Futbola

Derbia Athleticentzat, eta Realaren eta Alavesen garaipenak

Athleticek 1-2 irabazi dio azken unean Eibarri. Realak, berriz, 2-0 irabazi dio Sevillari, eta Alavesek emaitza berdinarekin hartu du mendean Vila-real.

ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 25a
20:13
Entzun

Bigarren zatian hobea izanda, Athleticentzat izan da Eibarren aurkako derbia, Unben: 1-2. Yulemak 90 minutuan sartu du zuri-gorrien garaipenaren gola. Hala, etenaldi osteko itzulera gozoagoa izan da bizkaitarrentzat. 5. minutuan Athleticek aurre hartzeko aukera argia izan du. Elbak zangotrabatu egin du Lucia Garcia, eta epaileak penaltia adierazi du. Luciak Garcia berak jaurti du, baina Malenak geratu egin dio. Athletic nagusi izan da hurrengo minutuetan ere, eta saria jaso du 27. minutuan, aldaratze bat baliatuz, gola egin baitu Ainize Barea Peke-k, elastiko zuri-gorriarekin lehena. Eibarrek ondo erantzun zuen. Lehenbizi baloi bat bidali zuen zutoinera, eta 38. minutuan berdinketaren gola sartu zuen Arolak.

Eibar hobea izan da bigarren zati hasieran ere. Baina Athleticek ondo eutsi dio, eta minutuak aurrera egin ahala behera egin dute etxekoek. Hori ederki baliatu du Athleticek, pixkanaka etxeko taldea atzean sartzeko. Baina ez zuen asmatzen. Azkenean, geldikako jokaldi batean egin du. 90. minutuan, korner batean, Yulemak egin du buru 1-2koa.

Realak eta Alavesek ere jokatu dute, eta bi taldeek garaipena lortu dute. Hala, orain arte jokatutako hiru partidak irabazi dituzte. Gipuzkoarrek 2-0 hartu dute mendean Sevilla Zubietan. Partida bezperako agerraldian, Natalia Arroyok adierazi zuen pazientzia izan beharko zutela Espainiako taldea mendean hartzeko, eta jokoa ondo landu. Ez zebilen oker. Lehen zatian bere jokalariak nagusi izan dira. baina Sevillak lan ona egin du defentsan, eta arrisku aukeraren ere sortu du Elene Letek zaintzen zuen ate aurrean.Bigarren zatian txuri-urdinek nagusi izaten segitu dute, joko bizi eta zuzena eginez, eta neurketaren agintea edukita. Oraingo honetan golak iritsi dira. Lehena, Nicartek sartu du bere atean, 61. minutuan; eta, bigarrena, Franssik (73. min.) Amaiurren pase on bat aprobetxatuz.

Emaitza bera lortu du Alavesek Vila-realen kontra, etxean. Denboraldi hasierako ezustea izaten ari da Mikel Cresporen taldea. Igo berria izan arren, oso joko ona egiten ari da, eta sailkapenaren puntan da Realarekin eta Bartzelonarekin batera, partida guztiak irabazita. Arabarren golak Ohalek (21. min) eta Naimak (87. min.) sartu dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.