ATHLETIC 1-2 RAYO VALLECANO

Zuri-gorriek azken unean galdu dute Rayoren aurka

Falcaok 96. minutuan sartutako gol batek eman dio garaipena Andoni Iraolak entrenatutako taldeari San Mamesen. Athletic eskas aritu da

Athleticeko jokalariak, burumakur, Rayok 1-2koa sartu berritan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 22a
00:05
Entzun

Amaitu da Athleticen bolada ona. Lehen partida galdu du ligan, Rayo Vallecanoren aurka, San Mamesen. Azken unean geratu da esku hutsik. Falcaok sartu du gol erabakigarria, 1-2koa, neurketa amaitzear zela. Bisitariak aurretik jarri diren bigarren aldia izan da, haiena izan baita ere partidako lehen gola, baina Athletic gai izan da berdintzeko. Bigarren kolpeari ezin izan dio erantzun. Ez du denborarik izan suspertzeko.

Marcelinok ohartarazi zuen, astebetean hiru partida jokatuko zituztela kontuan hartuta, txandakatzeak egingo zituela. Esan eta egin. Atletico Madrilen aurkako neurketarekin alderatuta, hasierako hamaikakoaren erdia aldatu du entrenatzaileak: De Marcos, Nuñes, Vesga, Zarraga, Nico Williams eta Villalibre aritu dira hasieratik, Balentziaga, Vivian, Dani Garcia, Vencedor, Berenguer eta Williamsen ordez.

Ia ez dute izan denborarik zelaian jartzeko, neurketa hasi eta bosgarren minutuan sartu baitu gola Rayo Vallecanok. Sergi Guardiolak baloia kendu dio Vesgari zelai erdian, pasea eman dio Alvaro Garciari, eta aurrelariak bikain loratu du baloia Unai Simonen gainetik. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta zuri-gorriek jada maldan gora zuten. Golak, gainera, min egin dio etxeko taldeari, eta horretaz aprobetxatu da Rayo Vallecano baloiaren jabe egin eta partidaren aginte makila hartzeko.

Baina, pixkanaka-pixkanaka, Athleticek gora egin du, eta arriskua sortzen hasi da; beste behin, geldikako jokaldiei esker. 22. minutuan, korner batean, Nico Williams bakarrik geratu da baloiarekin, baina haren jaurtiketak Isiren gorputzarekin egin du topo. 33. minutuan, ordea, zortea alde izan dute zuri-gorriek. Muniainek falta bota du ezkerretik, eta baloia urrundu nahian, Cissek bere atean sartu du baloia buruz. Berdinduta zeuden berriro bi taldeak, eta zelaian ikusitakoaren arabera, emaitza justua zen. Hala ere, Nico Williamsek aukera izan du oreka hausteko lehen zatia amaitzear zela, baina haren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora.

Erritmo bizian ekin diote bi taldeek bigarren zatiarri. Euria gogotik ari zuen, eta horrek oso azkar bilakatu du zelaia. Horren guztiaren ondorioz, norgehiagoka joan-etorrikoa bihurtu da. Abiadura bizian aritu dira batzuk zein besteak, baina kontrolik gabe. Marcelinok bost aldaketak egin ditu, baina ezer gutxi aldatu dute. Bai, ordea, Andoni Iraolak egindakoek. Izan ere, zelaira irten den Falcaok 1-2koa sartu du 96. minutuan, Bebek jaurtitako falta buruz errematatuta. Bukaresten, Atletico Madrilen aurka jokatutako Europa ligako finalean gertatu bezala, aurrelari kolonbiarra berriro izan da zuri-gorrien borrero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.