Enpresak

Gasteizko Mercedesek produkzioa etengo du astebetez, osagai faltagatik

Aldi baterako erregulazioan sartuko ditu langile guztiak: ia 5.000. Ez dute baztertzen egun gehiago behar izatea lanera itzultzeko, edo neurria berriz ezartzea, txipen merkatua egoera «kritikoan» dagoelako

Gasteizko lantegiko behargin batzuk. MERCEDES-BENZ
jokin sagarzazu
2021eko abuztuaren 26a
15:12
Entzun

Munduaren punta batean susperraldia nabaritzen hasten direnean, bestean atzera egiten dute berriz. Hala gertatzen ari zaio autogintzaren sektoreari Europan eta Ameriketan. Asiatik ekarri behar dituzten osagaien merkatua kolapsatuta dago, herrialde batzuetan produkzioa gelditu behar izan dutelako, koronabirusaren olatu berriengatik, edota merkatuak ez duelako gehiagorako ematen, eskaria oso handia delako, auto ekoizleak eta halako osagai elektrikoak behar dituzten beste industriak, ia denak batera krisiaren aurreko mailetan produzitzen hasi direlako.

Egoera horretan dago Gasteizko Mercedes Benzen lantegia. Produkzioa etengo du datorren astean: astelehenetik ostiralera eta hiru lan txandetan. Zuzendaritzak langileei jakinarazi dienez, autogintzako osagaien merkatuan dagoen krisiagatik, zehazki, mikrotxipen edo erdieroaleen produkzioaren krisiagatik. Ez da lehenengo aldia arrazoi horrengatik neurri hori hartzen dutela Arabako lantegian, baina kasu honetan langile guztiei eragingo die: 5.000 ingururi, eta urte honetako etenaldirik luzeena izango da, ekaineko bigarren erdian egin zutenarekin batera.

Dena den, erabakiak ez ditu ezustean harrapatu: susmoa zuten aste honetan lanera itzultzearekin batera hori gerta zitekeela. Hori dela-eta, oporraldien aurretik enplegua aldi baterako erregulatzeko txosten bat negoziatu zuten, eta uztailean berretsi zuten, langileen batzordeko ordezkarien gehiengoaren oniritziarekin.

Neurria hurrengo astean bertan sartuko da indarrean. Zuzendaritzak 30 eguneko erregulazioa egiteko aukera izango du, urtea amaitu arteko epemugarekin. Egun horietan langileek soldataren %80 jasoko dute.

Oraingoz, zuzendaritzak datorren asteko egutegia soilik ezarri du. Hala ere, sindikatuek kezkaz begiratzen diote egoerari. Datorren ostegunean bilduko dira berriro, egoera baloratzeko eta, hala badagokio, hurrengo asteko plana taxutzeko, irailaren 6tik 10erakoa. Aurrera begira, enpresak hiru larunbat, irailaren 11, 18a eta 25a, lanegun gisa aktibatzeko aukera proposatu du, ekoizpen gaitasuna berreskuratzeko, betiere hornikuntza nabarmen hobetzen bada. Halaber, esan du parkean dauden autoen lanak bizkortu nahi dituela, horiek amaitu ahal izateko osagaiak badituztelako.

3.000 furgoneta gutxiago

Datorren asteko etenak eragin zuzena izango du ekoizpenean ere, 2.840 furgoneta egiteari utziko baitiote Arabako lantegian. Urtea amaitu arteko produkzio zifrak uztailean berrikusi zituzten: 141.000 auto egiteko helburua jarri zuten. Orain, 138.000 inguru izatea aurreikusten dute. Urte hasieran iragarritako 150.000 unitateetatik urrun, beraz. Orduan, oso aurreikuspen baikorra egin zuen enpresak, inoizko kopuru handienetatik gertu, eta beste 400 langile kontratatzeko aukera ere aipatu zuen.

Mercedesen arabera, erdieroaleen merkatua egoera «kritikoan» dago. Arrazoi nagusia da Malaysian eta Vietnamen pandemia areagotu egin dela, eta hango lantegiek produkzioa eten edo gutxitu behar izan dutela. Herrialde horietan egiten dira, hain justu, Mercedesek balaztatze sisteman erabiltzen dituen txipak. Nolanahi ere, Stuttgarten (Alemania) egoitza duen zuzendaritzak Arabako lantegia lehenetsi du, eta agindu du erdieroaleak jaso ahala hara bidaliko dituela.

Autogintzaren sektore osoari eragiten dio krisiak. Auto fabrikatzaile handiek ohartarazi dute hornikuntza arazoek gutxienez 2022ko lehen seihilekora arte iraungo dutela. Osagai horiekin izandako arazoak joan den udazkenean hasi ziren. Volkswagenek Iruñean duen plantan ere nabaritu dute. Landabenen, martxoan eten zuten produkzioa. Enpresak uste du ezingo dutela luzaroan horrela jarraitu. Dena den, osagai faltak jada izan du eragina: aurreikusi baino 3.300 ibilgailu gutxiago egingo ditu aurten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.