Ezkabatik ihes egindako preso baten gorpuzkiak itzuli dizkio Nafarroako Gobernuak familiari

1938ko maiatzean kartzelatik ihes egin zuten ehunka presoen artean zegoen Emiliano Miguel 21 urteko gaztea. Mugarako bidean, Larrasoañan harrapatu eta bertan hil zuten frankistek.

Ana Ollo kontseilariak gorpuzkiak ematen Emiliano Miguel Portugalen familiari. NAFARROAKO GOBERNUA
2021eko irailaren 25a
17:58
Entzun

Ekitaldi sinboliko, xume eta berezia egin du gaur Nafarroako Gobernuak, bere egoitzan. Nafarroako Memoriaren Institutuak Emiliano Miguel Portugalen gorpuzkiak itzuli dizkio bere familiari. 1938ko maiatzaren Ezkabako gotorleku eta kartzelatik ihes egin zuten 795 presoetako bat izan zen. Muga zeharkatu nahirik, Larrasoañan harrapatu eta fusilatu egin zuten frankistek. Ihesaldi harta parte hartu zuteneko 206 hil zituzten. Soilk hiruk lortu zuten muga zeharkatzea.

80 urte geroago, 2018ko uztailean Aranzadi zientzia elkarteak Larrasoañan bertan (Esteribar, Nafarroa) egindako deshobiratzean Emiliano Miguelen gorpuzkiak topatu zituen. Gerora, halako kasuetan egin izaten den bezala, Nasertic-en laborategian haren aztarnen ikerketa genetikoa egin da bere nortasuna identifikatu nahirik. Horri esker jakin zuten Emiliano Miguel zela, eta gaur haren sendiari eman zaizkio arrastoak. DNA bankuak Nafarroan lurpetik ateratako 30 gorpuzkin identifikatu ditu, eta horietako bat da Miguelena.

Senideekin batera, bertan izan dira Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Martin Zabalza Bake eta bizikidetza zuzendaria. Ollok hitz batzuk zuzendu dizkie Miguelen familiako kideei: «Nafarroako Gobernuaren ateak irekitzen dizkizuegu Emilianoren arrastoak itzultzeko». Olloren arabera, gazte hari justiziaren itxaropen eta askatasun ametsak kendu zizkion 36ko kolpeak. «Ongi ulertzen zaituztegu, jazarpenaren atzaparkada jasan zuten milaka nafarren historia izan baitzen hura ere bai». Ollok gaineratu du ondo Nafarroako gizarteak bat egiten duela familiak jasandako sufrimenduarekin. «Zuen historia betirako egongo da lotua gurekin»

Ekimen hori ahalbidetu duten guztiei esker ona adierazi die Ollok; hala nola, Txinparta elkarteari, Palentziako memoria historikoaren berreskurapenerako elkarteari, Aranzadiko Fermin Ezkietari, Naserticen laborategiari eta Paulina Lizoaini. Lautik bi identifikatu egin dira: Emiliano Miguel Portugal eta Leoncio de la Fuente Ramos.

1938an, haur bat besterik ez zen Paulina, baina haren memorian hiltzatuta geratu zen hilketa, eta gorpuzkien kokagunearen berri eman zion Aranzadiri. Lau preso atzeman zituzten Larrasoañan, eta hilerritik gertu lurperatu zituzten: «Zure testigantzak, oroitzapenek eta gogoetek bikain azladu zuten Emiliano eta Leoncio idenfikatu eta senideei itzultzeko nahia». 

Emiliano Miguel Portugal Santibañez del Val herrian (Espainia, Burgos) jaio zen, baina Dueñas herrian bizi zen gerrak eztanda egin zuenean. 21 urte zituen. Ezkabako presondegitik ihes egin zuenean, 1938ean. Maiatzaren 22 hartan 795 pertsona atera ziren ihesi baina ondorengo ordu eta egunetan haien aurkako ehiza hasi zen. 206 pertsona hil zituzten frankistek eta gainerakoak presondegira itzularazi zituzten. Hiruk baino ez zuten lortu muga zeharkatzea, baina bada laugarren batek ere lortu zuela dioen hipotesia ere.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.