TXIRRINDULARITZA

Gaur 25 urte Indurainek urrea irabazi zuela, eta Olanok zilarra

Atlantako Olinpiar Jokoetako erlojupeko lasterketan izan zen.

Indurain eta Olano, dominekin. EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 2a
13:57
Entzun

1996ko Frantziako Tourra akituta bukatu berritan iritsi ziren Atlantara (AEB) Miguel Indurain eta Abraham Olano. Nafarrak ez zuen baikorra izateko motiborik, urteko lasterketarik garrantzitsuenean ezinean aritu baitzen: sailkapen nagusian 11. bukatu zuen. Olanok ere ez zituen bulartsu agertzeko arrazoi askorik, ia Tour osoan podiuma eskura izan ondoren azken astean beherantz egin zuelako. Bederatzigarren sailkatu zen azkenean. Baina Olanok eta Indurainek lortuak zituzten urrea eta zilarra 1995eko Munduko Txapelketako errepideko lasterketan. Atlantako Olinpiar Jokoetan, ordea, errepideko probara bideratu beharrean, erlojupekoan, hau da, beren espezialitatera bideratu zituzten ahaleginak, eta urrea eta zilarra kolkoratu zituzten —uztailaren 31n jokatu zen errepidekoa: Indurain 26. izan zen, eta Olano 67.—. Indurain nagusitu zen, 1.04.05eko denbora eginez; Olano izan zen bigarren, 12 segundora, eta Chris Boardman (Erresuma Batua) hirugarren, 31 segundora. Abuztuaren 3a zen, eta bi euskal herritar Olinpiar Jokoetako podiumeko bi koskatara igo ziren, estreinakoz. Gaur bete dira 25 urte. Orduz geroztik ez da halakorik berriro gertatu.

Indurain eta Olano podiumean elkarrekin ikustea ohiko bihurtu zen sasoi hartan. Hamar hilabete lehenago Duitaman (Kolonbia) jokatutako Munduko Txapelketan, bitan egon ziren podiumean elkarrekin. Erlojupekoan, Indurainek urrea irabazi zuen, eta Olanok zilarra; egun batzuk geroago, errepidekoan, Olanok urrea, eta Indurainek zilarra.

Indurain, 1996an, Atlantan. MOVISTAR TEAM

Indurainek Atlantan aukera zuen bere garaipen zerrenda mardula guztiz biribiltzeko. Olinpiar Joko haietan aurrenekoz lehiatu ziren txirrindulari profesionalak, eta orduko puntako ziklista ia guztiak joan ziren Atlantara. Nolanahi ere, Indurainena ez zen debut bat, hamabi urte lehenago parte hartu baitzuen Los Angeles 1984ko Olinpiar Jokoetan, errepideko lasterketan. Ez zuen bukatu. 20 urte zituen.

Ullrich gabe

Erlojupeko espezialista handiena zen nafarra 1996an. Tira, orduantxe bazen beste txirrindulari bat diziplina horretan aurretik zuena: Jan Ullrich, 22 urteko gaztea, Tourrean bigarren sailkatutakoa. Baina Alemaniako selekzioaren hautatzaileak ez zuen aukeratu erlojupekorako. Abuztuaren 3a baino bi aste lehenago, uztailaren 20an, Ullrich aise nagusitu zen Tourreko azken erlojupeko luzean (63 kilometro). 56 segundo atera zizkion Induraini, bigarrenari, eta 2.06 Olanori, hirugarrenari.

Ullrichek ez zuen parte hartuko. Bai, ordea, Tony Romingerrek, Alex Zuellek, Evgeni Berzinek, eta, besteak beste, Bjarne Riis Tourraren garaileak. 52 kilometroko distantzia bete beharko zuten, 13 kilometroko zirkuitu urbano bati lau itzuli emanez. Ez zen espezialistentzako barruti bat; hau da, ez zuen zuzengune amaiezinik aldeak egiteko. Ez zen distantzia ertaineko erlojupeko bat, luzea baizik, eta, horrenbestez, hori baliatu beharko zuten espezialistek.

Eta aprobetxatu zuten. Izan ere, aurreneko bi itzuliak osatuta, Boardman aurretik zuten Indurainek eta Olanok, baina hirugarrenera bidean sailkapenaren buruan jarri zen nafarra, eta postuari eutsi zion. Azken itzulian gipuzkoarrak egin zuen denbora onena, baina ezin izan zuen hobetu nafarraren denbora.

Olinpiar Jokoetan urrea irabazi eta hilabete pasatxora, Indurainek azkeneko aldiz jarri zuen dortsal bat: Espainiako Vueltako 13. etapan erretiratu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.