Ginea

Ginean «batasun nazionaleko gobernu bat» osatuko dute trantsiziorako

Igandean estatu kolpea eman zuen militar taldeak iragarri du ez dela «sorgin ehizarik» izango. Aireko eta itsasoko mugak ireki ditu berriz.

Alpha Conde, atzo, bahitua izan ostean. EFE
ander perez zala
2021eko irailaren 5a
19:07
Entzun

Ginean estatu kolpea eman duen militar taldearen buru Mamady Doumbouyak jakinarazi du «batasun nazionaleko gobernu bat» osatuko dutela trantsiziorako: «Kontsulta bat abiatuko dugu trantsizioaren lerro nagusiak deskribatzeko».

Asmo horretaz haratago, koronelak ez du epe horri buruzko xehetasun gehiagoren berri eman, ezta lantalde hori nola eta norekin osatuko duten ere. Horren ordez, azaldu du «aktibitateak ohiko moduan garatuko» direla, eta hegaldiak berriz baimendu eta itsasoko mugak irekiko dituztela —aurreko gobernukoentzat izan ezik—, bidaiak eta esportazioak ahalbidetze aldera; gainera, gehitu du atzo inposaturiko etxeratze agindua bertan behera geratu dela meatze guneetan. Hori guztia, inbertitzaileak eta bazkide ekonomikoak «lasaitzeko».

Atzo, goizean goizetik hasi ziren tiroak Konakryn, Gineako hiriburuan. Militar talde batek estatu kolpea jo zuen hainbat erakunde garrantzitsuk egoitza duten Kaloum auzoan, eta, besteak beste, Alpha Conde herrialdeko presidentea atxilo eraman zuten. Horren ostean egin zituzten lehen adierazpenak: mugak ixteko eta erakunde publikoak desegiteko agindu zuten —gobernua tarteko—, eta konstituzioa bertan behera geratu dela adierazi zuten.

Gineako hedabideen arabera, kolpea jo dutenak 2018an sortutako Indar Berezien Taldeko kideak dira, eta haien burua da Doumbouya, Frantziako armadako legionario izandakoa. Hura da, hain justu, sare sozialetan zabaldu den bideo batean hizketan agertzen dena. Horretan, Conde agintean denetik herrialdeak jasan dituen gauzen zerrenda bat aipatzen du; tartean, ustelkeria eta pobrezia. Halere, ez da zabaldu duten bideo bakarra: bestean Conde ageri da, eserita eta militarrez inguratuta.

Hasieran, gobernuak, Defentsa Ministerioaren bitarteaz, zabaldu zuen egoera kontrolpean zuela, baina geroxeago argi geratu zen egoera ez zela horrelakoa, eta haren tokia hartu zuen militar taldeak.

Iragarritako batasun gobernua osatu bitartean, Doumbouya buru duen junta militarra izango da agintean: Garapenerako eta Batasunerako Batzorde Nazionala. Lehen erabakietako bat izan da, adierazi dutenez, estatu kolpearen kontrakoen aurkako jazarpenik ez izatea: «Ez da sorgin ehizarik egongo, justizia izango da gure iparrorratza».

Hirugarren agintaldia

Condek iazko azaroan ekin zion bere hirugarren agintaldiari, 82 urterekin. Oposizioko hainbat talderen arabera, hauteskunde haiek ez ziren garbiak izan, eta haien aurretik ere izan ziren presidentearen aurkako protestak. Besteak beste, Gineako Konstituzioa aldatu behar izan zuen hirugarren aldiz aurkezteko.

Horren berri eman zuenean, herritarrek bost manifestazio erraldoi egin zituzten, eta horietan gutxienez hamazazpi lagun hil zituzten. Atzokoaren aurretik, 2011n ere saiatu ziren Conderen aurkako estatu kolpea egiten, baina huts egin zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.