Zinema

'Nomadland'-ek jasoko du Fipresci sari nagusia Donostiako Zinemaldian

Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian banatuko dute. Finalistak izan dira Druk; Quo Vadis, Aida?; What Do We See When We Look at the Sky?; eta Bad Luck Banging or Loony Porn.

'Nomadland' filmeko irudi bat. BERRIA
Andoni Imaz.
2021eko abuztuaren 18a
13:09
Entzun

Fipresci Prentsa Zinematografikoaren Nazioarteko Federazioko kideek 2021eko filmik onenaren sari nagusia emango diote Chloe Zhaok zuzendutako Nomadland pelikulari. Mundu osoko 633 kritikarik hartu dute parte bozketan. Jaialdiaren inaugurazio ekitaldian banatuko dute saria.

2020ko uztailaren 1etik aurrera estreinatutako filmak egon dira lehian, eta, irabazleaz gain, lau finalista egon dira: Thomas Vinterbergen Druk —Europako filmik onenaren saria eta gizonezko aktorerik onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zituen iaz Donostiako Zinemaldian, eta nazioarteko filmik onenaren Oscar saria eman diote aurten—; Jasmila Zbanicen Quo Vadis, Aida? —Veneziako Zinemaldian parte hartu zuen iaz, eta nazioarteko filmik onenaren Oscar sarirako izendatu dute—; Alexandre Koberidzeren Ras vkhedavt rodesac cas vukurebt? / What Do We See When We Look at the Sky? —Berlinalen lehiatu zen iaz, eta Fipresci saria lortu zuen han—; eta Radu Juderen Babardeala cu bucluc sau porno balamuc / Bad Luck Banging or Loony Porn —Urrezko Hartza aurtengo Berlinalen—.

Nomadland Zhaoren hirugarren film luzea da. Songs My Brother Taught Me (2015) eta The Rider (2017) egin zituen aurretik. Nomadland Perlak sailean erakutsi zuten iaz Donostiako Zinemaldian, Veneziako Zinemaldian Urrezko lehoia irabazi eta gero. Filmak sari ugari jaso ditu aurten; besteak beste, filmik onenaren, zuzendaririk onenaren eta emakumezko aktorerik onenaren Oscar sariak.

Dena atzean utzi eta, karabana zahar bat lagun duela, AEBetako errepidean barrena bizi den emakume baten istorioa kontatzen du filmak. Frances McDormandek jokatzen du protagonistaren rola. Gidoia Zhaok berak idatzi zuen, Jessica Bruderren izen bereko liburuan oinarrituta.

Fipresci sari nagusia 1999. urtean sortu zen. Honako film hauek irabazi dute, besteak beste: Pedro Almodovarren Todo sobre mi madre-k (1999), Paul Thomas Andersonen Magnolia-k (2000), Jean-Luc Godarden Notre musique-k (2004), Michael Hanekeren Das weisse band-ek (2009), Abdellatif Kechicheren La vie d'Adèle-k (2013), Maren Aderen Toni Erdmann-ek (2016) eta Alfonso Cuaronen Roma-k (2019). Iazko zinemaldian ez zuten saririk eman, koronabirusaren krisiaren ondorioz jaialdiak eta estreinaldiak bertan behera utzi zituztela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.