Greba intersindikala egin dute Ipar Euskal Herrian

CGT, FO, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek parte hartu dute protestan. Lan baldintza duinak eskatu dituzte, eta erretreten eta langabeziaren erreformak salatu.

Manifestazio intersindikala egin dute goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urriaren 5a
12:00
Entzun

Ehunka lagun bildu dira goizean Baionako karriketan. Ipar Euskal Herrian, greba eguna da gaurkoa, eta manifestazio intersindikala egin dute, Errepublika plazatik abiatuta. CGT, FO, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek deitu dute protestara: lan baldintza duinak eskatu dizkiote Frantziako Gobernuari, eta gogor salatu dituzte Emmanuel Macron Frantziako lehendariak plantan ezarritako bi erreforma: erretretena eta langabeziarena. Sektore pribatuko eta publikoko langileek egin dute bat deialdiarekin.

Sindikatuek erreforma horiek «berehala eta behin betiko» bertan behera uzteko eskatu diote Frantziako Gobernuari. «Prekaritatea etengabe emendatzen ari da; alta, langabeziaren erreforma abian da, eta horrek arazoa larriagotuko du», salatu dute. Izan ere, langabeziaren erreforma urriaren 1ean sartu zen indarrean; sindikatuek salatu dutenez, langabezia saria apaldu egin da langileentzat, eta saria jasotzen duten epea laburtu dute.

Bestalde, erretreten erreforma behin-behinean dilindan utzi zuen Frantziako Gobernuak, pandemiaren ondorioz. Macronek, ordea, iragan uztailean adierazi zuen kargualdia finitu aitzin aurrera eramanen zuela erretreten erreforma. «Frantziako Gobernuak eta patronalak erretreten arloan atzerapen sozial ikaragarri bat bultzatu nahi dute», intersindikalaren arabera.

Horiek horrela, lansarien «berehalako» emendatzea eskatu dute sindikatuek, eta zerbitzu publikoak indartzea. «Zerbitzu publikoen hestearen eta pribatizazioaren kontra atera gara kalera. Krisi sanitarioak argiki erakutsi digu zerbitzu publikoa indartzea ezinbestekoa dela», erran dute sindikatuek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.