Garraioa

Uber eta beste IGak ez dira ordu erdi lehenago eskatu beharko

Lehiaren Euskal Agintaritzari arrazoia eman diote, eta bide berean emaniko bigarren ebazpena da. Geolokalizazioa ere baimendu diete.

Bilboko taxilariek 2018ko greban egin zuten protestaldietako bat. LUIS TEJIDO / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko irailaren 27a
18:13
Entzun

Ibilgailu gidaridunak (IG) ez dira derrigorrez ordu erdi lehenago kontratatu beharko, eta zerbitzu hori ematen duten autoek geolokalizazioa piztuta eraman ahal izango dute bezeroek nondik dabiltzan jakin dezaten. EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Lehiaren Euskal Agintaritzari (LEA), eta indarrik gabe utzi ditu 2019an Eusko Jaurlaritzak garraio mota hori arautzeko onarturiko dekretuko bi arau. Bide berean emaniko bigarren ebazpena da, ekainaren 11n ere haien aurka agertu baitzen. Ordukoan Uber plataforma digitalak irabazi zuen auzia. Jaurlaritzak helegitea jarri dio ebazpen hari Auzitegi Gorenean.

Duela bi urteko taxiaren gatazka berriz ere piztea nahiko zaila dirudi, baina ez sektorearen haserrea. Duela hamarkada bat hasi ziren ugaritzen IG lizentziak Hego Euskal Herrian, 2015era arte liberalizatuta zegoen jardun bat baitzen. Gerora ezarri zuen Espainiako Gobernuak IG lizentzien ratioa: bat 30 taxiko, eta horrek giroa lasaitu zuen. Hala ere, 2018antentsio une handiak egon ziren IGetako gidarien eta lizentziadun taxilarien artean. Taxi gidariek hainbat mobilizazio egin zituzten eta grebara ere jo zuten.

Jaurlaritzak 2019an arautu zuen IGen jarduna, dekretu bidez. Oinarrian lau muga ezarri zizkien: ordu erdiko epearekin kontratatu behar dira telefonoz; ezin dute geolokalizazioa piztu —aplikazio bidezko sistemaren oinarrietako bat da—; kalean dabiltzala ezin dira gelditu; eta ezin dira kaleko toki finko batean geldirik egon. Ordukoan LEAk ohartarazi zuen arauen legezkotasunaren inguruko zalantzak zituela.

Orain, baina, Auzitegi Nagusiak arau horietako bi indargabetu ditu. Epaitegiaren arabera, zerbitzua ordu erdi lehenago kontratatu behar izateak «modu oso larrian» kaltetzen du IGek merkatuansartzeko duten aukera, haien lan gehienak hiri barnekoak eta motzak direlako, eta horiek «bat-batean» kontratatzen dira. Geolokalizazioa erabili ahal izatea ere abantaila handia da IGentzat; bezeroak, telefono aplikazio baten bitartez, ibilgailua non dagoen ikusi ahal izango duelako, eta horrela hobeto jakin ahalko du hari deitzea komeni zaion ala ez.

Ebazpena Luis Garrido epaileak idatzi du, besteak beste, Uberri arrazoia eman ziona, edo pandemia garaiko ostalaritzaren inguruko dekretuak indargabetu zituen bera da. Orain ikusi beharko da zein den taxilarien erantzuna. Egun 174 IG baimen daude Araba (108), Bizkaia (39) eta Gipuzkoan (27), eta beste 185 eskaera dauden zain —Nafarroan 37 baimen daude—. Gehienak liberalizatuta zegoen garaikoak dira, baina hala ere aldundiek beste 79 eskaera onartu dituzte azken bi urteetan.

1/30 ratioa, auzibidean
IG baimenen kopurua handitzea oso zaila da. Egun 1.229 taxi lizentzia daude Bizkaian, 654 Gipuzkoan eta 238 Araban, eta 1/30 ratioak ez du gehiagorako ematen. Dena den, Cabify plataforma digitala ratio hori berriz aztertu dadin eskatu zuen uztailean, Europako legea urratzen duelakoan. Espainiako Auzitegi Gorenak eskaera onartu zuen eta horretan dihardu. Aldatuko balu, orduan bai berpiztuko litzakeela gatazka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.