FUTBOLA

Gerd Mueller Cruyffen lekua hartzear egon zenekoa

Herbehereetako izarra fitxatzeko zituen zailtasunak kontuan hartuta, Bartzelonaren zuzendaritza Alemaniako aurrelari zendu berria fitxatzear egon zen 1973ko udan. Estatu arrazoiek eragotzi zuten.

Mueller eta Cruyff, bigarrenaren agurreko partidan, 1978an.
Igor Susaeta.
2021eko abuztuaren 17a
18:18
Entzun

Igandean hil zen Gerd Mueller futbolaria. 1960ko hamarkadaren amaierako eta 1970eko hamarkadaren hasierako munduko golegile nagusia izan zen, eta Bartzelonak fitxatu egin nahi izan zuen, 1973ko udan. Berez, Johan Cruyff erostea zen Bartzelonako klubaren zuzendaritzaren helburua, baina, hori egiteko zituen zailtasunak aintzat hartuta, beste alternatiba bat bilatu zuen, eta alemaniarra fitxatzen ahalegindu zen. Bi aldeak ados zeuden, baina, azken orduan, bertan behera geratu zen fitxaketa, estatu arrazoiak medio. Uztailaren 13a zen. Hilabete pasa geroago, 1973ko abuztuaren 18an, Cruyffek Bartzelonarekin sinatu zuen. Esan daiteke, beraz, Alemaniako Errepublika Federaleko agintarien esku hartze hura gertatu izan ez balitz, futbolaren azken 50 urteotako idatzitako historia bestelakoa litzatekeela, neurri batean, behintzat.

Gertatutakoaren haria ez galtzeko, gertakariak modu kronologikoan kontatzea komeni da. Cruyff zen ordu hartan izar nagusia. Amsterdamgo Ajax taldearekin, 1971ko, 1972ko eta 1973ko Europako Kopak —egungo Txapeldunen Liga— irabazi zituen, eta Urrezko Baloi bat bazuen dagoeneko. Bartzelonak bi urte zeramatzan haren atzetik, baina negoziazioak katramilatuta zeuden 1973ko uda hartan. Mueller ez zen herbeheretarra bezain dotorea, ez, baina ez zen atzera geratzen. Alemaniako selekzioaren eta Bayern Munichen erdiko aurrelaria zen, partidako gol bat edo gehiago sartzen duten horietakoa, 1970eko Munduko Kopan eta 1972ko Eurokopan golegile nagusia izandakoa, eta 1970ean Urrezko Baloia irabazitakoa.

Mueller, Alemaniako Errepublika Federalak Munduko Kopa irabazi zuenean, 1974an. EFE

Uztailaren 11n, Europako klub nagusien arteko bilera bat egin zuten Zurichen (Suitza), eta Bartzelonaren ordezkariak Bayernekoekin eta Muellerrekin batzartu ziren. Mundo Deportivo kirol egunkariko kazetari Moreno de las Herasek deitu zion Bartzelonaren kudeatzaile Armand Carabeni, eta Carabenek albistea baieztatu zion: «Akordioa erabatekoa da; are, kontratua idatzita dago. Dena sinatzear zegoen, baina eragozpen batzuk sortu dira azken orduan, eta elkarrizketak bere horretan utzi ditugu». Kudeatzaileak gaineratu zuen jokalariaren esku zegoela azken erabakia, eta azken orduan atzera egiten baldin bazuen ezingo zela izan arrazoi ekonomikoengatik.

Muellerrek denbora eskatu zuen erabaki bat hartzeko. Hurrengo egunean, uztailaren 12an, Bild Zeitung Alemanian gehien saldua zen egunkariaren azalean izenburu hau jarri zuten: «Mueller Espainiarekin negoziatzen ari da. Falta zitzaiguna. Hiltzear da gure hamaikako nazionala?». Izan ere, kontuan hartu behar da uda hartan bertan Alemaniako beste izar batek, Gunter Netzerrek, Real Madrilekin fitxatu zuela, eta hurrengo urtean, 1974an, Munduko Kopa zela jokatzekoa Alemanian.

Ezin da jakin Muellerrek zenbat bilera eduki zituen uztailaren 12 hartan, baina bi, gutxienez, bai. Batetik, Bavierako Finantza ministro Ludwig Huberrekin; eta, bestetik, Helmut Schone Alemaniako selekzioaren hautatzailearekin. Uztailaren 13an, Alemaniako prentsarekin mintzatu zen selekzioaren golegilea: «Bartzelonaren eskaintza tentagarri bat baztertu dut, eta Bayernen jarraituko dut». Kito.

Vilasecaren hitzak

Bartzelonaren zuzendaritzako kidea zen orduan Josep Lluis Vilaseca. Urte batzuk geroago, 2007an, Bartzelonaren museoaren esku utzi zuen garai hartako dokumentazioa. Horren harira elkarrizketatu zuten Catalunya Radio-n. «[Bayernen] Kirol zuzendariak esan zigun gobernuko norbaitek eduki zuela negoziazioen berri, eta, 1974ko Munduko Kopan Alemanian jokatzekoa zenez, barregarri ez gelditzeko mugitu ziren; espainiar batzuek eraman ez zezaten Bayernen eta selekzioaren erdiko aurrelaria», azaldu zuen.

Azkenean Cruyff fitxatu zuen Bartzelonak, diru gehiago ordainduta, Vilasecaren arabera: «Muellerren jokoak ez gintuen txunditzen, ezin zen Cruyffekin konparatu inondik inora, baina golak sartzen zituen. Golak sartzeko makina bat zen». Hurrengo hiru urteetan, 1974an, 1975ean eta 1976an Europako Kopa irabazi zuen Bayern Munichek; Cruyffek, bien bitartean, liga bakarra irabazi zuen Bartzelonarekin jokatutako bost denboraldietan.

[youtube]https://youtu.be/O6m2WUyOTL0[/youtube]

Bi jokalariak aurrez aurre aritu ziren 1974ko Munduko Kopako finalean. Alemaniak 2-1 irabazi zuen, eta, hortaz, Alemaniako Errepublika Federaleko agintariak lasai geratu ziren. Muellerrek, gainera, gol bat sartu zuen, bere selekzioaren bigarrena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.