ESKUBALOIA

Gurbindo eta Aginagalde dominengatik lehiatuko dira

Espainiako selekzioak 33-34 irabazi dio Suediari final-laurdenetan, azkeneko hamabost minutuetan emaitza iraulita

Gurbindo, gaurko partidan. FRANCK ROBICHON / EFE
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 3a
09:31
Entzun

Julen Aginagalde eta Eduardo Gurbindo euskal herritarrak dominen lehian arituko dira, Espainiako eskubaloi selekzioak Suediari 33-34 irabazi ondoren. Espainiak emaitza irauli du azken minutuetan, partida amaitzeko hamabost minuturen faltan lau goleko aldegatik galtzen ari baitzen (29-25). Gurbindo eskuin albokoak bi gol sartu ditu, eta Aginagaldek bat. Biek ala biek Espainiarekin dominak irabazi izan dituzte Munduko eta Europako txapelketetan, baina Olinpiar Jokoetan ez dute lortu podiumera igotzea. 2012ko Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuten, eta Espainia zazpigarren sailkatu zen. Finalerdia ostegunean jokatuko dute, Norvegiaren edo Danimarkaren aurka. Frantziak ere lortu du finalerdietarako txartela, eta Alemaniaren edo Egiptoren kontra arituko da.

Dominarako hautagaien arteko partida izan da Suediaren eta Espainiaren artekoa. Suediak zilarra lortu du, aurten, Munduko Txapelketan, eta Espainiak brontzea. 2018ko Europako Txapelketan finala jokatu zuten elkarren aurka, eta orduan ere Espainia nagusitu zen.

Gaur aurretik joan da aurreneko minutuetan, baina lehen zatia bukatu aurretik aurrea hartu du Staffan Olssonek entrenatutako selekzioak, eta atsedenaldira ere aurretik iritsi da (20-18). Bigarren zatian alde hori handitu dute suediarrek, eta ematen zuen finalerdietarako txartela poltsikoan zutela (29-25, 45. minutuan).

Hurrengo hamar minutuetan, ordea, Gonzalo Perez de Vargas Espainiaren atezainak hainbat geldiketa egin ditu, eta erasoan Alex Dujshebaevek hartu du ardura. 45. minututik 55. minutura 1-8ko partziala lortu du Espainiak (30-33), eta tarte horretan irabazi du kanporaketa. Azkeneko minutuetan lortutako aldeari eutsi ahal izan dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.