Albistea entzun

Txip txipi, buruko min handi

Euskal Herriko autogintza hasi da nabaritzen erdieroaleen osagaien eskasia. Mundu mailako arazoa da, eta sektore ekonomiko gehiagori eragin die. Urte osoan iraungo du.

Volkswagenek Nafarrroan duen fabrikako irudi bat. Lantegi horretan ere ari nabaritzen txipen falta.
Volkswagenek Nafarrroan duen fabrikako irudi bat. Lantegi horretan ere ari nabaritzen txipen falta. JESUS DIGES /EFE Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2021eko apirilak 29

Nor da azkena? Harategian zain dauden bezeroen gisan daude oraintxe digitalizazio handiko sektoreak, hala nola automozioko, telefoniako eta aparatu elektronikoen arloko ekoizleak. Guztiak daude ilaran, euren produktuetarako ezinbestekoak diren erdieroaleen osagaien fabrikatzaileek eskariari noiz erantzungo zain. Hornidura faltak produkzioa geldotzea ekarri du. Txipak txipi izanagatik, buruko min handi bihurtu dira. Egoera bideratzea «premiazko lehentasunik handiena» izendatu du Joe Biden AEBetako presidenteak.

Euskal Herrian ere nabaritu da txip eskasia. Urte hasieran, Volkswagenek eta Mercedesek jakinarazi zuten euren produkzioari eragingo ziola. Hasieran lasai egoteko abisatuagatik, lehenago edo geroago nabarituko zutela uste zuten Iruñean eta Gasteizen. Landabenen, martxoaren 25ean, 26an eta 27an gelditu egin zen produkzioa, eta Gasteizen, martxoaren 23an.

Volkswagenek ostegunetan banatzen ditu hurrengo asterako erdieroaleak taldeko fabriken artean. Iragan astean produkzioa gelditzear izan zen. Eskularru kutxa azpiko IMB3 zentralita falta zaie batik bat, eta, «egoera ezegonkorra» bada ere, Volkswagenek erabaki du aurrera jarraitzea: produkzioa eten ordez, zenbaitetan ez dute autoa osorik ekoitziko. ELAk uste du ezingo dutela luzaroan horrela jarraitu. Dena den, osagai faltak jada izan du eragina: aurreikusi baino 3.300 ibilgailu gutxiago egingo ditu aurten.

Hornidura krisiak autogintzari eragin dio bete-betean. Besteak beste, Volkswagenek, General Motorsek, Fordek, Hondak eta Nissanek produkzio jaitsierak iragarri dituzte. Arazoak agerian utzi du ekoizteko unean bertan hornitzeko just in time ereduaren arriskua. Aholkularitza etxe baten arabera, 51.000 milioi euro gutxiagoko diru sarrerak izan ditzake aurten sektoreak. AEBetan, 1,3 milioi ibilgailu egiteari utz diezaioke sektoreak.

Zergatik gertatu da? Arrazoien artean nagusietako bat pandemia bera da. Iazko konfinamenduaren ondorioz, autogintza gelditu egin zen hainbat astez, eta autogileak erdieroaleen eta txipen eskaria murriztera behartu zuen. Aldi berean, konfinamenduak berak etxetik lan egitera, eskolak ematera edo aisialdia teilatupean egitera bultzatu zuen, eta horrek ordenagailu, kontsola, telebista eta bestelako tresna elektronikoen gorakada ekarri zuen.

Hutsunea besteen esku

Autogintzak hornidura katean utzitako hutsunea bete zuten alor horiek, eta erdieroaleen egileek haien beharretara egokitu zuten ekoizpen lerroa. Irailetik aurrera, auto produkzioak erritmoa berreskuratu eta eskariak handitu zirenean, ilaran azken tokian jarri behar izan zuten, eta, euren biltegiak hustuz joan direnean, azaleratu da arazoa. Egun, erdieroale eta txip fabrikak bete-betean ari dira lanean, eta 40 aste inguru behar izaten dute automozioko bezero baten eskariari erantzuteko.

Dena den, ez dira kaltetu bakarrak. Azken batean, gero eta digitalizatuago dagoen ekonomia batean, autogintzak erdieroaleen egungo merkatuaren %10 baino ez du ordezkatzen, eta sektore teknologikoetan ere nabaritu da eskasia. Adibidez, udazkenean Applek hilabete batez atzeratu behar izan zuen iPhone-12ren aurkezpena, osagai faltagatik, eta antzera gertatu zitzaion iPad-en azken modeloarekin. Microsoftek eta Sonyk ere euren kontsolen merkaturatzea atzeratu behar izan zuten.

