Albistea entzun

Kontxako Bandera

Airean dago bandera

Hiru segundoko zigorra jaso arren, Hondarribiak egin du lehen jardunaldiko denborarik onena. 1,74 segundoren aldea atera dio Santurtziri, eta ia laurena Zierbenari. Oriok osatuko du datorren igandeko ohorezko txanda. Hondarribiako ordezkariek, bestalde, zigorra berriz aztertzeko eskatu diete epaileei, baina epaileek eutsi egin diote.

Hondarribiako arraunlariak, gaur, estropada amaitutakoan.
Hondarribiako arraunlariak, gaur, estropada amaitutakoan. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar - Paulo Ostolaza -

2021eko irailak 5 09:43

Garrantzitsuena ez da nola hasten den, nola amaitzen den baizik. Horixe berretsi du gaur Hondarribiak Kontxako Banderako lehen jardunaldian. Estropadari, ordea, ez dio nahi bezala ekin Ama Guadalupekoa-k; semaforoa berde jarri baino lehenago atera da, antza, eta hiru segundoko zigorra ezarri diote. Ondoren, ordea, buelta eman diote egoerari: estropada bikaina egin dute Orbañanosen mutilek, eta txanda berean aritu den Zierbenari hiru segundo atera dizkiote. Santurtzi bigarren txandan aritu da, eta aise irabazi du. Iker Zabalaren taldeari nabaritu zaio bandera preziatua irabazteko gosez dagoela, Hondarribiarengandik 1,74ra geratu bada ere.

Kontxako badia igerileku baten gisan zegoen: bare-bare. Kanpoaldean ere apenas zegoen olaturik. Lehen txandan aritu da gaurko garailea, laugarren kalean. Berdeen ondoan, Zierbena, Donostiarra eta Urdaibai joan dira, hurrenez hurren. Hondarribiak Santa Klara uhartean hartu du estropada burua, Donostiarrak irteera indartsua egin baitu. Zierbena ere ez zen urruti, eta, palakadaz palakada, Hondarribia eta Zierbena dotore asko joan dira brankaz. Mikel Orbañanosen taldea iritsi da lehena ziabogara, eta Zierbenari bi segundo atera dizkio; lau Donostiarrari, eta sei Urdaibairi.

Bueltako luzean, Hondarribiak aparrak atera dizkio itsasoari. Donostiarra geratzen hasita zegoen, eta Zierbenak hala moduz eutsi ahal izan dio Ama Guadalupekoa ontziari. Baina, apurka-apurka, Hondarribikoen eta Zierbenakoen tartea handituz joan da, berdeen mesederako. Bosgarren kaletik zihoan Hondarribia, eremu horretan Amunarritzek olatu koxkorrak atzemango zituen ziurrenik, eta olatu horiek baliatu nahi izango zituen ontziari abiadura emateko. Hain zuzen, zazpi segundo ateratzen zizkion Zierbenari.

Lau ontziak badian sartu direnean, Zierbena hobeto moldatu da Hondarribia baino. Halere, Orbañanosenek lehen postuari eutsi ahal izan diote, eta eurak izan dira txandako azkarrenak. Zierbena hirura helmugaratu da, bederatzira Donostiarra, eta hamazazpira Urdaibai.

Santurtzik, ezin

Goizak aurrera egin ahala, haizeak ipar-ekialdetik jotzen zuen, eta badia inguruan, behintzat, zertxobait gora egin du; momentu batez, orduko bederatzi kilometroko abiaduran, batez beste.

Bigarren txandan beste oilarra joan da: Santurtzi. Lehen kaletik joan da Zabalaren taldea; bigarrenetik, Ares; hirugarrenetik, Orio; eta laugarrenetik, Cabo. Sendo hasi du estropada Sotera traineruak, eta une batez GPSak adierazten zuen Santurtzi hiru segundo azkarrago zihoala Hondarribia baino. Baina ziabogara atzetik heldu da. Uste baino atzerago, gainera. Hondarribiak bost segundo atera dizkio. Orio txandako bigarrena heldu da, Santurtzirengandik bost segundora; hamaikara Cabo, eta hamabostera Ares.

Maniobraren ostean, Oriok joaldia egin du, eta Santurtziri hiru segundora hurbildu zaio. Halere, Soteraren erantzuna berehalakoa izan da. Metroak egin ahala, bai Santurtzi bai Orio laugarren eta bosgarren kaleetara gerturatu dira, olatu txikiei ahalik eta zukurik gehien ateratzeko. Santurtzik estropada kontrolpean izan du, baina Hondarribiak nahiko buruhauste eman dizkio, bost atzetik baitziren bizkaitarrak. Gorka Aranberri Santurtziko patroiak arraunlariei datua bota, eta erritmoa sarritu dute. Bai sarritu ere; minutuko 47 palakadako erritmora handitu dute, baita Hondarribiarengandik segundo bakarrera hurbildu ere.

Amaieran, berdeengandik 1,74 segundora geratu da. Orio moreengandik zazpi segundora heldu da, eta datorren igandean ohorezko txandan ariko da. Cabok zazpigarrena egin du, eta Ares zortzigarren postuan geratu da.

Gaurko jardunaldia amaituta, Hondarribiako ordezkariek hiru segundoko zigorra berriz aztertzeko eskatu diete epaileei, baina epaileek zigorrari eutsi diote.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Shane Larkin eta Vasilje Micic, Efeseko bi izarrak, azken Euroligako finala irabazi berritan, elkar besarkatzeko prest. ©ANDREJ CUKIC / EFE

Inoizko Euroligarik gogorrena

Beñat Mujika Telleria

Urtero maila hobetuz badoa ere, Europako izarren ligak gogoangarria izateko osagai guztiak ditu sasoi honetan. Hemezortzi talde lehiatuko dira gorenera iristeko asmoz.

 ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Iñaki Berastegi

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.
Brais Mendez Realeko jokalaria, Omoniako jokalariez inguratuta, Europa ligako aurreko partidan. ©JON URBE / FOKU

Realak zigilua jarri nahi du

Jon Ander De la Hoz

Txuri-urdinek Moldavian jokatuko dute gaur Europa ligako hirugarren jardunaldian, Xeriffen aurka. Garaipena dute helburu, multzoko lidergoa indartzeko. Imanolek dio «lehia gogorra» izango dela

Julen Lopetegi atzo, Sevillaren eta Dortmunden arteko neurketa bukatu berritan. ©Jose Manuel Vidal, EFE

Julen Lopetegik utzi egin dio Sevillako entrenatzaile izateari

Uxue Rey Gorraiz

Bart kargugabetu dute euskal teknikaria, taldearen bolada txarra dela eta. Klubak ez du iragarri Lopetegik utzitako hutsunea nork beteko duen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...