Albistea entzun

Balantzea

Tokio 2020, ameskeria bat

 

Chourraut podiumean, zilarrezko dominarekin

Jakes Goikoetxea, Berriemaile berezia -

2021eko abuztuak 9

Bukatu dira Tokioko Olinpiar Jokoak. Antolatzaileek normaltasun itxura eman nahi izan badute ere, COVID-19 kasuak bikoiztu egin dira Japoniako hiriburuan. Antolakuntza arazoak nabarmenak izan dira, komunikazioan eta garraioan batez ere. Kirolariek mezu indartsuak zabaldu dituzte.

Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, errealitate itxurako irudipen bat. Jokoei normaltasun itxura eman nahi izan diete, baina ezer ez da ohi bezalakoa izan. Ezta normaltasunetik gertuen egon den elementua ere: lehiaketa eta kirolarien ahalegina. Jendea, ikusleak, faltatu baitira. Taupadak. Txaloak. Oihuak. Giroa. Kirolariek beren onena eman dute kirol gune huts eta hotzetan. Antolakuntza saiatu da ikusleak musika ozenarekin eta esatarien hitz jarioarekin ordezkatzen; baina lehiaketa askok lagunarteko lehiaketak eman dute.

Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, egin diren hiritik eta gizartetik at antolatu eta jokatu direlako. Errealitate paralelo bat sortu delako jokoak aurrera ateratzeko. Atzerritarren eta atzerritarrentzako burbuila bat zentzu guztietan, ez bakarrik COVID-19aren zabalkundea eragozteko.

Tokioko Olinpiar Jokoak ameskeria bat izan dira, inoiz baino gehiago, telebistentzat antolatu direlako. Joko katodikoak, joko birtualak.

Negozioa, ordea, benetakoa da: NOB Nazioarteko Olinpiar Batzordeak ez ditu galdu nahi izan telebisten eta babesleen diru sarrerak; era berean, saihestu egin nahi izan ditu jokoak bertan behera utziz gero haiei ordaindu beharreko kalte-ordainak. Dirua irabazteko asmorik gabeko erakundea da NOB. Oraindik ikusteko eta zehazteko dago japoniarrek zenbateko ordainagiria ordaindu beharko duten.

COVID-19a
Jokoak hasi aurretik arrisku bat, beldur bat, zegoen: kanpotik Japoniara iritsitako milaka bisitarik (kirolari, laguntzaile, ordezkari eta kazetari) COVID-19aren zabalkundea eragingo zutela edo birusaren aldaera berriren bat sartu. Ondorioz, osasun sistemak gainezka egingo zuela. 90.000 bisitari inguru izan dira, horietatik 11.500 kirolariak.

Japoniako eta Tokioko kutsatzeen kopuruak nabarmen egin du gora jokoek iraun duten bitartean: Tokion uztailaren hasieran eguneko kasuak 600-700 inguru ziren; jokoak hasi ziren astean, uztailaren 19tik 25era, milatik gora; eta bukatu diren astean lau mila baino gehiago.

Japonian asteko kopuru metatuetan jartzen dute arreta batez ere: uztaileko lehen astean kopurua ez zen lau milara iristen; jokoak hasi zirenean hamar milaren bueltan zeuden; eta azken astean hogei milatik gora. Bi aste barru hasiko dira Paralinpiar Jokoak.

Datuek esan nahi dute Olinpiar Jokoek eragin dutela igoera? Ez. Oraingoz ez dago lotura zuzenik bataren eta bestearen artean. Izurritearen bilakaera eta jokoetako parte hartzaileen datuak hobeto aztertu beharko dituzte horretarako. Zenbait osasun adituk nabarmendu dute, ordea, Olinpiar Jokoen inguruko festa giroak eraginda, herritarrek ez dituztela ohi bezain zorrotz bete COVID-19aren kontrako neurriak.

Antolatzaileek burbuila batean sartu dituzte Olinpiar Jokoengatik herrialdera iritsitakoak: hotel ofizialen sare bat (kirolariak Olinpiar Hirian), garraio sistema propioa, listu testak, parte hartzaileen ibileren berri izateko aplikazio bat eta bertakoekin harremana saihesteko agindua. Eta, jakina, ikuslerik ez kirol guneetan. Burbuilak izan ditu zirrikituak, baina nahiko ondo funtzionatu du: uztailaren 1etik 404 positibo izan dira jokoen inguruko pertsonetan; 624.000 listu test egin dituzte, eta kutsatze tasa %0,02 izan da. Arrakasta horretan aintzat hartu beharreko datua da Olinpiar Jokoengatik iritsitakoen %70 txertatuta zeudela. Japonian proportzioa %30 inguru da.

Koronabirusak guztiz baldintzatu du antolaketa, baina ez lehiaketak. Olinpiar Jokoetan parte hartu edo lan egin dutenen artean 430 kasu izan dira. Horietatik 286 Japonian bizi direnenak. Oso kirolari gutxik eman dute positibo. Ezagunena, Jon Rahm Barrikako (Bizkaiko) golflaria.

IRIZPIDE ETIKOAK
Olinpiar Jokoek Tokioko kutsatzeetan eraginik ez dutela izan baieztatuz gero ere: zilegi al da halako ekitaldi bat antolatzea COVID-19agatik larrialdi egoera ezarri duen hiri eta eskualde batean? Bertakoek gozatu ezin dutenean? Mugak eta murrizketak jasaten ari direnek etxe ondoan halako ekitaldi bat normaltasunez egiten ari dela ikustea? Haien hirian aste batzuetarako mundu paralelo bat sortu dutela ikustea? Funtsean, Olinpiar Joko batzuk hiri eta herrialde bati bizkarra emanda antolatzea? NOBek eta Japoniako Gobernuak erabaki dute baietz.

ANTOLAKUNTZA
Japonia sarritan bisitatzen duen kazetari txinatar batek oso ondo laburbildu zuen Tokioko Olinpiar Jokoen antolakuntzak eragin zion sentsazioa: «Olinpiar Joko hauek ez dira oso japoniarrak. Ez da nik ezagutzen dudan Japonia». Antolakuntzaren akatsei, hutsuneei eta arazoei buruz ari zen.

Hiru arazo nagusi izan dira: komunikazioa, garraio sistema eta beroa. Komunikazio arazoak izan dira antolakuntzarekin. Zaila izan da arazo zehatzak konpontzeko arduradunak topatzea. Antolakuntzak jarritako helbide elektronikoetara mezua bidalita ere, normalean ez da erantzunik jaso; jasoz gero, oso berandu. Horrez gain, kirol guneetako eta bestelako zerbitzuetako langile eta boluntario gehienak ez dira oso lagungarri izan. Nagusiki, gehienek ingelesik ez zekitelako.

Boluntario asko egon dira. Guztiak adeitsuak izan dira, eta laguntzeko borondatea izan dute; baina zerbait galdetuz gero, haien ohiko erantzuna izan da ez zekitela edo galdetzeko beste bati.

Garraioa da parte hartzaileek gehien kritikatu duten zerbitzuetako bat. Autobus bidezko sistema erraldoi bat antolatu dute, gune batean zentralizatua. Ez da oso praktikoa izan. Gainera, Tokioko ohiko trafikoarekin lanean hasi denean, atzerapenak izan ditu. Joan aurretik antolatzaileek esan zuten garraio sistemak bide propioak izango zituela, azkarrago ibiltzeko, baina praktikan ez da hala izan.

Jakina zen Tokion bero eta hezetasun handia egiten duela udan: 30 gradutik gorako tenperaturak eta %60tik gorako hezetasuna. Baldintza txarrak aire librean kirola egiteko. Hala ere, jokoak udan egitea erabaki zuten, lehentasuna kirolarien osasunean eta lehiakortasunean jarri beharrean, telebisten egutegien interesetan ezarriz.

Olinpiar Jokoak Japonian egin dira, baina, antolakuntzari dagokionez, ez-japoniarrak izan dira.

