Sare sozialak

«Kaixo literalki guztioi», eta sare sozialen etenaldiak utzitako hainbat mezu

Facebook, Instagram eta Whatsapp hainbat orduz etenda egon ziren atzo, eta Twitterreko erabiltzaile batzuek umorez hartu zuten gertakaria.

Instagram izan zen atzo iluntzean konexio arazoak izan zituen sare sozialetako bat. FILIP SINGER / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko urriaren 5a
16:19
Entzun

«Kaixo literalki guztioi». @Twitter kontuak horrela agurtu zuen bart sare soziala ia kolapsatzen ari zen erabiltzaile olatua. Ez da gauza erraza izango sare sozial baten kontu instituzionalean idaztea, eta are gutxiago han idatzitako mezu bat biral egitea. Atzo, ordea, ondo baliatu zuen unea kontu hori daramanak. Izan ere, 3.000 milioi erabiltzailek arazoak izan zituzten atzo 17:30etik gauerdira arte Facebook, Instagram eta Whatsapp erabiltzean, eta horrek nabarmen areagotu zuen Twitterreko erabiltzaile trafikoa.

Milaka erabiltzaile sakelakoarekin zer egin ez zekitela utzi zituen ia hegemonikoak diren sare sozial horien konexio galerak, eta beste batzuk normalean erabili ohi ez dituzten sare sozialetara eraman zituen. Esan bezala, erabiltzaileen trafikoa nabarmen areagotu zen Twitterren, baina ez han bakarrik: besteak beste, Telegramera jo zuten askok elkar komunikatu ahal izateko. Batek baino gehiagok kuadrillako taldea ere sortu zuen bart mezularitza zerbitzu horretan.

BERRIAren Telegram kanalak ere baliatu zuen unea bere buruari kantxa emateko: «Whatsapp moztuko didate, Facebook kenduko didate, Instagram itzaliko didate, baina nire Telegrameko kanalak iraunen du zutik», idatzi zuten bart han, Gabriel Arestiren Nire aitaren etxea poema baliatuz.

Twitterreko erabiltzaile askok ere umorez hartu zuten egoera, eta eztabaida sortu zen alternatiba gisa erabil zitezkeen aplikazioen inguruan. Marina Landak, adibidez, Telegramera pasatzeko erregutu zien bere lagunei, baina proposatu zituzten alternatiba gehiago ere. Adibidez, Tinder.

Dirudienez, izan zen mezularitza zerbitzuei uko egin eta beste sistema batzuk lehenetsi zituen jendea ere. Twitterren trending topic izatera heldu zen Bizum dirua bidaltzeko aplikazioa erabiltzeko aukera. Garesti aterako zitzaien batzuei...

Bestalde, BERRIAk Telegramen egin bezala, izan zen Twitterreko trafikoaren gorakada publizitatea egiteko baliatu zuenik ere. Tartean, etenaldirik izan ez zuen Egunean Behin aplikazioa.

Beste erabiltzaile batzuek, berriz, gogoan izan zituzten sare sozialen etenaldia igarri ere egin ez zuten pertsonak.

Azkenik, Instagrami, Facebooki, eta Whatsappi gertatu bezalako etenaldia desiratu diote batzuek gaur arratsaldean —agian, azkenekoz— bilduko den Labiri ere. Ea amaiera hori sare sozialek izan dutena baino luzeagoa den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.