Hazkundea

Ekonomia abiadura handian doa, hiruhileko bakarrean %2,2 hazita

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako BPGa sendo hazi da bigarren hiruhilekoan: %18,6 urte arteko tasan. Jaurlaritzak hazkunde erritmo bera espero du urteko bigarren erdirako, industriaren arazoak arazo

Turismoak ere bultzatu ekonomia azken hilabeteetan. ENDIKA PORTILLO / EFE
xabier martin
2021eko irailaren 17a
11:12
Entzun

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «ziklo aldaketa» gertu dagoela iragarri duen egun berean esan du ozen bere gobernuko Ekonomia sailburu Pedro Azpiazuk ez diela beldurrik industriaren sektorean sortu diren arazoei, eta 2021. urteko bigarren zatian ere «hazkunde garrantsitsua» espero duela.

Pandemiari aurre egiteko mugei erreparatuz ahoskatu du Urkulluk «ziklo aldaketa», eta edonor ohar daiteke muga sozialak lasaitzeak ekonomiaren hazkundeari lagunduko diola. Beharbada, ziklo aldaketa horren jakitun delako, Azpiazuk aditzera eman du ez duela ezuste negatiborik espero, eta urteko bigarren hiruhilekoan izandako %2,2ko hazkundearen parekoa egongo dela hirugarrenean ere, Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta, hortaz, 2021erako haren sailak apaldutako hazkunde aurreikuspena betetzeko bidean dagoela aurtengo martxoan: %6,7. Aurretik, %8,6koa zen aurreikuspen hori, Aste Santuaren ondoren Lakuak ostalaritzari eta turismoari ezarritako murrizketa handien aurretik esan nahi baita.

Energiaren garestitzeari eta zenbait piezen horniduraren eskasiari erreparatuz, Azpiazuk esan du «etorkizunari begira, baikorrak izateko arrazoiak» badirela, «enpresek aurkitu dituzten arazoak hor dauden arren». 2020. urteko hazkunde datuak uste baino lau hamarren okerragoak direla erantsi du, eta zailagoa gertatzen dela pandemiaren aurreko BPGa harrapatzea.

Horiek horrela, exekutiboak aurreikusi baino bi hamarren gehiago hazi da ekonomia apiriletik ekainera, eta urte arteko tasan ere espero zena baino hamarren bat handiagoa da gorakada: %18,6. Datu horiek islatzen dute betetzeko bidean dela Jaurlaritzaren beste aurreikuspen bat: pandemian galdutako BPGa noiz berreskuratuko den galderari erantzuten diona; 2022ko hasierarako espero du pandemia aurreko barne produktu gordina gainditzea.

Pandemia hasieraren zuloa

Bien bitartean, aurtengo apiriletik ekainerako tartean suspertze handia izan du erkidegoko ekonomiak eta lau hiruhileko daramatza hazten jarraian, urte hasierakoan %0,2 baizik izan ez bazen ere. Eskaintzaren aldetik, nabarmentzekoa da merkataritzak, ostalaritzak eta garraioak hiruhileko batetik bestera izandako hazkundea: %9,3. Lehen sektorea, berriz, %10,8 hazi da. Eskarian, suspertzeak aurrera jarraitu du, bai kontsumo pribatuan (%7,1), bai kontsumo publikoan (%5,2).

Sektoreen urte arteko tasei begiratzen bazaie, alde handiak ikusten dira, baina apartekotasun hori azaltzen du pandemiak 2020ko bigarren hiruhilekoan eragindako kraterrak. Hala, industria sektorearen balio erantsia hazi da gehien (%30,2), eta haren barnean esanguratsua da manufakturaren %33,1eko hazkundea; biek ala biek iazko bigarren hiruhilekoko amiltzea gainditu dute. Zerbitzuetan (%15,1), merkataritza, ostalaritza eta garraioaren balio erantsia %26,1 igo da iazko bigarren hiruhilekotik, zeinetan jaitsiera %26,9koa izan baita.

Bestalde, abuztuko langabezia erregistratuak (SEPE) Jaurlaritzaren eskumeneko hiru lurraldeetan datu eskasak utzi dituen arren, nabarmena da pandemiaren hasieratik gaur egunera enpleguak izan duen susperraldia ere: %16,6. Apiriletik ekainera enplegu garbien kopuruak %2,1 egin du gora aurreko hiruhilekoarekiko. Horrek esan nahi du 19.000 enplegu inguru gehitu direla jarduerara. Iazko bigarren hiruhilekotik enpleguaren hazkundea %16,6koa izan da. Dena den, lanpostuen alorrean aipagarria da industriak bigarren hiruhilekoan %0,3ko beherakada izan duela enpleguetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.