PSV 2-2 Reala

Philipsekoek pilak, eta Realak kandela

Txuri-urdinek bina berdindu dute Europa ligako estreinaldian, PSVren aurka. Galtzen hasi ostean, donostiarrek irauli egin dute markagailua. Etxekoek bigarren zatian berdindu dute. Realeko zenbait jokalarik min hartu dute.

jarraia203240.jpg
Jon Ander De la Hoz.
2021eko irailaren 16a
23:15
Entzun

Sufrituta, baina Realak puntu bat bildu du Europa ligako estreinaldian. PSVk izugarri estutu ditu txuri-urdinak, eta gertu izan du garaipena. Pilak bete-bete eginda amaitu dute Philips Stadiumekoek; donostiarrek, ahituta. Nekez lortu dute puntu bat lotzea; fedeari kandela bat piztuta bukatu dute neurketa, [Armando] Obisporen taldeak hirugarren gola sar ez zezan, eta Cristorenak, Cristo Romerorenak alegia, eutsi ziezaion. Espainiarrak gaur debutatu du Realarekin.

Donostiarrei kosta egin zaie partidari neurria hartzea. David Silvak, beroketan min hartuta, hotz zelairatu da.PSV indartsu zelairatu da, zaleen bultzadak hauspotuta. Giroa bero-bero zegoela, txuri-urdinak estutu egin dituzte lehendabiziko ordu erdian.

Baloiaren jabetza eskuratu, eta erasora emanda aritu dira etxekoak. Erauntsi hori gelditu nahian aritu dira txuri-urdinak, baina ezin. PSVk Realaren atera jo du etenik gabe, eta 24. minutuan Noni Maduekek lehen gola izateko abagunea izan du. Lehen abisua izan da.

Reala suspertu beharrean zen, eta Adnan Januzajek, horren ohikoak dituen dirdai horietako batekin, gertu izan du 0-1ekoa egitea. Baloia ederki eraman du, baina area kanpotik egindako jaurtiketak langan jo du.

Itxura zuen txuri-urdinek aurrerako urratsa egin dutela, baina baloi jabetza gehiago izan duenean heldu da lehen zaplaztekoa. PSVk markagailuan aurrea hartu du 31. minutuan. Ezker hegaletik ondutako jokaldi batean, eskuinera aldatu da baloia, eta Maduekeren jaurtiketa ezin izan du geratu Alex Remirok. Mario Goetzek sareetan sartu du aldaratzea.

Partida maldan gora jarri orduko erantzun du Realak. 33. minutuan, Januzajek bikain errematatu du Joseba Zalduaren erdiraketa bat. Berandu baino lehen indarrak orekatzea gako izan da lehen zatiaren hondarrerako.

Izan ere, handik sei minutura bigarrena egin du Realak: zailena egina zuen. Beste behin, Zalduaren erdiraketa fin batek ekarri du gola. Alexander Isaki pase egokia eman dio, eta suediarrak ez du huts egin. 39. minutuan, aurretik jarri da Reala. Txuri-urdinek arazorik ez dute izan atsedenaldira artean, baina egoerak lehengora egin du bigarren zatiaren hasieran. Neurketa abiatzean nola, PSVk bere gain hartu du jokoa antolatzeko ardura, eta arazoak sortu dizkio Realari. Harik eta 53. minutuan etxekoek bigarrena egin duten arte. Gotzek bere kalitatearen printzak erakutsi ditu, Zalduari izkin egin eta sakoneko pasea emanda. Cody Gakpok egin du binako berdinketa.

Hurrengo minutuetan, Herbehereetakoak izan dira nagusi, eta Realeko jokalariek arazo fisikoak izan dituzte: Robin Le Normandek zangoan min hartu du, Igor Zubeldiari zauria egin diote, eta Zalduak karranpak izan ditu. Lesio gehiegi lehen jardunaldirako.

Realak akituta igaro ditu azken minutuak. Asko sufritu du, eta atzean sartu da. PSVk hasi bezala amaitu du, Realaren arean jira-biraka. Azken minutuetan, langara bota du baloi bat. Kostata, markagailuari eusten saiatu da Reala. Lortu du: kandela ez zaio itzali.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.