Albistea entzun

Argazkilaritza jaialdia

Elkarbanatzea oinarri duten erakusketak eta topaketak egingo dituzte Getxophoton etzitik aurrera

30 ekintza baino gehiago izango dira Getxoko argazkilaritza jaialdian, eta hainbat proiektu digital ere bilduko ditu. Irailaren 26ra bitartean egingo da.

Getxophoto jaialdiko erakusketa gehienak aire zabalean kokatu dituzte.
Getxophoto jaialdiko erakusketa gehienak aire zabalean kokatu dituzte. Monika del Valle/ Foku Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko abuztuak 31 13:53

Elkarbanatzetik abiatuta mamitu du Begihandi taldeak 15. Getxophoto argazkilaritza jaialdia. 26 erakusketa ikusi ahal izango dira ostegunetik irailaren 26ra bitartean, eta, orotara, 30 ekintza baino gehiago egingo dituzte, topaketak ere eskainiko baitituzte, besteak beste. Aurten, Getxoko (Bizkaia) beste auzo bat gehituko da egoitza gisa, Itzubaltzeta, eta Bilbora eta Donostiara ere eramango dituzte pare bat erakusketa. Iazko aldian bezala, eremu digitalak indarra izango du oraingoan ere, eta ekoizpen propiorako tokia egongo da, orobat: lau proiektu estreinatuko dira, zehazki.

Erakusketa ohikoak zein «bereziagoak» egongo dira, Jon Uriarte jaialdiko zuzendari artistikoak iragarri duenez, eta nazioarteko artisten lanak ere erakutsiko dituzte festibaleko hamabost egoitzetan, gehienak aire librean. Esaterako, Hoda Afsharren Agonistes argazki bilduma ikusi ahal izango da Zabala ikastetxean. Australiako gobernu langile ohien salaketetatik abiatuta, erakusketak agerian uzten ditu administrazio publikoaren abusuak immigrazioari, gazteen atxiloketei eta dibertsitate funtzionalari dagokienez.

Azokan, berriz, Zahara Gomezen Recetario para la memoria proiektua kokatuko dute, narkotrafikoarekin eta krimen antolatuarekin lotutako milaka desagertzeei buruzkoa. Indarkeriaz mintzo da, halaber, Etinosa Yvonne artista Itzubaltzetako kultur etxean erakutsiko duten It’s all in my Head lanean; Nigeriako terrorismoak eragindako bortxa ageri du, hain zuzen. Aitzitik, haragiaren industriak ingurumenean duen eragina agertzen du Mishka Hennerren Feedlots-ek, Ereaga hondartzan.

Erakusketetatik harago

Erakusketez gain, beste hiru zutabe izango ditu programazioak, Jokin Aspuru jaialdiko zuzendariaren arabera: eremu digitala, hezteko funtzioa eta topaketak. «Ikusizko kultura sarean ere badago», eta, horrenbestez, digitalki bakarrik ikus daitezkeen edukiak ere prestatu dituzte. Janariarekin egiten den bezala, artea ere etxez etxe eramateko proiektu bat garatu dute Sebastian Schmiegek eta MawatreSek: Gallery Dellivery. Banatzaile batek erakusketa bat helaraziko dio bezeroari, eta hark ordubetez ikusteko aukera izango du, eta, nahi izatekotan, piezaren bat erostekoa ere. Aldiz, «eutanasia digitala» eskaintzen dute Roc Hermesek eta Daniel Moreno Roldanek Instadeath tailerrean. «Instagramekin harreman gatazkatsua duten erabiltzaileei zuzenduta dago», zehaztu du Aspuruk.

Hezkuntza artistikoari dagokionez, jaialdiaren eta publikoaren bitartekaritza eskaintzen du Getxophotok. Hala nola Alaia Martin eta Imanol Uria bertsolariak, eta Yogurinha Borova eta Belakoko Cris Lizarraga musikariak ariko dira zeregin horretan, bisita gidatuak eginez edota haien proposamenak ezagutaraziz. Bestalde, argazkilari egonkortuekin zein hasiberriekin topaketak antolatu ditu festibalak.

Kanpoan ondutako proiektuak ez ezik, lan propioak ere erakustea du xede Getxophotok. Aurtengo aldian, jaialdirako propio egindako lau ekoizpen izango dira, eta haietako bat da Gallery Dellivery. Dina Kelbermanen Your Hail Photos da beste bat: udalerriko Gizarte Zerbitzuetako eraikineko fatxadan, txingor bola mardulak eusten dituzten eskuen argazkiak kokatu ditu. Blanca Munten Alerta Vecino, berriz, WhatsApp aplikazioan garatutako herritarren zaintza sare bat da. Azkenik, Begoña Salazarren argazki albumak digitalizatuko dituzte: bizilagunek emandako Getxoren irudi andana bat biltzen dituzte albumok.

Getxotik harago, Junoren Las dos hebras erakusketa Bilboko eta Donostiako Fnac dendetan ere erakutsiko dute, eta Lebohang Kganyeren Ke Lefa Laka hartuko du Gipuzkoako hiriburuko Tabakalerak.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Miren Agur Meabe saritutako lana aurkeztu zuen egunean ©Jagob Manterola/Foku

Miren Agur Meabek Espainiako Poesia Saria irabazi du

Iñigo Astiz

‘Nola gorde errautsa kolkoan’ liburuagatik saritu dute egilea, eta 20.000 euro jasoko ditu. Euskarazko liburu batek sari hori jasotzen duen lehen aldia da

Miren Agur Meabe. ©Monika del Valle / Foku

«Gorputzaren idazketatik aldentzen ari naiz; horren isla da liburua»

Aitor Biain

Pozik eta hunkituta jaso du Espainiako Poesia Sariaren berria Miren Agur Meabek (Lekeitio, Bizkaia, 1962). Bidaide izan dituen guztiei eskaini die.

Donostiako Zinemaldia | Laburpena, irailaren 20a

'Vous ne désirez que moi', 'Distancia de rescate' eta 'Crai nou' filmen aurkezpena

BerriaTB

Donostiako Zinemaldiko laugarren egunaren bideo laburpena.

Maria Valverde, Clara Llosa, Samanta Schweblin eta Dolores Fonzi, gaur, Donostian. ©Jon Urbe / Foku

Amatasunaren hariak eta izuak

Ainhoa Sarasola - Mikel Lizarralde

Claudia Llosak Distancia de rescate filma erakutsi du Sail Ofizialeko lehian. Vous ne désirez que moi (Claire Simon) eta Crai Nou (Alina Grigore) pelikulak ere aurkeztu dituzte.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Egin BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna