Sokatirako Munduko Txapelketa

Beste brontze batekin amaitu da Munduko Sokatira Txapelketa

Gizonezkoen 23 urtez azpiko mailan lortu du gaur euskal selekzioak hirugarren postua. Osotara 7 domina geratu dira etxean: urrezko lau eta brontzezko hiru.

Gizonezkoen 23 urtez azpiko taldea, brontzezko domina jaso berritan, Gaur, Getxon. LUR GIL / BERRIA
Lur Gil.
2021eko irailaren 19a
18:26
Entzun

Lehia bikaina izan da lau egunez Fadurako errugbi zelaian, eta gaur amaitu da Getxoko (Bizkaia) Munduko Txapelketa. Hondarreko egunean, azken domina etxeratu dute euskal tiralariek, gizonezkoen 23 urtez azpiko mailan.

Lau herrialde lehiatu dira goizeko saio horretan. Finalaurrekoa Alemaniaren aurka galdu du Euskal Herriko selekzioak, eta hirugarren posturako lehia Errusiar Sokatira Federazioaren aurka jokatu du. Ostiraleko kluben arteko txapelketan egin bezala, gaur ere errusiarrei gailendu zaizkie euskaldunak. Txapeldun Suitza izan da, eta Alemania bigarren. Euskal selekzioaren ordezkari Goiherri, Gaztedi eta Abadiñoko taldeetako tiratzaile gazteak aritu dira.

Beste lorpenik ez da izan gaurkoan. Gizonezkoen 720 eta 640 kiloko lehiak eta emakumezkoen 540 kilokoak ere izan dira gaurkoan, baina Euskal Herriko selekzioak ez du podiumean lekurik izan.
Gertuen 720 kiloko gizonek izan dute. Multzoan laugarren sailkatu dira, eta Suitzaren aurka izan dute finalaurrekoa, indarrik handiena erakutsi duen taldearen aurka. Ezin izan dute ezer egin, eta podiumera igotzeko lehiarekin konformatu behar izan dira. Baina ez dute lortu, Herbehereak gehiago izan dira.
Arratsaldeko saioetan, berriz, finalaurrekoetara ere ez dira iritsi euskal herritarrak. 540 kiloko emakumeek eskura izan dute sailkapena, Taiwanen aurka, sailkapen multzoko azken tiraldian. Bale edo kale. Eta kale izan da, luze eutsi diete, baina beren aldera eramaten amaitu dute asiarrek.

Baina gaur ez dira garaiezinak izan taiwandarrak. Finalerdietan Suitzaren aurka galdu dute, eta hirugarren posturako Herbehereak gailendu zaizkie. Txapeldun Suedia izan da, eta Suitza bigarren.
Azkenik, gizonezkoen 640 kilokoan, Suitza izan da garaile Herbehereen aurkako finalean. Hirugarren Ingalaterra izan da, eta Alemania laugarren.

Suitza izan da eguneko protagonista nagusia, jokoan zeuden lau txapeletatik hiru eskuratuta. Osotara urrezko domina gehien irabazi duen herrialdea izan da –hiru-, eta bere atzetik Euskal Herria eta Suedia izan dira, birekin, eta Alemaniak bat irabazi du.

Kluben artean, bakarra izan da bi txapela irabazi dituena, Gaztedi (Laukiz). Alemaniako bi taldek urre bana irabazi dute, Allgaeu Power Zell eta Dietenbach taldeek. Gainerako lauen irabazleak Ebersecken (Suitza), Fam. Janssens (Belgika), Heure (Herbehereak) eta Shi Da (Taiwan) izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.