Afganistan

Nilofar Bayat: «Emakumeak dira kaltetuenak; ez dute eskubiderik»

Afganistandik irtetetako laguntza eman diotenei eskerrak eman dizkie Nilofar Bayatek, asteburuan Bilbora iritsitako gurpil aulkiko saskibaloi jokalariak. Bere ihesaren testigantza eman du: «Gure bizitza bakarrik salbatu ahal izan dugu»

Nilofar Bayat gurpil aulkiko saskibaloi jokalaria, gaur goizean, Bilbon. ARITZ LOIOLA / EFE
Naroa Torralba Rodriguez.
2021eko abuztuaren 23a
18:42
Entzun

Prentsa agerraldia egin du gaur Nilofar Bayat gurpil aulkiko saskibaloi jokalari eta Afganistango selekzioko kapitainak, EAEko CEAR-ek Bilbon duen egoitzan. Bayat joan den larunbatean heldu zen Bilbora, Madrildik. Talibanek gobernua hartu bezain azkar eman zuen larrialdi deia, eta laguntza eskatu zuen Kabuldik bertatik. Bilboko gurpil aulkiko Bidaideak taldeak erantzun zion, esanez bazuela lekua taldean, eta tramiteei ekin zien Bilbora irits zedin. «Oso pozik» eta «eskertuta» dagoela adierazi du Bayatek: «Eskerrik asko nire senarra eta biok hemen egon gaitezen lan egin duen jende guztiari».

Sentimendu horiek mikaztu egiten zaizkiola aitortu du, hala ere, Afganistango egoeraz pentsatzean. Gertatzen dena «amorruz» bizitzen ari dela adierazi du: «Oso amorratuta eta triste nago nire herrialdearengatik. Urte eta erdi izan dute talibanek herrialde osoko boterea hartzeko. Eta egun batean hiriburura heldu eta gobernua hartu dute. Ezin sinetsita gaude». Matxinoek boterea hartzea hogei urte atzera egitea dela nabarmendu du: «Orain antzezpen moduko bat egiten ari dira talibanak, baina duela hogei urte baino arriskutsuagoak dira». Gogoan izan ditu, bereziki, emakumeak: «Emakumeak dira kaltetuenak; ez dute lanik, ezta eskubiderik ere».

Lortu duena galdu izanak bihotza «urratzen» dio Bayati: «Oso denbora laburrean erauzi didate hainbesteko esfortzuarekin eta lanarekin lortu dudan guztia». Talibanak haren etxera iritsitakoan ekin zion irtenbide bat bilatzeari. Haren bizitza jokoan ikusi zuen: «Badira nire bideo batzuk. Sakibaloian agertzen naiz batzuetan, baina beste askotan emakumeen eskubideak babesten ari naiz. Izua nuen, nire aurka erabil zitzaketelako».

Kabuletik Bilbora egindako bidaia ere kontatu du: «Dei bat jaso nuen, nire izena zerrenda batean ageri zela eta herrialdetik irten nintekeela esanez. Aireportura jo nuen berehala». Etxetik irtetean konturatu zen jende askoren helburua zela hegazkina hartzea: «Talibanez josia zegoen dena. Etengabe ari ziren tiroka, gu izutu nahian. Hegazkinen batera igotzeko asmoa genuen milaka lagun elkartu ginen. Senarra eta biok jo egin gintuzten. Hura izan zen talibanekin izan nuen lehen kontaktua». Bagajea ere kendu zietela salatu du: «Gure bizitza bakarrik salbatu ahal izan dugu».

Etorkizuna «itxaropenez» hartu nahi du Bayatek: «Berriro bizitzeko aukera daukat orain, nire senarrarekin hemen bizitzekoa. Hala ere, ezin diot muzin egin nire herriari». Afganistango jendea gogoan duela aitortu du: «Herenegun, nire ahizpari hots egin nion, jakiteko nola zegoen eta galdetzeko ea berandu baino lehen gurera etor zitekeen. Eta esan zidan atzo bere aurrean zortzi pertsona hil zituztela talibanek, umeak barne».
Afganistanen ez dago etorkizunik, Bayaten iritziz: «Ezta itxaropenik ere. Ez daukat itzultzeko arrazoirik».

«Krisi humanitarioa»

Afganistandik ihes egiteko ahaleginean ari direnei harrera egin beharra aldarrikatu du EAEko CEAR-ek agerraldian. Horretan ari diren herrialdeen «esfortzua» txalotu du Patricia Barcena zuzendariak: «Krisi humanitarioaren berri ematen ari dira komunikabideak, eta jakina da herrialde asko ari direla esfortzua egiten, eta pertsona ugari hartu dituzte». Nabarmendu du egoera ez dela «berria», azken urte eta erdiko «gatazkaren» ondorioa baizik: «UNHCR-ren [Iheslarientzako Nazio Batuen Erakundeko Agentzia] arabera, 400.000 afganiarrek ekin diote ihesari». Gehitu du %80 emakumeak eta haurrak direla: «300.000 pertsona inguruk egin dute alde azken hamar-hogei egunetan. Gehienak herrialde mugakideetara joan dira, Pakistanera eta Iranera. Hau hasi besterik ez da egin».

Elena Valverde EAEko CEAR-eko lurralde koordinatzaileak nazioarteari dei egin dio: «Bat egiten dugu Nazio Batuen Erakundeak egin duen eskariarekin, eta nazioarteari dei egiten diogu ateak zabal ditzan eta pasabide humanitarioak gaitu eta prestatu ditzan». Tresnak badaudela nabarmendu du, eta «2015ean Siriarekin gertatu» zenarekin parekatu du egungo egoera, egin behar ez denaren adibide gisa. «Europak ezin du pertsonen salerosketan hasi herrialdekako kuotekin», gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.