Futbola

Realak geraezin segitzen du

Talde txuri-urdinak 0-1 irabazi du Real Madrilen zelaian. Athletic ere nagusi izan da Valentziaren aurka (1-3). Punturik gabe itzuli dira etxera, berriz, Alaves eta Eibar. Atletico Madrilen (2-3) eta Levanteren aurka (5-0), galdu dute hurrenez hurren.

ainara arratibel gascon
2021eko irailaren 29a
22:14
Entzun

Realak une gozoan segitzen du. Natalia Arroyoren taldeak geraezin hasi du denboraldia, eta 0-1 irabazi du Real Madrilen zelaian. Nerea Eizagirrek sartu du penaltiz txuri-urdinen gola 38. minutuan. Lehen zatian nagusi izan da Reala, eta bigarrenean ondo eutsi die etxekoen erasoei. Jokatutako lau lehiak irabazi ditu Arroyoren taldeak. Txuri-urdinez gain, Bartzelonak eta Atletico Madrilek baino ez dute lortu hori.

Goiko postuetan kokatu da baita ere Athletic, etxetik kanpo lortutako azken bi garaipenei esker. Laugarren dago Iraia Iturregiren taldea. 1-3 azpiratu du Valentzia. Etxekoak jarri dira aurretik 25. minutuan. Baina zuri-gorriak gai izan dira partidaren azken txanpan neurketa iraultzeko. Yulemak bi gol egin ditu (38. eta 75. min.). Une onean dago aurrelaria, azken bi partidetan hiru gol sartu baititu. Beste gola Ane Azkonak lortu du 93.ean.

Partidarik galdu gabe zen Alaves. Igo berria izateko denboraldi hasiera bikaina arabarrentzat. Atletico Madrilek eten du, ordea, bolada on hori. Dena den, burua tente itzul daitezke etxera. Izan ere, madrildarren zelaian puntu bat urratzetik gertu egon dira. Izan ere, atzetik joan arren, Mikel Cresporenek bi aldiz berdindu dute norgehiagoka. Baina 75. minutuan Stefania Baniniren gol batek erabaki du lehia. Alavesen golak Marta San Adrianek (21. min.) eta Sara Carrillok (49. min.) sartu dituzte.

Belarrondokoa jaso duena Eibar izan da, 5-0 galdu baitu Levanteren kontra. Ana Junyenten jokalariek lehen zati ona egin dute, partida ondo irakurriz. Aukeraren bat ere izan dute gola egiteko. Baina ez da hala izan. 0-0 joan dira aldageletara. Bigarrenean, ordea, Levantek bi gol sartu ditu ia segidan, eta hor erabaki da partida. Etxekoek beste bi egin dituzte gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.