FUTBOLA

Oiartzabal erabakigarria izan da Espainia finalerdietara eramateko orduan

Espainiak 5-2 irabazi dio Boli Kostari. Eibartarrak garaipena bideratu duen gola sartu du, penaltiz.

Oiartzabal, gaur sartutako gola ospatzen. RFEF/GONZALO ARROYO
Igor Susaeta.
2021eko uztailaren 31
12:42
Entzun

Gizonezkoen Espainiako futbol selekzioak 5-2 irabazi dio, gaur, Boli Kostari, final-laurdenetako kanporaketan, eta finalerdietarako txartela lortu du. Eta hori poltsikoratzeko orduan ezinbestekoa izan da Mikel Oiartzabalen lana, eibartarrak partidako gol erabakigarria sartu baitu, 3-2koa: luzapeneko lehen zatian izan da, penaltiz. Finalerdiak asteartean jokatuko ditu Espainiak, eta Japonia izango du aurkari (Euskal Herrian 13:00ak direnean).

Partida estua jokatu dute bi selekzioek Rifuko Miyagi estadioan, eta Mikel Merino, Martin Zubimendi eta Unai Simon euskal herritarrak ere hasieratik aritu dira, Oiartzabal bezala. Jon Moncayolak azkeneko hamabost minutuak jokatu ditu.

Boli Kostak hartu du aurrea 10. minutuan, Baillyren gol bati esker. Espainiak, baina, lehen zatia bukatu aurretik berdindu du, Olmoren bidez. Bigarren zatia oso orekatua izan da, eta ikus zitekeen lehia detaile txikiek erabaki zezaketela. Esaterako, Simonek huts egin egin du, Boli Kostaren bigarren golean. Gradelek egindako jaurtiketa atezainaren hanka azpitik pasatu da sareetarako bidean. 90. minutua zen, partida bukatzear zegoen, baina Mir zelairatu berriak berdinketaren gola sartu du arauzko denbora beteta zegoenean, Boli Kostako atzelarien gaizki ulertu bat baliatuz area txikian.

Eta luzapenean, jokalariak esfortzu pilaketagatik eta hezetasunagatik nekea nabaritzen hasi direnean, epaileak penaltia adierazi du 97. minutuan, iritzita Pau Torresek buruz egindako errematek Baillyren eskuan jo duela. Oiartzabalek penaltia gauzatu du.

Eta luzapeneko bigarren zatian, partida jada hautsita zegoenean, Mirrek beste bi gol sartu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.