Kataluniako Diada

«Gaur ospatzen dugu ez dugula amore eman, ez garela Borboikoen menpekoak»

Diadako goizeko ekitaldian, Josep Rull, Joaquim Forn, Elsa Artadi, Carles Riera, Jordi Sanchez eta Jordi Cruixarten hitzak jaso ditu BERRIAk, besteak beste. Preso egondakoek nabarmendu dute azken hiru Diadetatik gaurkoa dela kaletik bizi ahal izan duten lehenengoa.

martxelo otamendi
2021eko irailaren 11
12:48
Entzun

Lehen Diada dute askatasunean 2017ko erreferendumaren harira Espainiak kartzelaturiko politikari katalanek. Horien artean, Josep Rull Generalitateko Lurralde eta Iraunkortasun kontseilari ohiak, eta Joaquim Forn Barne kontseilari izandakoak. Bien adierazpenak jaso ditu BERRIAk gaur, Bartzelonako kaleetan, arratsalde manifestazioaren atariko goizeko ekitaldian.

«Lehenengo Diada dugu, urte asko espetxean egon ostean, eta jendearen aldamenean egon nahi izan dugu, eta kusi dugu herri honetako jendeak ez duela amore eman», esan du Rullek. Herritarrek erresistentzia egitea aukeratu dutela, eta, horri esker, katalanek «askatasun nazionala berreskuratzen zorian» daudela gaineratu du. Euskaldunei ikasitako leloa ekarri du gogora politikariak: «Izan zirelako gara, garelako izango gara».

Forn pozik agertu da borroka politikoa kaletik jarraitzeko aukera dutelako orain. «Oraindik ez gara heldu helburura, baina urrats garrantzitsua egin dugu. Ez gaituzte garaitu, jarraitzen dugu bizirik eta lanean, Katalunia libre, independentea ikusi arte».

Elsa Artadi Generalitateko Departamenduen arteko koordinatzaile ohiak ildo beretik jo du. «Gaur ospatzen dugu ez dugula amore eman, ez garela Borboikoen menpekoak». Izurriak eragindako debekuen ostean kaleak berriz hartzeko aukera nabarmendu du.

Gaurko Generalitatearen jarreraren kontra jo du, ordea, Carles Riera CUPeko Kataluniako diputatuak, Espainiako Gobernuarekin negoziazio mahaia «absurdoa» defendatzeagatik, gaurko baldintzetan hori porrot egitera kondenatuta dagoela iritzita, «Espainiak, eta comunek bat egin dute horrekin orain, argi utzi duelako elkarrizketa mahaian ez dela inoiz hitz egingo autodeterminazio erreferendumaz eta amnistiaz». Dei egin dio Pere Aragones Generalitateko presidenteari kalean borrokatzera, «estatua makurrarazi arte».

En Comu taldeko Jaume Assensek, ordea, itxaropena jarri du elkarrizketa mahaian, eta hitza katalanei emateko eskatu du: «Hau boto kutxetan hasi zen, eta boto kutxetan amaituko da».

Jordi Sanchez Assemblea Nacional Catalana erakundearen lehendakariak gogoratu du espetxean egoteagatik bizitzerik izan ez dituen hiru Diadak. Gizarteak mobilizaturik jarraitzen duela nabarmendu du. «Kataluniak eskua luzatzen dio Euskal Herriari ere elkarrekin aurrera egiteko munduko nazio askeen kontzertuan. Mundu hobea eraikiko dugu lortzen badugu askatasunean egiten lortzen badugu, askatasuna gizabanakoentzat eta herrientzat».

Jordi Cuixart Omnium Cultural erakundeko lehendakariak gogoratu du «errepresio espiralean» dagoela oraindik ere. Espainiak horrekin herritarrak zatitzea bilatzen duela nabarmendu du. Burujabetzaren aldekoen proposamenak ez direla horren ezberdinak adierazi du, eta kontsentsurako dei egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.