Uztailaren 30eko autoa, auziaren muinean

Puigdemonten kontrako euroagindua indargabetuta dagoela ohartarazi dute Puigdemonten abokatuek. Hala jasotzen du Europako Justizia Auzitegiak uztailaren 30ean eman zuen autoak. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, indarrean daudela ziurtatu du.

Gonzalo Boye abokatua eta Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohia, artxiboko irudi batean. JAVIER ALSU, EFE
Gorka Berasategi Otamendi - Jon Ordoñez Garmendia
2021eko irailaren 24a
12:31
Entzun

Galdera ikur handi bat jarri du mahai gainean Carles Puigdemonten atzoko atxiloketak. Indarrean al dago haren kontrako euroagindua? Galdera horri erantzun beharko dio Sardiniako Sassari hiriko Apelazio Auzitegiak. Hark erabakiko du euroaginduaren prozedurari jarraitu eta Puigdemont Espainiaren esku uzteko aukera aztertuko duen ala Espainiaratze eskaria baztertuko duen. Atxiloketaren muina, baina, ez dago Sardinian, Luxenburgon baizik, Europako Justizia Auzitegian. Puigdemonten abokatu Gonzalo Boyeren iritziz, auzitegiak orain arte esandakoa aitzat hartuz gero, ez dago zalantzarik: Kataluniako presidente ohiaren atxiloketa «legez kanpokoa» izan da. Espainiako Auzitegi Gorenaren arabera, ordea, euroagindu hori ez da inoiz indargabetu, eta Pablo Llarena epaileak estradizio eskaria bidali dio jada Italiako justiziari.

Boyek eta Gonzalo Comin Kataluniako kontseilari ohi erbesteratuak prentsaurrekoa eskaini dute gaur eguerdian, Puigdemonten egoerari buruzko argibideak emateko. Abokatuak azaldu duenez, Europako Justizia Auzitegiak argi eta garbi adierazi zuen Espainiak Puigdemonten kontra igorria zuen euroagindua indargabetuta dagoela. Autoak 53. paragrafoan dio, Espainiak Luxenburgoko auzitegiaren aurrean «Euroaginduaren exekuzioari buruzko arazo aurrejudizialak» aurkeztu zituenez gero, euroagindu hori «etentzat jo behar dela».

Ez hori bakarrik. Europako Justizia Auzitegiaren esanetan, «Espainiako agintariek berariaz» adierazi dute Europako Batasuneko epaitegiek ezin izango dituztela euroaginduak exekutatu «Justizia Auzitegiak [arazo aurrejudizialari buruzko] epai bat eman arte».

Hain justu, auzitegiaren baieztapen horiek izan ziren Luxenburgoren arrazoi nagusia Puigdemonti EB Europako Batasuneko lurralde osoari dagokion immunitatea eteteko. Arrazoitu zuen eurodiputatu kataluniarrak ez zuela EBn atxilotua izateko arriskurik. Auzitegiak zehaztu zuen, behin euroaginduari buruzko arazo aurrejudiziala argituta, egoera hori aldatuko balitz, immunitatea berriz ere indarrean jartzeko aukera aztertuko lukeela.

Autoko puntu horretan oinarrituta, Boyek iragarri du Europako Justizia Auzitegiari kautelazko neurriak eskatuko dizkiola, Luxenburgok, ahalik eta azkarren, immunitatea berrezarri diezaion Kataluniako presidente ohiari.

Espainiako Auzitegi Nagusiaren esanetan, ordea, «indarrean» dago Puigdemonten kontrako euroagindua, eta ohar bidez jakinarazi du dagoeneko bidali diola estradizio eskaria Sassariko Apelazio Auzitegiari. Harekin batera bidali dio Luxenburgoko auzitegian aurkeztu zuen arazo aurrejudiziala ere. «Haren tramitazioak ez du aldatzen [Puigdemonten kontrako] prozedimentuaren egungo egoera», zehaztu du oharrean. Euroaginduari dagokion dokumentazio guztia datorren ostegunerako italiarrera itzulita bidaliko duela gaineratu du.

Boyeren iritziz, Espainiako Auzitegi Gorenak «ez du argi jokatu» Europako Justizia Auzitegiarekin. Haren arabera, Luxenburgok euroaginduak indargabetuta daudela baieztatu duela Espainiako justiziak idatziz hala ziurtatu diolako. «Engainatuta sentituko dira. Kautelazko neurria altxa zuten pentsatuz alde guztiek egia ziotela. Hala ez dela izan ikusi da».

Portaera desberdina

Puigdemontek ez du immunitatea erabat etena. Auzitegiak babes hori aitortua dio Europako Parlamentura joan-etorrian aritzeko, eurodiputatu funtzioa betetzeko aukera izan dezan. Hori dela eta, Boyek eta Cominek nabarmendu dute Puigdemontek europdiputatu jardunerako bidaiatu duela Sardiniara, aurretik Frantziako Asanblea Nazionalera edo Perpinyara joan den modu berean. «Bidaia horietan ere polizia kontrol ugari pasa ditugu, eta inori ez zaio otu Puigdemont jauna atxilotzea», adierazi du abokatuak.

Oraingo honetan zergatik atxilotu duten galdetuta, Boyek esan du, «norbaitek» L'Alguer hiriko aireportuko poliziak «gehiegi motibatu» dituela. Abokatuak gaineratu du atzo elkarrizketa bat izan zuela Italiako Poliziarekin, eta hark azaldu zionez, Puigdemonten kontrako euroagindua Schengen Informazio Sisteman jarraitzen dutela. Europako Justizia Auzitegiaren uztaileko autoak, baina, 55. paragrafoan dio «Espainiako Erreinuak atxilotze aginduaren alerta ezabatu ez izanak» ez duela aldatzen azken emaitza: prozesu kriminala etenda dagoela ziurtatu zuen. Gauzak horrela, euroaginduaren alerta ezin da exekutatu, Boyeren iritziz.

Italiako justiziak «argibideak» eskatu ditzakeela azaldu du abokatuak, baina Europako Justizia Auzitegiaren dokumentazioak zalantzarako tarte gutxi uzten duela. Haren esanetan, Italiako prozesua Puigdemontek Alemanian izan zuena baino laburragoa izango da, orain auziari buruzko ebazpen gehiago daudelako.

Paul Beckaert Puigdemonten Belgikako abokatua ere oso zehatza izan da gaur, eta esan du Europako Justizia Auzitegiak Puigdemonti uztailaren 30ean immunitatea kendu zionean, argi utzi zuela ez zegoela atxilotzeko arriskurik. Beckaertek gainera azaldu du Italiaren atxiloketaren kontra argudiatuko dutela galarazten ari zaizkiola Puigdemonti Europarlamentura joatea, eta horretarako immunitatea duela, uztailaren 30eko auto horrek dioen moduan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.