Albistea entzun

Kontxako bandera (G)

‘Sotera’-k bere legea ezarri du

Santurtzik irabazi du Kontxako Bandera, Hondarribiari 2,22 segundoko aldea aterata. Bi jardunaldiak batuta, 48 ehunengatik nagusitu da, eta laugarrena du estropada honen historian.

Santurtziko arraunlariak, bandera garaipena ospatzen. /
Santurtziko arraunlariak, bandera garaipena ospatzen. / Andoni Canellada/Foku Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2021eko irailak 12

Ehunenekoengatik, estropada gogoangarri batean, Santurtzik irabazi du gizonezkoetan Kontxako Banderako ohorezko txanda, eta 2,22 segundoko aldea lortuta, baita bandera preziatua bera ere. 36 urte ziren ez zela bandera Sotera-n sartzen, eta lehortea gaur bukatu da. Azken metroetan lortu du Santurtzik lehen jardunaldiko aldea gainditzeko behar zuen denbora.

Gorka Aranberri patroiak, bestalde, seigarren aldiz astindu du arraun munduan gehien desiratzen eta ameste duten trapua. Lemazainen garaipen zerrendan, Juan Lizarralde Altxerri-ren parean jarri da zarauztarra, eta hirura du orain Manuel Arrillaga Aita Manuel; bederatzi irabazi zituen.

Zoriak bandera etxeratzeko faborito ziren bi talde elkarren ondoan egotea ekarri du; Santurtzi hirugarren kaletik aritu da; Hondarribia, berriz, laugarrenetik. Bi talde horiekin batera, Oriok lehenengotik egin du arraun, eta Zierbenak bigarrenetik. San Nikolas ontziko arraunlariek eman dituzten lehen palakadak, baita indartsuak ere, ontziaren branka aurretik jartzeraino. Marea beheraka zihoanez, lehendabiziko kaleak hobeagoak ziren irteteko, eta oriotarrek abantaila horri zukua atera die; bi segundo aurretik jarri dira Jon Salsamendirenak, baina behin Santa Klara uhartearen parean zirenean, gainerakoek arraunketa egonkortu eta parean jartzen lortu dute.

Aurreko txandakoek egin bezala, Hondarribiak eta Oriok erdiko kaleetara joatea erabaki dute, itsaslasterra baliatzeko asmoz. Behin itsaso zabalean sartu direnean, Santurtzik hartu du estropada burua, baina Hondarribia eta Zierbena ez ziren aparte. Oriok, berriz, ontzi bat galtzen zuen. Bakoitzak duen arraunketaren arabera, batzuk palakaden erritmoa sarriagoa zeramaten; besteek, berriz, lasaiago. Hori bai, guztiek arraunaren pala ongi sartzen zuten uretan, baita atera ere. Funtsezkoa ontzia egonkortzeko eta garbi-garbi brankaz joateko.

Ziabogara iristeko 100 metro falta zirenean, Hondarribiakoek joaldia egin eta lehenak jarri dira. Dena den, berdeek eta moreek denbora berean egin dute ziaboga. Zierbena bi segundo geroago iritsi da, eta hiru geroago Orio. Hala eta guztiz ere, Hondarribiak eta Santurtzik Donostiarrak lehen txandatik egindako denbora baino zortzi segundo motelago egin dute. Une horretan, donostiarrak bandera ukitzen zeuden, baina haizeak gora egin duen heinean, aukerak gutxitu egin zaizkie. Izan ere, bai Hondarribia, bai Santurtzi hegan etorri dira poparerako jardunean. Haizearen norabideak lehendabiziko kaletik laugarrenera markatzen zuen; hala, Santurtzi laugarren kalera joan da, eta Hondarribia bosgarrenera, nahiz eta laugarrenaren jabe izan.

1.000 metroren faltan, Ama Guadalupekoa ontzia zen estropada buruan, baina Sotera gainean zuen. Santa Klara uhartearen parean, bosgarren kalean sakonera gutxiago zegoenez, zeuden olatu koskorrak gehiago harrotzen ziren; Aranberri maisua da horretan, eta haren ontzi morea berdeen aurretik jartzea lortu du, baita segundo bat aurretik joan ere. Arraunlariek aldeko datu hori jakin dutenean, hauspotu egin dira, eta palakadak gehiago sarritzen joan dira, bi segundo aurretik jartzeraino; baita ontzi bat aurretik ere. Baina Hondarribiakoak ez dira erraz etsitzekoak, eta eurek ere erritmoa handitu eta bi segundora gerturatu dira. Halere, Amunarrizek eta haren kuadrillak zuten guztia eman dute, baina egindako ahaleginak ez die saririk eman.

Sotera badian bizi-bizi zihoan. "Bandera, bandera, bandera..." oihukatuz laguntzen zituen Gorka Aranberri Santurtziko patroiak arraunlariak azken metro horietan, eta lehenak heldu dira. 2,22ra helmugaratu da Hondarribia; beraz, Santurtzi garaile 48 ehunengatik. Bestalde, Santurtzik bi jardunaldiak batuta, hirugarren denborarekin onena egin du: 38.19,09, Urdaibai —38.04,76— eta Castroren —38.13,32— atzetik; Hondarribiak, berriz, laugarren denborarik azkarrena burutu du: 38.19,57.

Zierbena gaurko estropadan laugarrena izan da 12ra, Donostiarraren atzetik; Orio bosgarren sailkatu da, 23ra.

Lehen txandan, Torrekua ontziak erakustaldia eman du, eta hirugarrena izan da gaurko jardunaldian; laugarrena sailkapen orokorrean, Oriori aurrea hartuta. Urdaibai 10era helmugaratu da; Cabo 17ra; eta Ares 46ra.

Kontxako Banderako lehen jardunaldia:

1. Santurtzi 19.11,03

2. Hondarribia 2,22ra

3. Donostiarra 5,51ra

4. Zierbena 10,10era

5. Urdaibai 15,93ra

6. Orio 16,54ra

7. Cabo da Cruz 22,99ra

8. Ares 52,13ra

Kontxako Banderako bi jardunaldiak batuta:

1. Santurtzi 38.19,09

2. Hondarribia 0,48ra

3. Zierbena 12,32ra

4. Donostiarra 12,87ra

5. Orio 23,30era

6. Urdaibai 31,27ra

7. Cabo da Cruz 47,05era

8. Ares 1.27,05era

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Tati Garmendia, Rafa Pueyo, Braulio Vazquez kirol zuzendariak ©JON URBE / FOKU

Galbahe lana dagokie

Iñaki Berastegi

Merkatua arakatu eta jokalariak fitxatzea baino konplexuagoa da klubetako kirol zuzendarien lana. Aurrekontuak lana erabat baldintzatzen dienez, irizpide zehatz eta errealistak ezarri behar dituzte arrakasta izan nahi badute. Orokorrean, jokalari bati taldean ez duela jarraituko azaltzea izaten da zailena.

Altunaren esanetara

Julen Etxeberria

Amezketakoak erakustaldia eman du, eta hark eta Martijak 22-17 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari. Bikote guztiek galdu dute jada

Bederatzi harlauzaz osatutako kamera hexagonal bat du San Sebastian Hegoa trikuharriak. ©JOSEAN GIL-GARCIA

Kuartangoko megalito parkea

Josean Gil-Garcia

Egin berri diren ikerketa lanek lehen lerrora ekarri nahi dute Kuartango ibarreko ondare historiko eta megalitikoa. Ondare itzela bezain harrigarria duen ingurua da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.