Energia

Gasaren tarifa garestiagoak sartu dira indarrean

%0,91, %4,4 eta %10,6 igoko dira kontratatu daitezkeen hiru hornidura motak. Espainiako Gobernuak esku hartu ondoren apaldu da igoera, garestitze askoz handiagoa izan baita berez handizkako merkatuan.

Sukalde profesional batean janaria prestatzen, gas bidezko suarekin. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2021eko urriaren 1a
09:46
Entzun

Nazioarteko merkatuetan gasak izan duen garestitze handiaren ondorioak apaltzeko neurriak hartu ditu Madrilgo gobernuak, eta ostiraletik %0,91, %4,4 eta %10,6 igoko dira kontratatu daitezkeen hiru hornidura motak. Esku hartu izan ez balu, hiru hornidura mota horietan (TUR1, TUR2 eta TUR3) prezioak askoz gehiago igoko ziren, %25,8, %36,1 eta %47,6 hain zuzen. Lehen tarifa da janaria prestatzeko eta ura berotzeko erabiltzen dena; bigarrenarekin, berogailuak ere gasaren bidez berotzen dira; eta hirugarrena enpresentzat da, ekoizpenean gas kantitate handia erabiltzen den industrian.

Dena den, garestitze handia apaltzea ahalbidetu duen neurria behin-behinekoa da, 2021eko azken hiruhilekorako eta 2022ko lehenerako. Ostera, garestitze osoa pairatu beharko dute kontsumitzaileek, baina gasaren prezioa merkeagoa denean handizkako merkatuan. Atzo, 82,8 euroan zegoen megawatt-ordua, duela urtebete baino zortzi aldiz garestiago.

Horrez gain, gaur bertan sartu da indarrean gasaren horniduraren araberako sailkatze berria. Hiru mota ez, lau izango dira aurrerantzean kontsumitzaileak egiten duen gas eskaeraren araberako hornidurak. CNMC arautzaileak erabaki duenez, 5.000 kilowatt-ordu baino kontsumo apalagoentzat izango da lehena, TUR.RL1 gisa sailkatu dutena. 5.000 eta 15.000 kilowatt arteko kontsumoa TUR.RL2 motakoa izango da; 15.000 eta 50.000 artekoa, TUR.RL3 tarifa izango da; eta laugarren tarifak 50.000 eta 300.000 kilowattt arteko kontsumoa arautuko du. Gas fakturaren zati finkoa igo egingo du sistema berriak, baina %25 arteko aurreztea ahalbidetuko die kontsumitzaile txikiei, CNMCren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.