Albistea entzun

Teknologia

'Offshore'-an murgiltzeko probalekua

Material eta osagai ezberdinek itsaso zabalean duten bilakaera aztertzeko laborategi flotagarri handiago bat uretaratuko du Tecnaliak.

Tecnaliaren laborategi flotagarria, Bilboko portuan.
Tecnaliaren laborategi flotagarria, Bilboko portuan. Aritz Loiola / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2021eko irailak 22

Itsasoari begira bizi dira euskal enpresa asko. Historikoki ontziola eta arrantzaleen lan eremua izandakoa aspaldi zabaldu zen energiaren sektorera. Offshore delakoa da, itsaso zabala alegia. Itsasoa, baina, eremu fisiko basatia da, eta lurrean erabiliak izateko diseinaturiko gailu eta material askok ez dute jasaten olatuen, kresalaren edo ugerraren eragina. Eta, hain zuzen, hori probatzeko eraiki du Tecnaliak HarshLab berria. 2018an uretaraturiko izen bereko laborategiaren bertsio handiagoa da.

«Bizkaiko golkoa energia iturri handia izan daiteke. Probatu behar dugu itsasoak zer ematen digun», horrela azaldu du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen sailburuak laborategi berriaren garrantzia. HarshLab 8,5 metroko diametroa eta 7 metroko altuera duen buia erraldoi bat da. Hurrengo astean uretaratuko dute, Armintzan (Bizkaia). BiMEP itsas plataforman egongo da, eta 2018an bertan uretaraturiko laborategi zaharra ordezkatuko du. Buia zaharra Bilboko portura eramango dute proba txikiagoak egiteko.

Azken bi urteetan 500 proba baino gehiago egin dituzte buian, eta, eskaera goraka doanez, laborategi handiago baten premia ikusi zuen Tecnaliak. Pablo Benguria egitasmoaren arduradunak azaldu du orain korrosioa edo higadura baino aldagai konplexuagoak azter daitezkeela: «Argindar eta datu konexioa du, eta horrek asko zabaltzen du probatu daitezkeen gailuen mota». Laborategi berriak 2,6 milioi euroko kostua izan du, eta ez da flotagarria bakarrik, 65 metroko sakoneran probak egiteko aukera ere ematen baitu.

Eta zeintzuk dira horrelako laborategi bat behar duten enpresak? Bada, itsasoko energia errota eolikoentzat osagaiak egiten dituztenak, bereziki. Tapiak aipatu du buia «aurrerapauso» bat dela, eta deskarbonizazioa lortu nahi bada berriztagarriei bidea ireki behar zaiela. Erroten eraikuntzak hiru sektoreko enpresak bateratzen ditu, eta euskal enpresa asko ari dira bide hori urratzen: aeronautikoak, paletan; elektrizitate sektorekoak turbina eta enborretan (Ingeteam, Arteche...), eta ontzigintzakoak oinarri flotagarrian (Murueta). Egun lan askorekin dabiltza, Europako herrialde askok sartu dutelako energia eolikoa Europako funtsak jasotzeko egitasmoetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

KENKARIEN EZBAIA

Joxerra Senar

Kenkarien eta pizgarrien ondorioz, Hego Euskal Herriko ogasunek 544 milioi euro biltzeari utziko diote sozietate zergan aurten. Neurrion asmoa da enpresek xede batzuetara bideratzea, baina Nafarroan egin den txosten batek «zalantza handiak» azaldu ditu lau kenkariren eraginkortasunaz.
Fessenheim herriko zentral nuklearra, Alsazian. Iaz itzali zuten. ©CHRISTOPHE KARABA / EFE
Jaurlaritzako, aldundietako eta udaletako ordezkariak, atzo, bilera hasi aurretik, Gasteizen. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Jaurlaritzak inoizko gastu handiena egingo du zerga bilketa onari esker

Aitor Biain

Bilketa %9,6 handituko da aurten, eta %4,6 datorren urtean. Diru gehigarria zorra txikitzeko eta inbertsioak egiteko erabiliko dute. Aurrekontuak 13.000 milioiren langa gaindituko du lehen aldiz

Urnietako kiroldegiko berritze lanak, atzo; hor hil zen bi beharginetako bat. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Egun berean eraikuntzako bi langile hil dira, Urnietan eta Amurrion

Jokin Sagarzazu

Bata kiroldegia berritzeko lanetan ari zen, eta bestea, berriz, etxe berri baten eraikuntzan

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna