Lan gatazkak

Tubacexeko batzordeak akordioa sinatu du, eta langileak bihar itzuliko dira lanera

Espero baino babes handiagoa izan du azkenean, ELAk eta CCOOk ez ezik, sindikatu independenteko kideak ere bozkatu duelako alde. 06:00etan itzuliko dira lanera langileak, 236 eguneko greba amaituta.

Irune Lasa - Imanol Magro Eizmendi
2021eko urriaren 4a
11:06
Entzun 00:00:0000:00:00

Tubacexeko enpresa batzordeak ostiralean zuzendaritzarekin lotutako akordioa sinatu du gaur 14:00etan, eta langileek amaitutzat eman dute 236 egun iraun duen greba; bihar goizeko lan txandan hasiko dira berriro lanean. Azkenean, hamahirutik zortzi boto izan ditu alde akordioak, ELAkoek eta CCOOek ez ezik, sindikatu independenteko kideak ere sinatu baitu. ELAk eta CCOOk ostiralean egin zuten euren batzarretan hitzarmenerako oinarriaren alde. CCOOk Amurrioko eta Laudioko langile guztien artean bozkatzea eskatu zuen, baina ez dute hala egin azkenean.

Eusko Jaurlaritzaren bitartekaritzarekin iragan astean lortu zen akordioa, eta, ostiralean, batzordean ordezkaritza duten sindikatuetako langileek haren inguruan bozkatu zuten. Foro horietan, berrehundik gora eguneko greba bukarazten duen akordioa berretsi egin zen, nahiz eta STAT eta LABeko afiliatuak kontra azaldu.

CCOOren afiliatuek, aurreakordioa berretsi arren, nahi zuten haren inguruan langile guztiek bozkatzea, baina gaur goizean egindako bileran, enpresa batzordeko beste sindikatuek ez dute hori onartu. CCOOk adierazi du zuzendaritzarekin hitzartutako proposamena babesten duela, afiliazioaren aldeko jarrera duelako eta «gatazkari irteera traumatikorik gabeko irtenbidea» ematen diolako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.