Pentsioak

ELA: «Pentsioen inguruko isiltasunak beldurra ematen du»

Sindikatuak dei egin dei EAJri, EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi pentsioen erreforma oztopatzeko: «Haiek gabe ezin da onartu».

Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusia. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 20a
13:39
Entzun

Ostegunean amaituko da Espainiako Gobernuak egiteko asmoa duen pentsioen erreformarako zuzenketak aurkezteko epea, eta ELA sindikatuak EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek zer zuzenketa aurkeztuko dituzten jakin nahi du. Horretarako, bilera bana eskatu die alderdiei, erreformari marra gorriren bat jarri dioten jakiteko; izan ere, Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiaren hitzetan, «beldurra ematen du» gaiaren inguruan azken asteetan egon den «isiltasunak».

«Gu ez gaude Madrilgo negoziazio mahaian, baina iristen ari zaigunak ez du itxura onik», azaldu du Lakuntzak. Espainiako Gobernuak bilerak hasi ditu berriz CEOE enpresarien elkartearekin eta CCOO eta UGT sindikatuekin. Pentsioen erreformaren bigarren atala eztabaidatzen ari dira, eta bertan zehaztuko da, besteak beste, jasangarritasun faktorea delako ordezkatuko duen doikuntza sistema. Urte amaiera aurretik egin behar da erreforma, eta ondoren Espainiako Kongresuan berretsi, eta ELAk hor ikusten «murrizketak» oztopatzeko aukera: «Erreformak geldiaraztea EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen esku dago. Kongresuko aritmetika ikusi baino ez dago; haiek gabe hau ezin da onartu».

Eta horregatik jakin nahi du ELAk zein den haien jarrera. «Jose Luis Escrivak [Espainia Gizarte Segurantza ministroa] zer nahi duen argi dago: gehiago lan egin edo gutxiago kobratu. Orain alderdiek zer nahi duten jakin nahi dugu», esan du idazkari nagusiak. Bilera eskaerak iragan astean egin zituen, eta ez du ezezkorik jaso. Elkarrekin Podemosek ardura handiagoa da gainera, Espainiako Gobernuko kide baita, eta Lakuntzak gogoratu du murrizketarik onartuko ez zutela esan zutela.

Eztabaida gero iritsiko da, pentsioaren erreforman onarturiko neurriak murrizketatzat jo daitezkeen edo ez, eta ELAk argi du lehen fasean onarturiko hainbat erabaki murrizketak direla. Besteak beste, Belaunaldi arteko Ekitate Mekanismoa ezartzea etorkizunean pentsioak murrizteko «txeke zuri bat» ematea dela uste du, eta erretiro aurreratuak zigortu direla. Horren aurrean, sindikatuak ezagunak diren bere zortzi eskaerak jarri ditu mahai gainean, eta tartean daude, besteak beste, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, iraunkortasun faktorea, eta haren ordezko mekanismoak indargabetzea eta ahalmen legegile osoa Euskal Herrira ekartzea.

Ildo horretan, mobilizaziorako prest dago ELA, eta Lakuntzak berriz ere hauspotu du hurrengo hilabeteetan greba orokor bat deitzeko aukera. Abenduan izan daitekeela dirudi, Espainiak urte amaiera arteko epea baitu lan eta pentsioen erreforma egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.