Premiazko zerbitzu publikoetara baliabide gehiago bideratzeko eskatu du Aurrekontu Sozialak taldeak

Nafarroako aurrekontuei buruz erabakitzeko eztabaidak iragarri dituzte urriaren 13an eta 15ean, eta 16ko manifestazioan bat egiteko dei egin dute.

Aurrekontu Sozialak taldeak Iruñean egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ / FOKU
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 4a
17:22
Entzun

Hilabete bat falta da datorren urteko Nafarroako aurrekontua ixteko, eta Aurrekontu Sozialak taldeak eskatu du «gizarte premiak gastu lehentasuntzat» izatea, gaur Iruñeko Diputazioaren aurrean egindako elkarretaratzean. Beraz, zerbitzu publikoa «indartzeko» eta «blindatzeko» eskatu dute; hala nola osasuna, hezkuntza, zaintzak eta prestazio sozialak eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubideak. Horrez gain, aurrekontuei buruzko erabakietan parte hartzeko ekintzak iragarri dituzte.

2022ko aurrekontua %6 handiagoa izango da; hau da, 2021ean baino 262 miloi euro gehiago. «Oso kezkagarria da 692 milioi euroko zorra jaulkitzea», esan du June San Millan Aurrekontu Sozialak taldeko kideak. Horrez gain, zalantzan jarri du gobernuaren kudeaketa: «Nondik dator diru hori? Zertarako da? Non amaitzen da?».

Zenbait gaitan gobernuak adierazten duen «gelditasun» eta «estrategia eza» salatu dute taldeko kideek; esate baterako, zerga sisteman, «makroproiektu desarrollistetan» eta arlo pribatuaren finantzaketetan. Beraz «orain» entzunak izatea exijitzen dute.

Aurrekontuei buruz hartuko diren erabakietan parte hartzeko «beharra» azpimarratu du San Millanek, eta bi ekintza proposatu ditu; batetik, haien iritzia entzuteko Aurrekontu Sozialak orain lelopean, urriaren 18an, 18:00etan, autobus geltoki zaharretik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin du. Bestetik, urriaren 13an eta 15ean eztabaida eta bateratze jardunaldiak eginen dituztela iragarri du; bertan zenbait eragilek aurrekontuei buruzko proposamenak plazaratuko dituzte. Hitzaldi eta eztabaidak autobus geltoki zaharreko erabilera anitzeko gelan egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.