Indarkeria digitala

Nafarroako Unibertsitateko aditu batek dio gorrotoa bezalako sentimenduek klik gehiago sortzen dituztela

Eleonora Esposito ziberindarkeriari buruzko proiektu baten buru da, eta uste du asko gelditzen dela indarkeria digitala desagerrarazteko.

Eleonora Esposito Nafarroako Unibertsitateko aditua. MANUEL CASTELLS, NAFARROAKO UNIBERTSITATEA
Oihane Puertas Ramirez.
2021eko abuztuaren 30a
17:31
Entzun

«Gorrotoa bezalako sentimendu biziek eta emozio indartsuek klik gehiago sortzen dituzte, eta hori da plataformek bilatzen dutena», adierazi du Eleonora Esposito Nafarroako Unibertsitateko ikertzaileak. Horregatik, «indarkeria digitala desagerrarazteko asko dago egiteko». Genero Berdintasunerako Europako Institutuko ziberindarkeriari buruzko proiektu baten buru da Esposito. Proiektuan, indarkeria mota horren formak eta adierazleak zehazteko marko kontzeptual bat landuko du, eta, horren bitartez, EB Europako Batasuneko herrialdeetan indarkeria horri aurre egitea du helburu.

Indarkeria digitala baliabide digitalen bidez egiten da, hala nola sare sozialen, posta elektronikoaren eta mugikorreko aplikazioen bitartez. Cybersmile fundazioaren arabera, Interneteko erabiltzaileen %60k ziberjazarpena jasan dute noizbait. Eraso horiek modu askotara egin daitezke; profil faltsuak sortzetik, beste baten informazio edota irudi pribatuak zabaltzeraino. Jazarpen mota horiek guztiek, biktima baten jarduteko modua baldintzatzeaz gain, osasun mentalean eta fisikoan eragin dezakete.

Espositoren arabera, indarkeria digitala «ezezaguna» da oraindik, eta horregatik uste du Europako eta estatuetako sistema legegileek kontuan hartu ahal izateko «parametro objektiboak» ezarri behar direla.

Ikerlariak adierazi duenez, lehen erronka «ziberindarkeriaren kontzeptualizazioa homogeneizatzea» da. Hau da, hurrengoa zehaztea: «zer den indarkeria eta zer ez, zein den generoak indarkerian duen eginkizuna, herrialdeetan zer lege espezifiko dauden horri aurre egiteko, nolakoa den Interneten emakume izatea eta zertan bereizten den gizona izatetik». Ikerketan alderdi intersekzionalak ere aztertuko dituzte, emakume izatea eta gutxiengo etniko edo erlijioso bateko kide izatea edo desgaitasunen bat izatea, adibidez.

Bi urte barru amaituko dute proiektua, eta Europako Batzordeari bidaliko dizkiote ondorioak. Ondorio horiek oinarri hartuta, Batzordeak indarkeria digitalari aurre egiteko zenbait gomendio sortuko ditu.

Espositok esperientzia du gai horretan, izan ere, emakume liderren aurkako indarkeria digitala aztertu du ICS Nafarroako Unibertsitateko Kultura eta Gizartea Institutuko Discurso público taldean. Ikerlariaren arabera, «profil publikoek Interneteko erasoen gune bihurtzen dituzte maiz», eta ikusgaitasun horrek «jazarpen digitalaren biktima diren beste emakume anonimo batzuei baino salaketa aukera gehiago» eskaintzen dizkie. Emakume guztiak babesteko beharra nabarmendu du Espositok: «Ikuspegia zabaldu behar dugu egoera ahulean dauden guztiak babesteko, ez bakarrik esfera publikoan daudenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.