320.000 euro ordainduko dizkio Osasunbideak guraso batzuei, 1993an bi haur jaioberri aldatzeagatik

2015ean jabetu ziren aldaketaz. Osansunbideak erabaki du helegiterik ez aurkeztea, eragindako mina ez handitzeko.

Anbulantzia bat, Iruñeko ospitale baten aurrean. IÑIGO URIZ, FOKU
jon ordonez garmendia
2021eko urriaren 2a
12:34
Entzun

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ez diola helegiterik jarriko 1993an Nafarroako Ospitalean bi haur jaio berri aldatzeagatik ezarri dioten kalte ordainari, eta, ondorioz, 320.000 euro ordaindu beharko dizkio haur horietako baten gurasoei. Azpimarratu du, gainera, gaur egungo protokoloekin "praktikan" ezinezkoa litzatekeela horrelakorik gertatzea, baina indartu egingo dituela haur jaioberriak identifikatzeko kontrolak.

Haurren aldaketa 1993an gertatu zen, baina salaketa jarri zuen familia ez zen horretaz jabetu 2015era arte: proba batzuetan ohartu ziren ez zegoela lotura biologikorik guraso horien eta legez euren semea edo alaba denaren artean. Gertatutakoa ikertzeko prozesu administratiboa abiatu zuten 2016ean bi familiek, eta horietako batek prozesu judizial batera jo zuen.

Familiak 1.750.000 euroko kalte ordaina eskatzen zuen, baina epaileak 320.000 euroan utzi du. Ebazpenean adierazi du geratutakoak ondorio psikologikoak izan dituela salatzaileengan, baina administrazioak gertatu zena argitzen lagundu duela, eta horrek kaltetutakoen egoera "arindu" duela. Nafarroako Gobernuak adierazi du ez duela helegiterik aurkeztuko, haien mina ez handitzeko edo luzatzeko.

Prozesu judizialean, Osasunbideak argudiatu du ez dagoela frogatuta haur jaioberriak nahastea ospitaleko langileen ardura denik, baina epaileak ebatzi zuen ez dagoela beste aukerarik.

Osasunbideak azaldu du gaur egun erditzera doan emakume bati ospitalean sartzean pultsera bat jartzen zaiola bere izenarekin, eta erditze gelan amarentzat eta umearentzat pultsera bana eta zilbor hestea mozteko pintza batzuk dituen kutxa bat irekitzen dela. Haurra jaiotzean pintza eta pultsera jartzen dizkiote jaioberriari, eta gaineratu du elementu horiek guztiek kolore bat eta kode bat dutela.

Ama eta haurra ez direla banatzen eta logelara elkarrekin igotzen dituztela ere azaldu du Osasunbideak, betiere, haien osasunak horretarako modua ematen duen bitartean.

Edonola ere, datorren urteko lehen hiruhilekoan, segurtasuna bermatze aldera, "oraindik eta fidagarriagoa den sistema bat" jarriko du martxan: haurraren zilbor hestetik odol tanta bat hartuko dute, lehortu eta urte batzuk gordeko dute, froga gisara. Sistema horrek haurraren eta amaren oinaren arrastoaren sistema ordezkatuko du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.