Mallorca 2-3 Osasuna

Osasunak hirutik hiru irabazi ditu etxetik kanpo

Javi Martinezek 88. minutuan hautsi du berdinketa, eta Mallorcari penalti bat baliogabetu diote 96. minutuan.

Osasunako jokalariak, gaur, Javi Martinezen gola ospatzen. CATI CLADERA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko irailaren 26a
17:53
Entzun

Cadizen 2-3, Gasteizen 0-2, eta Mallorcan 2-3. Horiek dira Osasunak aurtengo denboraldian etxetik kanpo eskuratu dituen emaitzak. Hiru norgehiagoka, hiru garaipen; bederatzi puntu. Jagoba Arrasateren taldeak bere erreinua Sadarretik urrun eraiki nahi duela dirudi.

Gaur Mallorcan poltsikoratu dituzte hiru puntuak gorritxoek. Gogor borrokatu behar izan dute. Izan ere, bikain hasi dute neurketa, baina atsedenaldira 2-1 galtzen heldu dira nafarrak. Lehen gola, ikusgarria, Cotek sartu du jaurtiketa gogor bati esker, baina Dani Rodriguezek eta Fer Niñok erantzun diote aldageletara itzuli aurretik.

Bigarren zatian, berriz, Osasunak izan du golen monopolioa. Iñigo Perezek falta jaurtiketa bikain bati esker berdindu du neurketa 57. minutuan, eta hura Javi Martinezek hautsi du 88. minutuan gorritxoen alde. Osasunak garaipena eskuetan zuela zirudien, baina oraindik azken ezustekoa zetorren: epaileak Mallorcaren aldeko penalti bat adierazi du 96. minutuan, baina jarraian baliogabe utzi du VARak, aurretik jokoz kanpoko egoera bat zegoela eta.

Gauzak hala, 11 puntu ditu Arrasateren taldeak eta zazpigarrena da behin-behineko sailkapenean.

Mallorca: Greif; Sastre, Valjent, Olivan, Jaume Costa; Baba, Salva Sevilla (Galarreta, 88'), Kang In Lee (Lago Junior, 58'), Dani Rodriguez; Amath (Angel, 88') eta Fer Niño (Abdon, 64').

Osasuna: Herrera; Areso (Vidal, 83'), Aridane (Unai Garcia 71'), David Garcia, Cote (Manu Sanchez, 81'); Moncayola, Brasanac, Oier, Javi Martinez, Iñigo Perez (Ruben Garcia, 70'); eta Chimy Avila (Kike Garcia, 70').

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.