Afganistan

Facebookek segurtasun neurri berriak jarri ditu martxan, Afganistanen dituen erabiltzaileak babesteko

Sare sozialak aldi baterako ezabatu du Afganistango erabiltzaileen lagunen zerrenda ikusteko aukera, «jendea erasoetatik babesten laguntzeko». «Klik bakarreko tresna» ere jarri dute abian, herrialdean daudenek beren kontuak «azkar blokeatzeko». Instagramen ere hartu dituzte zenbait neurri.

Erabiltzaile bat Facebooken mugikorreko aplikazioko botoia sakatzen. SASCHA STEINBACH / EFE
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 20a
10:52
Entzun

Nathaniel Gleicher Facebookeko segurtasun politikako buruak Twitterren zabaldu duenez, Facebookek segurtasun neurri berriak jarri ditu martxan, Afganistanen dituen erabiltzaileak babesten laguntzeko. «Gure taldeak lanean aritu dira eguneko hogeita lau orduetan, jendea seguru mantentzen laguntzeko», adierazi du txio batean. Eta gaineratu du «segurtasun neurri batzuk» ezarri dituztela afganiarrek «beren kontuak babes ditzaten».

Facebookek aldi baterako ezabatu du Afganistango erabiltzaileen lagunen zerrenda ikusteko aukera, «jendea erasoetatik babesten laguntzeko». «Klik bakarreko tresna» ere jarri dute abian, eta, horren bitartez, Afganistanen daudenek aukera dute beren kontuak «azkar blokeatzeko». «Profila blokeatuta dagoenean, lagunak ez direnek ezin dute profileko argazkia deskargatu edo partekatu edo beren kontuko argitalpenak ikusi».

Ez Facebooken bakarrik, Instagramen ere hartu dituzte zenbait neurri. Esate baterako, «pop-up alertak» zabaltzen ari dira Afganistanen, erabiltzaileen kontuak babesteko jarraibide zehatzekin. Horrez gain, Gliecherrek jakinarazi du sare sozialak «operazio berezien zentro bat» sortu duela «mehatxu berriei erantzuteko». Eta gaineratu du «gertutik» aztertzen ari direla egoera nola garatzen den, eta neurriak hartuko dituztela «jendea denbora errealean babesten laguntzeko».

Gleicherrek azaldu duenez, neurriak sortzeko kazetarien, erabiltzaileen, ekintzaileen eta gizarte zibileko beste kide batzuen gomendio eta aholkuei jarraitu diete. «Lankidetza estuan ari gara industrian, gizarte zibilean eta gobernuan ditugun beste alderdiekin, ahal dugun laguntza guztia emateko pertsonak babesten laguntzeko», adierazi du Facebookeko segurtasun politikako buruak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.