Lan gatazkak

Tubacexeko langileek ez dute onartu Jaurlaritzaren eskaintza berria, «enpresari men eginez» aldatu duelakoan

Lan Saila prest dago langile eta zuzendaritzarekin harremanetan jarraitzeko, baina ez dago beste bilerarik deituta.

Tubacexeko langileen protesta ekintza bat enpresak Derion duen egoitzaren aurrean. AIARALDEA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 23a
16:42
Entzun

Tubacexeko langile batzordeak ez du onartu Eusko Jaurlaritzak gaurko bilerara eramaniko eskaintza. Sindikatuek salatu dutenez, Lan Sailak aldatu egin du iragan asteleheneko bilerara eramaniko proposamena. Aldaketa horien barnean leudeke, betiere batzordearen arabera, aurten kaleratze behartuak egotearen eta doikuntza ekonomikoak egitearen aukera. Batzordearen ustez, Jaurlaritzak «men egin» die enpresaren presioei. Langileek 225. greba eguna dute.

Tubacexeko zuzendaritzaren, langile batzordearen (ELA, CCOO, STAT, LAB eta ATAL) eta Lan Sailaren arteko bileren arteko giro ona hautsi egin da. Iragan astean egoera azaltzeko bi bilera egin zituzten, eta astelehenean Jaurlaritzak sintesi eskaintza bat eraman zuen mahai gainera langileen ordezkariek eta zuzendaritzak azter zezaten. Proposamenen artean zeuden, besteak beste: langileek greba uztea, enpresak EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari jarritako helegitea kentzea, borondatezko kaleratzeak egotea bakarrik, 2022-2024 hirurtekorako lan hitzarmen berria sinatzea... Langileen ordezkariek begi onez ikusi zuten, baina jakiteko zegoen enpresak zer jarrera izango zuen. Gaur, berriz, sindikatuaren arabera, Jaurlaritzaren proposamena aldatu egin da, eta, besteak beste, kaleratzeen aukera mantendu du.

Lan Sailak, bere aldetik, «diskrezioa» ezinbestekoa dela nabarmendu du ohar bidez, eta ez ditu baloratu nahi izan enpresa eta zuzendaritzaren jarrerak, lehen eskaintzaren inguruan haiek eginiko «interpretazioak», ezta ere azken hiru egunetan sarturiko «elementuak». Sailak gatazkarentzako konponbide adostu bat aurkitzeko borondatearekin jarraitzen du, baina gaur-gaurkoz ez dago datarik bilera berrietarako. Harremanak asko mikaztu direla dirudi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.