Arrantza

Gaur gauean itxi dute hegaluzearen kostera, inoiz izandako laburrena

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek 9.536 tona arrantzatu dituzte ekainaz geroztik.

Hegaluzearen kanpaina eten da gaur gauerdian. GORKA RUBIO / @FOKU
June Romatet Ibarguren.
2021eko abuztuaren 16a
12:25
Entzun

Espainiako Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak gauerdian itxi du hegaluzearen arrantzaldia. Gipuzkoako eta Bizkaiko ontziek 9.536 tona arrantzatu dituzte, ekain hasieratik gaur gauera arte, eta inoiz izan den arrantzaldirik motzena izan da.

Geroz eta kostera laburragoak izaten dira, arrantzaldia “lehiaketa” bihurtu delako, kofradiek ziurtatu duenez. Izan ere, Espainiak 17,2 milioi kiloko kuota izan du aurten, eta ez dagoenez kofradien edo ontzien artean banatuta, ontzi bakoitzak ahalik eta arrain gehien ahalik eta azkarren arrantzatu nahi izaten ditu. Horrek dakar kuota geroz eta azkarrago bukatzea. Azken bi urteetan ere abuztua amaitu baino lehen itxi zuten arrantzaldia.

Gipuzkoako eta Bizkaiko kofradiak egoera horren aurka ari dira borrokan, eta gaur Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak, bat egin du eskaera horrekin. Espainiako Gobernuari eskatu dio kuota ontzien, kofradien edo autonomia erkidegoen artean banatzeko.

Bizkaiko eta Gipuzkoako ontziek Espainiaren hegaluze kuotaren %57 arrantzatu dute aurten. Portzentaje hori jaisten ari da azken urteetan, Asturiasko eta Kantabriako ontziak ere espezie horretan sartzen ari direlako. Kontua da legatz harrapaketa gutxiago egin ahal dituztela orain, eta hegaluzea kostatik gertu harrapatu dezaketenez, beste espezie horren arrantza atsedenaldian uzten dute, eta hegaluzea arrantzatzera irten dira.

Kofradia Itsas Etxeak balantze ona egin du kosteraren bilakaeraren inguruan, hegaluzea Bizkaiko Golkoan sartu delako, eta, horrela, bidaia laburragoak egin behar izan dituztelako eta gasolio gutxiago gastatu. Prezioa aurreko urteekin alderatuta, egonkor mantendu da: 3,5 euro, batez beste.

Ontzi pelagikoen deskargak Ondarroan

Hegaluzea arrantza-sistema tradizionalez harrapatzen dute Bizkaiko eta Gipuzkoako arrantzaleek: kanaberarekin banaka. Arrain bakoitza banaka arrantzatu beharrean, Irlandako ontziek sare pelagikoak erabiltzen dituzte, eta arrainak Ondarroako portuan deskargatu dituzte.

Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak adierazi du ez dagoela ados arrantza sistema horrekin, eta Ministerioaren eta Europako Batzordearen aurrean salatu ditu ontzi horiek. 2018. urtean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako administrazioak dekretu bat onartu zuen bertako portuetan sare pelagikoekin arrantzatutako arrainak deskargatzea debekatzeko. Baina estatuko administrazioak ez zuen onartu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.