OMEk eskatu du atzera egin dezatela txertoaren hirugarren dosia jartzeko urratsetan

Hainbat herrialdetan txerto oso gutxi jarri dituztela oroitarazi du, «babesik gabe» daudela, eta haien txertaketa lehenetsi behar dela.

arantxa iraola
2021eko abuztuaren 4a
17:35
Entzun

COVID-19aren kontrako txertoaren hirugarren dosia jartzeko urratsetan atzera egiteko eskatu du OME Osasunaren Mundu Erakundeak. Herritarren erantzun immunitarioa sendotze aldera, hasiak dira hirugarren dosia jartzen hainbat herrialde, Israel eta Alemania, besteak beste, eta Erresuma Batuak ere adierazia du irailetik aurrera hasteko asmoa. OMEren aburuz, ordea, oroitu behar da ezen, hirugarren dosirako bidean dauden herrialdeetan jende ugari txertatuta badago ere, txertatutakoen ehunekoa oso apala dela beste herrialde batzuetan, eta toki horietako txertaketa planak bultzatu behar direla aurrena.

«Ulertzen dugu gobernuek herritarrak delta aldaeratik babesteko duten kezka, baina ezin dugu onartu txerto baliabide gehienak erabili dituzten herrialdeek oraindik ere gehiago erabiltzea, eta munduko populaziorik zaurgarrienek babesik gabe jarraitzea», adierazi du erakundeko Tedros Adhanom Ghebreyesusek. Izan ere, jarri diren txertoen %80 diru iturri handiak eta ertainak dituzten herrialdeetan jarri dira, eta txertaketa planak oso atzeratuta doaz baliabide urriagoak dituzten herrialdeetan.
OMEko zuzendariak esan du irailaren bukaera arte eskatu dutela moratoria hau; izan ere, orduan espero da lortzea herrialde bakoitzeko populazioaren %10 gutxienez txertatuta egotea. Nazioarteko Covax programa dago martxan helburu horren inguruan, eta nahi baino motelago doala onartu dute gaur OMEko arduradunek. Izan ere, ohartarazi dute egoera okerrera ari dela hobera egin beharrean, eta gero eta handiagoa dela txertaketa politiken eraginkortasunaren arteko aldea, baliabide gutxien dituzten herrialdeen kaltetan. Afrikan, adibidez, soilik herritarren %2k burutu dute txertaketa prozesua, eta %5ek jaso dute txertoaren dosi bat. Mendebaldeko herrialdeetan, oro har, biztanleen %70k hartu dute txertoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.