Europako Batasuna

Von der Leyen: «Europako Batasunean nahi ditugu Mendebaldeko Balkanak»

EBk ez du egutegirik zehaztu. 3,3 bilioi euro bideratuko ditu Serbiara, Kosovora, Montenegrora, Ipar Mazedoniara, Albaniara eta Bosnia eta Herzegovinara

Ursula von der Leyen, gaur, goi bileran mintzatzen. IGOR KUPLJENIK / EFE
Igor Susaeta.
2021eko urriaren 6a
18:30
Entzun

EB Europako Batasuneko liderren esanetan, badute klubaren zabalkunde bat hauspotzeko intentzioa, eta horretarako Mendebaldeko Balkanetara begira ari dira aspalditik. 27 estatu kideetako agintari gorenek eta klubeko buruzagiek goi bilera bat egin dute gaur, Kranjen (Eslovenia), Serbiako, Montenegroko, Ipar Mazedoniako, Albaniako, Kosovoko eta Bosnia eta Herzegovinako gobernuetako ordezkariekin, eta gogorarazi diete batasunean nahi dituztela. «Europako Batasuna ez dago osorik, Mendebaldeko Balkanak ez badaude. Europako Batasunean nahi ditugu Mendebaldeko Balkanak; zalantzarik ez izan», adierazi du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak, bileraren ondoren Charles Michel Europar Kontseiluko presidenterekin eta Janez Jansa Esloveniako lehen ministroarekin egindako agerraldian. Hori bai, ez dute zehaztu bat-egite prozesuekin aurrera jarraitu ahal izateko egutegirik.

Baina, Bruselak zabalkundean interesa baduela argi utzi nahian, Von der Leyenek nabarmendu du onartu dutela, batetik, plan ekonomiko bat, inbertsio eta laguntzen bidez Mendebaldeko Balkanetako estatuetara 3,3 bilioi euro bideratzeko; bestetik, COVID-19aren aurkako txertoaren 3,3 milioi dosi eman dizkietela herrialde horiei; baita Balkanen eta EBren arteko telefono deietako roamingaren kostua murriztu asmo dutela ere.

Klubeko kide bihurtzeko, baldintza batzuk bete behar dira, eta horiek zerikusia dute, besteak beste, zuzenbide estatuarekin, giza eskubideen errespetuarekin, prentsa askatasunarekin eta neurri ekonomikoekin. EBn sartzeko arlo horietan erreformak egin behar dituztela oroitarazi zien Von der Leyenek sei estatuetako ordezkariei.
Kroazia izan zen kide bihurtu zen azkeneko estatua, 2013an; batasunak 2004an egin zuen azkeneko zabalkunde handia, Txekiar Errepublika, Zipre, Eslovakia, Eslovenia, Estonia, Hungaria, Letonia, Lituania, Malta eta Polonia batera sartu zirenean.

Mendebaldeko Balkanetako estatuei dagokienez —Jugoslavia ohiaren mende egondako lurraldeak dira, Albania izan ezik—, bat-egiteko prozesuan emandako pausoak aintzat hartuz gero bada alderik haien artean. Montenegrok eta Serbiak, esaterako, estatu hautagaiaren estatusa dute eta sarrera negoziatzen ari dira aspalditik. Albaniak eta Ipar Mazedoniak ere estatus hori bera dute, baina oraindik ez dituzte negoziazioak hasi Bruselarekin. «EBk bere konpromisoak bete nahi ditu; bereziki, Ipar Mazedoniarekin eta Albaniarekin hasi ez diren negoziazioei dagokienez», azaldu du Von der Leyenek. Ipar Mazedoniaren kasuan, Bulgaria estatu kidea prozesua blokeatzen ari da, biek historikoki izandako arazo diplomatikoengatik. Bosnia eta Herzegovinak hautagai estatusa ere ez du, eta EBko bost bazkidek ez dute aitortzen Kosovoren independentzia, 2008an lortutakoa; Espainia da horietako bat.

Eta, bien bitartean, Txina eta Errusia kasurako, Mendebaldeko Balkanetan duten eragina eta presentzia handitzen ari dira, batez ere inbertsio handiak eginez.

Kritikak zabalkunde buruari
Politico egunkari digitalak Europako Batzordearen iturri zein dokumentu ofizialak aipatuz kaleratutako informazioaren arabera, hautagaiak baloratzerakoan Oliver Varhelyi batzordeko zabalkunde komisarioak garrantzia kendu nahi die zuzenbide estatuaren eta giza eskubideen auziei. Informazioak dio, gainera, bereziki Serbiaren hautagaitza hauspotu nahi duela. Hungariak proposatuta da komisarioa Varhelyi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.