Argindarra

Argindarraren tarifak salatzeko, manifestazioa antolatu dute ostegunerako Bilbon

20:00etan abiatuko da, Iberdrola dorretik. Ekologistak Martxan taldeak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak deitu dute mobilizaziora.

Mobilizazioa aurkezteko gaur Bilbon eginiko agerraldia. EKOLOGISTAK MARTXAN
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 4a
17:52
Entzun

Ekologistak Martxan taldeak eta Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak argiaren tarifaren igoeren aurkako manifestazioa antolatu dute ostegunerako, Bilbon. Iberdrola dorretik abiatuko da, 19:00etan. Mobilizazioan parte hartzeko deia egiten diete inguruko herritar eta eragile guztiei. Besteak beste, ELA, LAB, CCOO, ESK eta Steilas sindikatuek bat egin dute.

Bilbon eginiko agerraldian deitzaileek nabarmendu dute elektrizitatearen eta beste energia batzuen prezioetan azken hilabeteetan izaten ari den igoera etengabeak «gizarte osoari» eragiten diola; nagusiki sektore ahulenei eta, bereziki, euren ardurapean haurrak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonak dituztenei.

Faktura energetikoa egiturazko pobreziaren oinarrietako bat dela azpimarratu dute. «Etxe batek fakturak ordaindu ezin dituenean, pilatu egiten dira. Horrela, bizitza duin bat garatzeko zailtasuna areagotuz doa, eta ezinezkoa bihurtzen da zorpetzearen eta prekaritatearen gurpiletik irtetea».

Salatu dute argindarraren fakturaren igoerari eusteko Espainiako Gobernuak hartu dituen neurriak ez direla nahikoak, prezioek egunetik egunera «marka historikoak ezartzen» jarraitzen dutelako. Haien ustez, «beharrezkoa da» gobernuek «benetako neurri eraginkorrak» hartzea «oligopolio elektrikoaren aurka».

Eskaerak

Horren harira, sistema elektrikoa «lehenbailehen publifikatzeko» urratsak eskatu dituzte, eta energiaren merkatuaren auditoria bat eta erreforma sakon bat egiteko, teknologia bakoitzak sortutako argindarra bere kostu errealengatik ordaindu dezaten kontsumitzaileek, eta ez, gaur egun bezala, handizkako merkatuetako enkanteetan ezarritako prezioetan.

Halaber, premiazkotzat jo dute gizarte talde batzuk pobrezia energetikotik babesteko neurri espezifikoak hartzea. Adibidez, fakturak ordaindu ezin dituztenei zuhurtasun printzipioa aplikatzea, hau da, enpresa hornitzaileak mozketa baten aurretik etxeko egoera sozioekonomikoa kontsultatzera behartzea eta, egoera ahulean egonez gero, hornidura bermatzea. Horrekin batera eskatu dute kontsumitzaile kalteberaren figura birdefinitzea eta tarifa sozialetarako sarbideak zabaltzea. Bide horretan Eusko Jaurlaritzak ere «neurri irmoak» har ditzakeela uste dute.

Komunikazioaren alorrean ere lan handia egin behar dela azpimarratu dute. «Garrantzitsua da familientzako formakuntza eta laguntza kanpainak egitea, kontratu energetikoak haien beharretara egokitu ditzaten, energia kontsumoa murrizteko eta independentzia handitzeko».

Eltze jotzea ostiralean

Ostegunean Bilbon egingo den manifestazioaz gain, protesta gehiago daude iragarrita aste honetarako. Ostiralean, etxeko argindarra deskonektatzeko deia egin dute, 22:00etatik 22:30era, eta ordu erdi horretan etxeko leiho eta balkoietara irteteko, eltze jotzea egiteko. Hego Euskal Herrian EH Bilduk deitu du protestara; Galizian eta Herrialde Katalanetan ere bat egingo dute, hango alderdi subiranistek bultzatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.