Digitalizazioaren joera aurretik ere bazetorren, baina pandemiak nabarmen bizkortu du, eta funtsean eskaintza ez da gai eskariaren igoera handi horri erantzuteko. Gabezia horren atzean, COVID-19aren aurretiko erabaki politikoen ondorio ekonomikoa egon daiteke. Donald Trump AEBetako orduko presidenteak Txinako produktu teknologikoei ezarritako blokeoak epe luzeko kaltea eragin zuen. 2018. eta 2019. urteetan, Txinak ezohiko kopuruan bereganatu zituen nazioarteko merkatuan txip eta erdieroaleak, 5G sareei zein behar teknologikoei erantzuteko. Orain, biltegi horrek lehia abantaila handia ematen dio Txinari.

Izan ere, ez dirudi eskariaren eta eskaintzaren arteko tarte hori berehalakoan estaliko denik. Erdieroaleak ekoiztea ez da torlojuak fabrikatzearen modukoa: inbertsio eta ahalmen teknologiko handia eskatzen dute, baita kualifikazio handiko lantaldea ere.

Pandemiaren hasieran, osasun arloko materialen produkzioarekin gertatu zen bezala, arazoak agerian utzi du mendebaldeko herrialdeen beste gabezia bat: besteen menpe daude. Erdieroaleen ekoizpenaren %80 inguru Asia ekialdean egiten da, Taiwanen eta Hego Korean bereziki. «Gehiegi», Intel konpainiak berak onartu duenez.

Egoera aldatu nahian

Egoera hori aldatu nahi dute AEBek eta Europako Batasunak. Azaroan Joe Biden presidente aukeratu berriari bidalitako gutun batean, Bob Swan Inteleko presidenteak gogorarazi zion munduko erdieroaleen %12 baino ez zela ekoizten han. Kargua hartu eta berehala, Bidenek autogileei agindu zien arazoa aztertuko zuela. Iragan astean, berriz, konpromisoa hartu zuen 42.000 milioi euroko inbertsioa egingo zuela azpiegiturak hobetu eta erdieroaleen produkzioa sustatzeko. Intelek ziurtatu du 10.000 milioi euro inbertituko dituela Arizonan bi fabrika egiteko. Bederatzi hilabete beharko ditu abian jartzeko. Taiwango TSMS enpresak, berriz, beste 10.000 milioi inbertituko ditu Arizonan ere —kasu honetan 2024rako jarriko da abian.

Europak ere ekoizpen ahalmena bikoiztu nahi du, eta asmoetako bat da megafabrika bat eraikitzea. Negoziazioetan ari dira TSMSk ekoizpenaren zati bat Europara ekar dezan. Intelek egun Irlandan fabrika bat du, eta beste herrialde batean beste ekoizpen zentro bat irekiko duela aurreratu du —ez du esan non—. Inbertsio horiek denbora beharko dute merkatuan nabaritzeko. Ez dirudi, hortaz, berehalakoan konpondu daitekeenik eskasia. Baliteke 2022ra arte irautea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina hori da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Lanbideren bulego bat, Errenterian (Gipuzkoa) ©Andoni Canellada (Foku)

Enplegua galduz hasi da urtea Hego Euskal Herrian

Jokin Sagarzazu

Lanbidek eta Lansarek 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopuruak ere behera egin du: 12.237 gutxiago.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur. ©FRIEDEMANN VOGEL / Efe

EBZk %3ra igo ditu interesak, eta martxoan %3,5era iristeko asmoa du

Iker Aranburu

Eurogunea atzeraldian ez sartzeak eta inflazioa jaisteak ez du banku zentrala iragarritako bidetik atera. Interes tasak mugatik «urrun» daudela esan du Lagardek

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Fancisco Azpiazu idazkari nagusia. ©Monika Del Valle / FOKU

Cebekek enpresen lehiakortasuna handituko duen zerga erreforma bat eskatu du berriz

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko patronala «absentismo» handiaz kezkatuta dago, baina onartu du langileen zahartzeak eragina duela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...