ALAVES 0-2 OSASUNA

Kolore gorriko derbia

David Garcia eta Torresen golek merezitako garaipena eman diote Jagoba Arrasateren taldeari, Mendizorrotzan. Arabarrak oso apal aritu dira, eta punturik bildu gabe jarraitzen dute

Osasunako jokalariak, gol bat ospatzen. ADRIAN RUIZ-HIERRO / EFE
enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 18a
23:11
Entzun

Osasuna berehala altxatu da Valentziaren aurka jasotako kolpetik, hondoratzen hasia den Alavesen bizkar. Gorritxoak jaun eta jabe izan dira Mendizorrotzan jokatu den partidan, eta gorriak ikusarazi dizkiete gasteiztarrei. Jokoaren alor guztietan izan dira gehiago, hasi eta buka. Lehen zatian apurtu dute derbia, bi goleko aldea lortuta, eta errentari erraztasun handiz eutsi diote atsedenaren ostean. Azken lehian lau gol jasota ziren, baina oso itxura irmoa eman dute gaur. Aurkariaren gabeziek zerikusi handia izan dute horretan, oso bigun aritu baita Alaves. Ezer gutxi aldatu da hiru asteko geldialdian; arabarrek oraindik ez dute garbi zelaian zer egin nahi duten.

Iraultza batetik, egonkortasuna bestetik. Asmo ezberdinen isla izan dira Javi Callejak eta Jagoba Arrasatek zelairatu dituzten hamaikakoak: zazpi aldaketa egin ditu Alaveseko teknikariak, eta bakarra, aldiz, Osasunakoak. Rioja izan da arabarren berritasunetako bat, eta haren oinetatik iritsi dira neurketako aurreneko aukerak. Lehen jaurtiketa Sergio Herrerak gelditu dio, aldaratzerik gabe gainera, eta bigarrena gutxirengatik joan zaio gora.

Abaguneak etxekoenak izan dira, baina erritmoa kanpokoek ezarri dute. Baloiarekin solteago aritu da Osasuna. Nabari zen nork zuen irabazteko premia gorria, eta nork ez. Gorritxoei area inguruan asmatzea falta zitzaien. Erdiraketa nahiko ustelak ari ziren egiten. 23. minutuan, ordea, kornerra bikain atera du Ruben Garciak, eta bigarren zutoinean ahalmen handiz gailendu da David Garcia. Haren burukadak aurretik jarri ditu gorritxoak.

Arabarrak, berriz, jota gelditu dira. Laguardia kapitaina bera bere onetik aterata zegoen. Eta egoerak okerretik okerrera egin du hortik gutxira Callejaren mutilentzat: Toni Moyak eskuarekin moztu du Brasanacen jaurtiketa bat area barruan. Penalti garbia izan da, gozokia epailearentzat. Baita Roberto Torresentzat ere: ohiko patxadaz sareratu du baloia. Lehen ordu erdia betetzerako, 0-2 ari zen nagusitzen Osasuna.

Alavesek erreakzio herabea izan du atsedenaren aurretik, eta ezerezean gelditu da aldageletatik bueltan. Gertuago zegoen gorritxoen hirugarren gola, gasteiztarren lehena baino. Jaurtiketa arriskutsuak egin dituzte Roberto Torresek, Ruben Garciak eta Moncayolak, baina ez dute Sivera gainditzerik izan. Callejaren aldaketek apenas aldatu duten neurketaren gidoia. Pellistri izan da matxinada saiakerak egin dituen bakarra. Bakarka, ordea, ezin zen gainditu Osasunaren atzealde sendoa. Gorritxoek aise eutsi diote markagailuari, eta hala, garaipenaren bidera itzuli dira. Zortzi puntu dituzte dagoeneko. Alavesek, aldiz, bakar bat ere ez du, lau partida jokatu ondoren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.