MEZUAK
Tokioko Olinpiar Jokoetan ez da soilik kirolaz, markez eta COVID-19az hitz egin. Bestelako gai batzuk plazaratzeko eta haiei oihartzuna emateko balio izan dute. Gainera, kirolariek hitz egin dute zuzenean, ez beste batzuek haien izenean.

Olinpiar Jokoak hasi aurretik jakina zen Simone Bales gimnasta protagonista izango zela. Hark egindako ariketengatik edo lortutako dominengatik. Biles protagonista izan da, aldiz, agerian utzi duelako goi mailako kirolarien buru osasuna zaintzearen garrantzia eta goi errendimenduko kirolariek jasaten duten presioa.

Beste kirolari batzuek Olinpiar Jokoak baliatu dituzte bazterkeriaren eta zapalkuntzaren kontrako mezuak zabaltzeko. Raven Saunders pisu jaurtitzaile estatubatuarrak besoak altxatu eta eskuak gurutzatu zituen, podiumean, zilarrezko domina jaso eta gero: «Zapaldutako jende guztia elkartzen den bidegurutzea da». Olinpiarko Jokoetako irudirik indartsuenetakoa izan da.

«Oso harro sentitzen naiz gizon gaya eta olinpiar txapelduna naizela esateaz». Tom Daley jauzilari ingelesak urrezko domina irabazi zuen hamar metroko plataformako bikotekako jauzietan. Bere homosexualtasuna aldarrikatzeaz gain, LGTBI gazteei mintzatu zitzaien: «Espero dut ikus dezatela ez duela axola zein bakarrik sentitzen zaren. Ez zaude bakarrik eta nahi duzuna lor dezakezu. Gazteagoa nintzenean ez nuen uste inoiz ezer lortuko nuenik, nintzena nintzelako. Orain, txapeldun olinpiko izateak, erakusten du edozer lor dezakezula».

Alemaniako gimnastikako taldeak emakumeen sexualizazioaren kontrako mezua zabaldu du, gorputz osoko jantziak erabiliz. «Erakutsi nahi genuen emakume bakoitzak erabaki beharko lukeela zer jantzi», azaldu zuen aldaketa Elisabeth Seitz gimnastak.

PARIS 2024
Parisen izango dira hurrengo Olinpiar Jokoak, 2024an. Olinpiar Joko arruntak izango dira? Ezin da jakin. Tokioko antolatzaileek uste zuten, 2020an jokoak atzeratu eta gero, 2021eko ekitaldia ohikoen antzekoagoa izango zela. Ez da gertatu.

Pariskoak hiru urte barru egingo dira. Denbora asko dirudi eta, logikaz, koronabirusaren eragina, eraginik baldin badu, askoz ere apalagoa izango da. Baina inork ez daki. Badaezpada, horretarako ere prestatu beharko dute. Eta Tokion ondo eta gaizki egin dituztenetatik ikasi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Arraun Lagunak eta Orio lehia betean iaz, Zarauzko estropadan, Euskotren ligan. ©JON URBE / FOKU

Kartak ezkutatu ezinda

Aitor Manterola Garate

Bihar hasiko da Euskotren ligaren hamalaugarren aldia, Bilbon, eta, ohi bezala, lau talde ariko dira. Aurtengo berrikuntza Tolosaldea da, Hondarribiaren lekua hartuko baitu debutanteak. Beste hirurak ezagun zaharrak dira: Arraun Lagunak aurreko urteko garailea, Orio bigarren sailkatua eta Donostiarra. Lehen biak dira irabazteko hautagai handiak. Hamalau estropada izango dituzte.
 ©GUILLAUME HORCAJUELO / EFE

Oilarra, guztien begiradapean

Beñat Mujika Telleria

. Gaur hasiko da Frantziako Tourra, Kopenhagen. Azken bi urteetan Tourra irabazi eta gero, Tadej Pocagar da faborito nagusia. Hirugarren aldiz irabaz ez dezan saiatuko dira haren aurkariak
Uriarte eta Valverde. ©M. DEL VALLE / FOKU

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.