egindako jaitsierarekin. Berdin zitzaidan bigarren edo bosgarren izatea; ez nuen uste bosgarren postua baino hobea lortuko nuenik. Baina, hala ere, gustura bueltatuko nintzen etxera.

Tokioko Olinpiar Jokoetan nabarmendu duzu zeure alabarengandik banandu egin behar izan duzula lehiatu ahal izateko. Babes eta laguntza falta sentitu duzu goi mailako kirola eta familia bateratzeko? Zer falta da?

Ez da erraza bi arloak bateratzea, baina ez goi mailako kirolean, ezta beste edozein arlotan ere. Kirola, azken finean, lana ere bada. Nik, normalean, ez dut zailtasunik izan.

Olinpiar Jokoak egokitu egin beharko lirateke kontziliazioa errazteko?

Gaur egungo Olinpiar Jokoetan ez dago ezer prestatuta ama izan berri direnentzat, bi gurasoak Olinpiar Jokoetan dituzten haurrentzat... Ez da hain zaila horrelako zerbait prestatzea. Planifikatzen duzu guztia mimoz, baita haurra noiz eduki ere, gero Olinpiar Jokoetara ahalik eta ondoen iristeko, eta zailtasunak topatzen dituzu azken momentu horretan.

Batzuetan, aukeratu egin behar izaten da: zure kirol ibilbideko ametsa betetzera joan edo haurrarekin geratu. Rioko Jokoetan Ane alabak 3 urte izango balitu eta hara joateko hiru astez etxean utzi beharko banu, Tokion bezala, ziurrenik ni ez nintzateke olinpiar txapelduna izango, haurrarekin geratzea erabakiko nukeelako. Nire alaba 3 urterekin ez zegoelako prest hiru astez gurasorik gabe egoteko. Esperientzia on bat izan beharrean, trauma bat izango litzateke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.